Larunbatean hasi zen, Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren 21. Astearekin, Deabruaren gaua filmarekin. Amaitu, berriz, Abenduaren 10ean amaituko da, Loiolako Hontza elkarteak antolatutako afariarekin. Basurdea bi modutara prestatuko dute, eta ondoren, «abestirik kuttunenak» kantatuko dituzte.
Bereziki gazteei begirako programazioa antolatu dute. Azaroa bete-bete eginda jarri dute, baina urte guztian ekitaldirik ere izaten dela jakinarazi dute antolatzaileek. Urtez urte eskaintza handitzea daukate xede. Era guztietako talde eta eragileen ekimenak daude kultur agendan: Gazte asanbladak, auzo elkarteak, Euskal Herrian Euskaraz taldea, Arrano Beltza elkartea, Xirimiri elkartea, UEU, Txillida Leku, Kutxa Kubo eta beste asko.
Erabilera sustatzeko
Abenduaren 3aren harira, Donostiako Euskararen Udal Patronatuak, Nik ere euskaraz, guk ere euskaraz eta antzeko leloak erabiliz, «gazteek euskara erabiltzeko kanpaina» jarri du abian. Kanpainari atxikimendua emateko, www.nikereeuskaraz.net webgunea jarri dute martxan. Hor, kanpainarekin bat egin nahi duenakaukera dauka bere argazkia bidaltzeko, eta mosaiko bat osatzen joango dira. Dagoeneko badaude zenbait ezagunen argazkiak. Taldeka egin nahi duenak ere izango du aukerarik. Izan ere, taldeka edo koadrilan ateratako argazkiekin beste mosaiko bat egin nahi dute, www.gukereeuskaraz.net atarian. Mosaikoa egiteko aukeraz gain, kultur agenda oso-osorik eskaintzen du webak.
Beldurrezko film eta film laburrekin hasi da hilabetea. Srdjan Spasojevi-k zuzendutako Serbiar film bat (Srpski Film, 2009) emango dute, eta Nosferatu, izuaren sinfonia bat (Nosferatu, eine Symphonie des Grauens, 1921) film klasikoa.
Literaturaz ere izango dira saio batzuk. Azaroaren 11n, adibidez, Oier Guillanen Eskuen sustraiak liburuaren inguruko emanaldia izango da Amarako Kultur Etxean.
Musikarik ez da faltako donostiarren hirian. Kafe Antzokian kontzertu bat baino gehiago izango dira. Bestalde, Amara Berri auzoan, azaroaren 22an, kalez kale kantari ibiliko dira Ikasbide kultur elkarteak antolatuta.
Bertsoa ereizango da bazterretan. Loiola auzoan, Jon Maiaren eta Amets Arzallusen bertso saioa izango da azaroaren 14an, eta ondoren, bertso bazkaria izango da Hontza elkartean. Saio gehiago ere izango dira. Antzerki batzuk ere badaude, horien artean Xabinaitor, azaroaren 11, 13 eta 14an Antzoki Zaharrean.
Hitzaldien eskaintza oparoa bezain interesgarria izango da. Azaroaren 4an, hitzaldia ez, mintzaldia izango da Joxe Manuel Odriozolarekin. Mintzamina: Euskara eta Abertzaleak izenburupean hitz egingo du Altzako Kultur Etxean. Hilaren 10ean, berriz, Koldo Mitxelena liburutegian, kartzelako emakumeen egoeraz hitzaldia izango da.
Ez da aspertzeko unerik izango Xabierren eguna bitartean Donostian; izan ere, azaro eta abendu hasiera bete-bete eginda datoz. Aipatutakoez gain, beste ekimen mordo bat izango dira. Auzoetako euskara egunak, mendi irteerak, afariak...
Egitaraua
ZINEMAAzaroaren 5a. Nosferatu Antzoki Zaharrean izango da, 17:00etan.
Azaroaren 5a.Serbiar film bat, Viktoria Eugenian egingo dute, 23:59an.
ANTZERKIA
Azaroaren 11, 13 eta 14an. Xabinaitor antzerkia, Antzoki zaharrean, 20:00etan. Azaroaren 13an 22:00etan ere izango da.
LITERATURA
Azaroaren 11n. Eskuen sustraiak, Oier Guillanek idatzitako liburuan oinarritutako ikuskizuna, ahotsarekin, musikarekin eta pinturarekin. Amarako Kultur Etxean.
HITZALDIAK
Azaroaren 4an. Euskararen eta abertzaleen inguruko solasaldia, Joxe Manuel Odriozolarekin. Altzako Kultur Etxean.
BERTSOLARITZA
Azaroaren 14an. Jon Maia eta Amets Arzallus bertsolarien saioa, Loiolan; ondoren, bertso bazkaria.