Euskaldun zaharren saria

Ikasteko gogo handia erakusten dute ostegunero Zarautzen biltzen diren mintzakideek. Txantxa eta algarak tartekatuz, ordubetez aritzen dira euskaraz.

Jesus Mari Gabilondo, Rafa Puyol, Ester Alonso, Karmen Zubikarai eta Susanne Hector Brunnert. ADRIAN GARCIA.
2011ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Ostegunero elkartzen dira ordubetez euskaraz mintzatzeko Jesus Mari Gabilondo, Rafael Puyol, Ester Alonso, Karmen Zubikarai eta Susanne Hector Brunnert, Zarauzko Bordatxo tabernan (Gipuzkoa).

Gabilondo mintzakide egitasmoan parte hartzen duen hirugarren urtea da. Haren mintzakide euskaldun berriek erakusten duten ilusioa eta esfortzuak mugiarazi du zarauztarra. Ostegunero, Zarautzen duen denda emaztearen esku utzi, eta bere mintzakideekin biltzen da: «Ikasten ari direnen ahaleginak sari bat merezi du euskaldun zahar garenon partetik».

Taberna lasaia da Bordatxo, musika oso ozen jartzen ez duten horietakoa, aproposa solasaldietarako. Hizketagai ugari eduki ohi dituzte, edozein gai baita euskaraz aritzeko aitzakia ona. Nabaria da giro ona taldean. Txantxa eta algara ugari izaten dira. Aurreko astean, ohiko topalekua elkarte gastronomikoarengatik ordezkatu zuten; eta bapo afaldu ondoren, afaloste luzeaz gozatu zuten, betiere euskaraz.

Euskaltegian baino hobeto

Euskaltegian baino gusturago ikasten dutela aitortu dute, modu lasaian eta edozein gairi buruz hitz egiteko elkartzen baitira, eta ez aditzak eta ez deklinabideak errepasatzeko. Jesus Mari Gabilondorekin elkartzen direnetik asko hobetu dutela adierazi dute, haren «pazientzia» goraipatuz.

Puyolek, Alonsok eta Hector Brunnertek bigarren urtea dute Gabilondorekin. Erretiroa hartuta dago Puyol, eta gaztetan ikasitako euskara berreskuratu nahi du. «Euskaraz pentsatzen saiatzen naiz, eta noizean behin euskaraz egiten dut amets», aitortu du. EGA ateratzeko helburua jarri dio bere buruari.

Alonsok euskarazko A ereduan ikasi zuen, eta etxean ez zuen mintzatzeko aukerarik, gurasoek ez baitute hitz egiten. Hiru seme-alaba ditu, eta horiekin euskaraz egiteko parada baliatzen du orain.

Alemaniako Bernkastel hirian jaio zen Hector Brunert, baina aspaldian da Euskal Herrian; 21 urte dira jada. Presarik gabe eta hitzak ondo aukeratuz aritzen da, aitortu baino maila hobea duela erakutsiz. Hizkuntzetarako erraztasuna du inondik ere: euskaratik aparte hiru hizkuntza menperatzen ditu, baina zailena euskara dela ez du zalantzarik.

Karmen Zubikarai euskaldun zaharra da, baina bost urte zituela barnetegi eskolan sartu eta «kristianoz» bakarrik hitz egiten uzten zioten. «Barruan dudana ateratzeko etortzen naiz, euskara ez galtzeko», esan du. Etxean seme-alabak euskaraz hitz egitera behartzen ditu. «Euskaraz haserretzeko gai naiz, baina biraoak botatzen hasten naizenean gaztelaniara pasatu behar dut», aitortu du.

Euskara ikasteko jartzen duten grina frustrazio bilakatzen zaie askotan, euskaraz lehenengo hitza egin eta gaztelaniaz erantzuten diotenean. «Tristea da gu euskaraz egiten saiatzea eta tren geltokian edo ospitaleko erizainek guri erantzuten ez jakitea», azaldu du Zubikaraik.

Jendaurrean hanka sartzeko beldurra izaten dutela aitortu dute. Beldurrak uxatu eta lotsari aurre egiteko aholkuak botatzen dizkie orduan Gabilondok: «Okerrena isilik geratzea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.