Bertsotan ez ezik, idatzizkoan ere lantzen du euskara Xabier Amurizak. Osoa, lehiakorra, nazionala. Euskara batuaren bigarren jaiotza saiakera da haren azken argitalpena, eta, hori oinarri hartuta, hitzaldia emango du gaur, Miarritzen (Lapurdi). 16:00etan izango da Euskara batua, 40 urteren buruan mintzaldia, Mediatekan.
Euskara eguneroko lan tresna dutenentzat, «soluzio txiki» bat da Amurizaren liburua. Euskararen hutsuneez, aditzez eta hiztegiaz hitz egiten du; soluzioak eta planteamenduak ematen ditu Amurizak. Erlatiboa erabiltzeko modua, aditz trinkoaren erabilera urria eta euskarazko hiztegiek dituzten hutsuneak dira liburuan jorratu dituen beste gaietako batzuk. Gainera, hutsei eta erabilera okerrei ere egin die tarte bat, Zuzentzaindia atalean.
Liburuko gaien inguruko xehetasunak emateaz gain, aholkuren bat edo beste ere izango du Mediatekara biltzen direnentzat. 1968an erabaki zuen Euskaltzaindiak euskara batua beharrezkoa zela. Hizkuntza arautzen joan da pixkanaka; orain, irakaskuntzan, komunikabideetan eta literaturan gehien erabiltzen den euskara da. 40 urteren baino gehiagoren ondoren, egoeraren nondik norakoak ezagutzeko aukera dago gaur, Amurizarekin.
'EUSKARA BATUA,40 URTEREN BURUAN'
Zer. Hitzaldia.
Noiz. Gaur, 16:00etan.
Non. Miarritzen (Lapurdi), Mediatekan.
Euskararen bigarren jaiotzaz
'Euskara batua, 40 urteren buruan' hitzaldia emango du Xabier Amurizak, gaur, Miarritzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu