Iazko udaberrian sortu zuten IrriHerri elkartea, Gesalatz ibarrean eta Lizarrako merindadean. Abartzuza, Oteitza, Villatuerta, Lezaun, Gesalatz, Deierri eta Jaitz herrietako euskaltzaleak biltzen ditu elkarteak, eta azken herri horretan egingo dute bihar Euskararen Eguna. Egun osoko aldarrikapen festa izango da, eta hizkuntzaren egoeraren inguruan herritar askok duten prestutasunak ahalbidetu du halakorik antolatzea.
Jai eguna 11:00etan hasiko da;suziria botako dute, herriko plazan, eta umeen txokoa irekiko dute txupina botatzearekin batera. Puzgarriak, aurpegi margoketa, jolasak, buruhandiak eta beste izango dituzte txikiek. Artisau azoka ordu horretan irekiko dute.
Herri hamaiketakoa eguerdian egingo dute; pintxoa eta potea euro eta erdian. Jo tta Kun taldearen txalaparta doinuek eta trikiti, alboka eta batukada doinuek lagunduta egingo dute euskararen aldeko hamaiketakoa. Herri kirolen erakusketarekin egingo dute bazkarirako tartea. Bazkarirako eta gaueko afarirako txartelak herrian eskuratu daitezke, herriko ohiko lekuetan, bai eta Aritzaleku kanpinean ere.
Arratsalderako, umeentzako antzerkia, herrien arteko jinkana lehiaketa eta Jaitz Kantuz ekitaldia iragarri dituzte, eta zezensuzkoen ikuskizuna, 21:30erako. Horren ondoren elkartuko dira afaltzera. Euskararen aldeko egunari errematea Akari musika taldearen emanaldiarekin jarriko diote, gauerdian hasi eta ordu txikietan bukatu arte.
Gerizpean
Euskararen aldarria
Nafarroako Jaitz herrian egingo dute, bihar, IrriHerri elkarteak antolatutako Euskararen Eguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu