Euskalduntasunaren aldarri izan da aurten ere Nafarroaren Eguna

Duela bost mende indarrez galdutako burujabetza izan da Nafarroaren Eguneko aipamen nagusia

Dantzariek eta erraldoiek kolorez bete zuten goizean Baigorriko elizako plazan egindako ekitaldia. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baigorri
2012ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Joan den igandean Baigorriko karrikak abertzaletasunaren aldarri bihurtu ziren Nafarroaren Egunaren karietara. Iaz Aberri Eguna bertan egin ondoren, aurtengo ekitaldia betikora itzultzea zuten erronka: nafarren bilgune izatera. Egutegiaren errutinak, aldiz, erronka saihetsezina zuen aurten. 1512an Gaztelak armen indarren hartu zuen Nafarroa, eta hari burujabetasuna kendu. «Bostehun urteren buruan, hemen gaude, nafarrek goraki errateko ez gintuztela osoki meneratu», erran zuten antolatzaileek goizeko ekitaldiaren hasieran.

Nafarroaren Eguna ez da hitzaldi luze eta sakonen eguna, herritarren eta euskal kulturaren besta xume bat baizik. Xumea herritarren borondatetik eraikia dagoelako. Dantzak, kantuak eta musikak hartzen dute karrika. Eta aurten ere horrela izan da. Eguerdia baino lehen abiatu zen desfilea, frontoiko plazatik elizako plazara. Musikak eta dantzak eraman zituen jendeak bertaraino. Ohi bezala, bertan egin zen goizeko ekitaldi nagusia; aurten, txalaparta doinuekin.

Lege zaharrean, bertsolariek balkoitik balkoira egin zuten saioa, eta gazteei paregabeko giroan kantatzeko parada eman. Emeki-emeki heldu ziren plazara Baigorri-Amikuze eta Irurtzungo erraldoiak. Dantza zirimolen zaindari, plaza eta bide ertzetik zaintzen zuten ekitaldia. Haien ondoan, aurten, Xalbador eta Mattin bertsolari ospetsuen pertsonaia erraldoiak. Bertsolarien segida hartu zuten dantzariek.Tuterako paloteadoek etaBaigorriko dantzariek eskaini zuten goizeko dantza ikuskizuna. Horiek bukatzean, mukuru betea zegoen plazan, bestaren antolatzaile Basaizea elkarteak hartu zuen hitza, jendearen parte hartzea eskertzeko. Urtero bezala, herritarren dantza jauziak izan ziren ondoren, eta ohiturari jarraikiz, larrain dantza eginez bukatu zen goiko plazako ekitaldia goizean.

Anartean, artisauen lanak ikusteko eta erosteko parada ukan zuten elizako plazan bildutakoek. Zizel lanak, harrian egindako ordulariak, makilak, pilotak, musika tresnak... Ondoan, eskuz egindako taloak eta txistorra dastatzeko parada.

Goizean hodei beltzek ortzia estaltzen zuten aldiro, baina euriaren mehatxua erakutsi baino ez zuten egin. Aldiz, usaian autoak uzteko baliatzen ziren pentzeak urez gainezka zeuden, eta bertan autorik ez sartzea deliberatu zuen antolatzaileek. Goizean goizetik, autoak errepide bazterrean uzteko eskatzen zieten jendeei. Eguerdirako, Eiheralderaino heltzen ziren auto lerroak.

Presoak gogoan

Elizako ekitaldia bururatu bezain laster, presoen aldeko manifestazio bat abiatu zen elizako plazatik pilota plazaraino. Jende ugarik hartu zuen parte manifestazioan. «Zirrara batek hartu nau, aspaldian ez ditugu ikusten presoen argazkiak karrikan, eta begira hasi naiz nondik agertuko zen polizia», erran zuen bizkaitar batek. Baina Nafarroa Beherean presente egon ziren presoak, bai argazkietan, bai konponbide politikoa eskatzen zuten banderoletan.

Manifestazioa bukatu eta gutxira agertu ziren eguneko lehen euri tantak. Baina bazkaltzeko tenorea zen ordurako. Ohi bezala, ibarreko ikastolek prestatu zuten bazkaria. Eta, ohi bezala, giroa eta kantua izan zen falta izan bazkaritan. Animazioa ere ez zen falta, eta bertan aritu ziren Erramun Martikorena eta Maitena Monaco kantuan. Bertsolariak ere aritu ziren, eta kafearen tenorean, Kuxkuxtu txarangaren doinuek kantuan eta dantzan ezarri zituzten jendeak.

Baina Nafarroaren Egunak ezaugarri bat badu, besta karrika eta txoko guztietara zabaltzea da. Frontoian ESAITek kirol animazioa egin zuen. Bertzeak bertze, sokatira. Ezagunak izan edo ez, taldetxoak osatu zituzten, eta zein gehiagokari ekin. Giroa bermaturik zegoen.

Arratsaldeko bostetan hasi zen dantza eta kantu ikusgarria, frontoiko plazan. Bertan aritu zirenAmaren Alabak Zuberoako taldea, Iruñeko Hortzadar taldea eta Beasaingo dantza taldea. Goizean bezala, plazako ekitaldia dantza jauziekin eta larrain dantzarekin bukatu zen. Ondoren,kontzertua egon zen plazan, Obaneuke eta Laket taldeekin.

Goiko gunean ere kontzertuak izan ziren arratsalde partean. Soinu elektrikoagoak proposatu zituzten bertan. Egurra eta Kitto taldeak jo zuen arratsaldeko lehen kontzertua, eta haien ondotik jo zuten Skatu, Trikidantz eta Txamps taldeek. Kiki Bordatxok dantzaldia egin zuen ondoren. Egitarau ofiziala bukatu ondoren, bestak luze jo zuen antolatzaileek prestatu zituzten oihalezko babesen azpian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.