Jose Inazio Basterretxea. EITBko administrazio kontseiluko behin-behineko presidentea

«Euskaldunak ez du bere burua identifikatzen ETBn»

Aralarren ordezkaria da Basterretxea EITBko administrazio kontseiluan. Martxoaren amaiera arte presidente kargua beteko du.

urtzi urkizu
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Informazio zientzietan doktorea, idazlea eta EHUko irakaslea da Jose Inazio Basterretxea (Galdakao, Bizkaia, 1959). Kazetari lanetan ere aritu izan da, besteak beste, Bilboko Herri Irratian, Egin-en eta EITBn.

Interneten kanpaina bat jarri dute martxan ETBn euskaldunei erdaraz eginaraz ez diezaieten.

Nik sinatu dut, erabat konbentzituta bainago horrek horrela beharko lukeela. Bingen Zupiriaren garaian antzeko sinadura bilketa bat antolatu zen, baina erantzuna ez zen euskaldunak pozteko modukoa izan. Espero dezagun gauzak orain beste modu batean ateratzea.

Alberto Suriok kargua hartu zuenean esan zuen ETB1 katean aurrekontu eta indar handiagoa jarriko zutela. Katearen bataz besteko kuota %1,8ra jaitsi da, ordea. Nola ikusten duzu ETB1eko egoera?

ETB1en egoera ez da euskaldunok nahi genukeena. Ez nuke apartatuko ETBk bizi duen krisi orokorretik. Ikuslegoa galdu dute ETB1ek eta ETB2k. Bestetik, albistegietan ez du maila ematen, eta zerbitzu publikoa kaltetua da. Zuzendaritzak txosten bat enkargatu zuen ETB1en diagnosia egiteko, eta diagnosia interesgarria izan zen.

Egun batzuk barru euskarazko telebista bultzatzeko aholku batzordeak lehen bilera egingo du. Lagundu al dezake batzorde horrek?

Lagundu dezake, eta asko. Izan ere, ETB1en diseinua zaharkituta gelditu da. Programazioa lekuz kanpo dago, eta ez du asmatzen euskaldunekin konektatzen. Marrazki bizidunak ETB3ra eraman ditu. Eta dauden saioek ez dute lortzen ikusleen fideltasunik. Aholku batzorde batek aholkuak eman ditzake, eta zuzendaritzak aintzat hartu beharko ditu.

ETB1ek bost orduko magazin bat jarri du martxan, baina baliabide gutxiago ditu ETB2ko arratsaldeko magazinak baino.

Ez dago gauzak ganoraz egiterik. Proiektuek bere tenpusa eta bere aurrekontua behar dute. Kasu honetan dirurik ez dago. Aurkezleek atzea hutsik dute. Baliabideak jartzen dira edo ez dago sinesterik krisia gainditu nahi denik.

Politika gaiei helduta, duela egun batzuk argitaratu zen ikerketa baten arabera, Teleberri-ko politika adierazpenen %75a PSE, PSOE eta PPrenak dira. Kontrol politikoa ez al doa urrunegi?

Kontrol politikoa behar da, baina hainbestekoa ez. Gaixotasun historikoa da ETBk beti lotura handiegia duelaunean dagoen Eusko Jaurlaritzarekin. Profesionalei ez zaie tartea behar bezala uzten. Politikarientzat ETB jostailu propio bat izan da. Telebistaren inguruan fede hori onartzen ez dutenen artean diaspora handi bat sortzen du. Nire iritziz, telebista publikoek guzti hori baino irekiagoak izan behar dute.

Radio Euskadin Rufi Etxeberria elkarrizketatu zuten abenduaren 16an. Baina ordutik EITBn ez dute ezker abertzaleko ordezkaririk elkarrizketatu. Beto hori onargarria al da?

Bizitza publikoan betoak ez dira demokratikoak. Komunikazioaren bizitzan are gutxiago. Zerbitzu publikoa den heinean, EITBk denentzako tokia egin behar du. Zentzuz kanpokoa da betoa, eta herritarrari egiten zaion bahiketa bat. Ez du zentzurik, eta ez da profesionala.

Aralarrek berriki proposatu du ETBk ararteko finkoa izatea. Halako figura batek eraginik izango al luke?

Horrelako figura bat egonkortzeak feed-back bat ekar dezake gizartearekin. ETBk baditu gabezia gehiago. Esate baterako, erredakzioan bertan ez dago kazetarien estatuturik. Estilo liburu argirik ere ez dago. Printzipioz, udaberri honetarako iragarri zituzten, baina gauzak geldiarazita daude. Gure telebistak adostasun sozial bat behar du, eta berreskuratu behar du herri honekiko konfiantza. Gaur egun ETB ez da sinesgarria Euskal Herriarentzat. Euskaldunak ez du bere burua identifikatzen ETBn.

Administrazio kontseiluko azken bileran oposaketen afera izan zen mahai gainean. Nola dago kontu hori?

Bi froga egin dira, eta lehena errekurritu da. 70 lagunek inpugnatu zuten. Orain beste inpugnazio bat sartu dute langileen ordezkariek, 18 galderen ingurukoa hain zuzen. Gaia korapilatua da. Nire susmoa da gauzak ez direla ondo egin. Eta EITBk guztiz fina eta gardena izan behar du eskaintza publikoan.

Ramon Jauregik iragarri du Espainia mailan ikus-entzunezko kontseilu bat sortuko dutela aurten. EAErako beharrezkoa al da horrelako kontseilu bat?

Bai, beharrezkoa da. EITBren barruan ez dago horri buruzko eztabaida arauturik. Kontseilua antolatzeko, dena den, ez litzateke bakarrik ETBren jarduna arautu behar, telebista gehiago baitaude. Kataluniako kontseilua ezagutzen dut, eta asko laguntzen du ikus-entzunezkoen kudeaketan eta kateek gizarteari zor dioten zerbitzu publikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.