Baionako bestak. Potreta. Laida Mujika. Kontseiluko kidea

«Euskara aldetik, beharbada, bada hobekuntza; baina ez da nabari»

Euskaraz Bai taldea lanean ari da bestetan euskararen lekua handiagoa izan dadin. Leon erregea, aurten ere, ez da euskaraz iratzarri.

JOANES ETXEBARRIA.
Joanes Etxebarria.
Baiona
2012ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Baionako besten aurtengo egitarauak bi aldaera baditu: bata euskaraz eta bestea frantsesez. Atzerapausoa dela dio Kontseiluko kide Laida Mujikak, kanpotik etorri bestazaleek ez dutelako hemengo hizkuntzaren berri ukanen. Hainbat urrats egin nahi ditu Euskaraz Bai taldeak, egoera hori alda dadin urtez urte.

Oro har, euskarak nolako presentzia du Baionako bestetan?

Atzematen dugu presentzia eskasa badela; beraz, horregatik, aurrera eraman dugu egitasmo hau. Ez Kontseiluak berak, baizik eta Baionako Euskaraz Bai taldeak. Herrietan sortzen dira talde batzuk, banakoz eta elkartez osatuak, eta, beraz, lehen lanketa bat proposatu zuten: Baionako bestetan eragitea.

Aipatu duzun ekimen hori Leon erregea euskaraz iratzarraraztea da?

Hori da. Pentsatu genuen hartuko genuela momentu garrantzitsu bat bestetan, eta haurrekin lotua. Leon erregearen iratzartzea gauza garrantzitsua da ostegunean, haurren egunean. Pentsatu genuen, 12 arte kontatzen dutelarik, errazena zela hori euskaraz egitea. Haur anitz badira, guraso anitz badira; beraz, ikusten dute eskolatik kanpo euskara badela...

Baina ezezkoa eman dizuete.

Herriko etxeari aipatu genion, elkarlana nahi genuelako haiekin. Euskara teknikariari aipatu genion; erran zigun aipatuko zuela baina berandu zela. Iduriz, gauzak lotuak dira aitzinetik; beraz,zaila ikusten zuten aurten egitea. Baina, printzipioz, ongi ikusten zuten; beraz, ikusiko ondoko urteetarako. Guk erabaki dugu gure aldetik egitea eta saiatzea jendea animatzen hori egiteko.

Nola joan da egitasmoa?

Megafonia arazo bat ukan genuen. Beharbada, izan ziren euskaraz oihukatu zutenak, baina ez zen entzuten hainbeste jenderen artean. Heldu den urterako hobeto landuko dugu.

Besten hasierako bertsoa, Leon erregea... Azkenean, Baionako bestetan euskara sarrarazteko gauza sinbolikoetatik pasatu behar da?

Uste dut biak uztartu behar direla: gauza sinbolikoak eta eguneroko biziko gauzak: euskara agertzea, espazioak euskalduntzea,eta holako gauzak. Horregatik,ostalariei begira egin dugu beste jarduera bat. Baionan zer egiten da anitz? Ostatuetan egon. Beraz,egin dugu lexiko bat euskarazko oinarrizko hitzekin, jendeari gogorarazteko badela hizkuntza bat, eta euskara dakitenek pentsa dezaten euskara erabiltzea garagardo bat eskatzen dutelarik. Lexiko horiek biziki harrera ona ukan dute, anitz eskatu dizkigute, eta oraintxe ostatu batzuetatik pasatu naiz, eta denek fitxatua dute. Agian, jendea jokoan sartzea zailagoa da, baina uste dut lehen urrats bat dela aurtengoa.

Baionak euskara teknikari bat badu. Sumatzen da horrek hobetzen duela euskarari ematen zaion lekua?

Ez dakit; beharbada, bada hobekuntza, baina ez da nabari. Uste dut herriko etxeari leporatzen ahal zaiola, halaber, komunikazio falta euskarari dagokionez. Adibidez, haurren egunean, haurren txokoan badira gauzak euskaraz egiten direnak, baina euskaldunok ere ez dakigu. Zaila da leku horietara joatea. Gero, uste dut beste leku batzuetan atzerapausoak ere badirela; adibidez, lehenago egitaraua ele bitan egiten zen; orain, egin dute bat frantsesez eta beste bat euskaraz. Erran nahi du batzuek ez dutela sekula euskara ikusiko egitarauan. Aitzinapausoak baldin badira, txikiak dira, eta ez dira ikusten. Uste dut badela lana egiteko, eta gu horregatik sartu gara harremanetan haiekin, nahi ditugulako lagundu baionar gisa.

Eta herriko etxeak borondaterik agertzen ote du elkarlan horretarako?

Gu harremanetan sartu ginen euskara teknikariarekin, eta hura kontent zen. Erran zigun hautetsiei aipatuko ziela gure proposamena; baina herriko etxearekin, zuzenean, ez dugu harremanik ukan.

Beste lan ardatzik ba ote duzue beste arlo batzuentzat?

Oraindik ez dugu gogoetatu. Jadanik, Baionako bestentzat hau egin dugu. Gero, urte osoko lana da Euskaraz Bai taldeak eramaten duena; irailean ikusiko dugu urte osoan zehazki zer lan eramanen dugun. Hurrengo urtean helburu bat izanen da, nire ustez, aurten egin duguna hobetzea; hau da herriko etxearekin lantzea Leon erregearena; beharbada, kantua ere euskarara itzultzea, eta, hola, arrakastatsua den kantu hori bi hizkuntzetan izatea... Baina, oraingoz, ez gara oraino hurrengo urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.