Azken bizpahiru urteetan euskara praktikatzeko Mintzalaguna moduko egitasmoek Araban hartu duten indarra dela eta, Arabako lehen Mintza Eguna antolatu dute Gasteizen. Lehendik ere lau ekitaldi egin dituzte, baina larunbatekoa jaiaren lehen ekitaldia izango da lurralde osoko hiztunak aintzat hartuko dituena.
800 arabar baino gehiago dira, Gasteizen bertan, 540 pertsona inguru, astero, lauzpabost lagunekin elkartzen direnak euskaraz hitz egiteko. Euskaldunak euskaldunekin euskaraz hitz eginez,harremanen sarea pixkanaka ehuntzen doa Araban, eta ehuntze horren lekuko izango da bihar Gasteizko hiria.
10:30ean, Arabako herrietako eta kuadriletako mintzalagunei ongietorria eginez hasiko dute jaia Montehermoson. Jarraian, Atzo, gaur eta biharko Gasteiz euskalduna ibilbide gidatua antolatu dute Topagunea euskara elkarteen federazioak eta Geu elkarteak, kultura, irakaskuntza, herri mugimendu, helduen euskalduntze eta hiriko historian ezagutza handia duten hogei bat euskaldunen ekarpenekin. Ibilbide didaktikoa baliagarria suertatuko da euskarak Gasteizen izan duen, gaur egun duen eta etorkizunean izango duen garrantziaz ohartzeko.
12:30ean, Araba Kantuz-en txanda izango da, eta kantuzale taldeak bilduko dira. 14:30ean, Odon Apraiz Ikastolako pilotalekuan, hogei euroren truke, herri bazkariaz gozatzeko aukera izango da.
Arratsaldean, berriz, 16:30 aldera, Mintzalagun egitasmoan aritzen direnek, euren sorkuntza artistikoa plazaratuko dute, performance eta esketx batzuen erakustaldi laburrak egingo baitituzte. Sormenaren tartearen atzetik, Azido Folkloriko taldeak kontzertua emango du, eta, eguna jai giroan amaitzeko, kaleak zeharkatuko dituzte triki-kantu kalejiran.
EGITARAUA
Non. Gasteizen.
Zer. Larunbatean, 10:30ean, ongietorria, Montehermoson.
11:00etan, ibilbide gidatua.
12:30ean, Kantuzaleen topaketa: Araba Kantuz.
14:30ean, herri bazkaria,Odon Apraiz ikastolan.
Mintza esketxak sorkuntza artistikoko erakustaldiak.
17:00etan, Azido Folklorikoeta kalejira.
Asteburuko proposamenak
Euskaldunekin euskaraz
Gasteiz Arabako Mintza Eguna antolatu dute larunbatean, mintzalagunen harremanak sendotzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu