Bilboko Aste Nagusia. Gure txokotik

Euskara eta jai eredua

Bilboko Hamaika telebistako kideek jaso dute Euskara Saria Euskalgunean urtero egiten den bazkarian

Nagore Uriarte eta Ane Azkue makila jasotzen, Hau Pittu Hau konpartsako kideek emana. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2011ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Euskararen normalizazioaren alde egindako lana aitortzeko asmoz, eta «konpartsen jai eredua arrotz ez» zaielako, Hau Pittu Hau konpartsak Hamaika telebistari eman dio aurtengo Euskara Saria. Urtero, Aste Nagusiko astelehenean, Euskalgunea osatzen duten konpartsek —Hor Dago Abante, Hau Pittu Hau, Eguzkizale eta Txori Barrote— elkarrekin bazkaltzen dute, eta 2003az geroztik kafearekin batera banatzen dute saria. Atzo, Ane Azkue eta Nagore Uriarte kazetariek hartu zuten makila Hamaikako lantalde osoaren izenean.

Lau konpartsetako dozenaka kide elkartu ziren otorduan. Sargoriari beldurrik izan gabe bazkaldu zuten, aldarte onean. Kamera aurrean agertzera ohituta egon arren, hainbeste begi haiengan iltzatuta egoteagatik lotsatuta eskertu zuten saria.

Azkuek gogorarazi zuen Lantalde txikia dutela eta eguneroko lanean kolaboratzaile askoren beharra dutela, haiek ere sariaren jasotzaile bihurtuz. Komunikabide gaztea saritzea azpimarratu zuen Uriartek: «Oraindik jende askok ez du Hamaika ezagutzen; hori errealitate bat da. Sariak erakusten du apurka-apurka jendea badoala gure lana ezagutzen, baloratzen eta gure alde egiten, euskararen alde egiten».

Iaztik Aste Nagusiak irauten duen bitartean egunero bi orduko saioa egiten dute zuzenean, jaietako giroaren berri emateko. «Sekulako erronka da horrelako zerbait egitea, eta lan hori baloratu eta aitortu izana kristona da», zioen Azkuek. Biek ala biek onartzen dute Bilbon euskaraz lan egitea oraindik ere ez dela erreza, baina Aste Nagusian gutxiago kostatzen zaie: «Jai giroan gaudenez, jendea animatuago dago. Eta ez dut esan nahi Bilbon ez denik euskaraz egiten, baina nabaritzen da kanpotik jende gehiago datorrela».

Bigarrenez plantoa

Bihar, Euskalgunean ez da jairik egongo, ezta txosnagune osoan ere. Bilboko konpartsek bigarren urtez planto egitea erabaki dute. Festaren ordez aldarrikapenari lotutako hainbat ekimen antolatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.