Euskaraz ez da aritu beharko EAEko irrati lizentzia berriak lortzeko

PPk 2008. urtean egindako proposamena aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzak ez du portzentajerik ezarriko

urtzi urkizu
Donostia
2011ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Meritutzat bai, baina euskara ez dute betebehartzat hartuko Euskal Autonomi Erkidegoan egingo den hurrengo irrati lizentzien lehiaketan. Hala jasotzen du Eusko Jaurlaritzaren ikus-entzunezko komunikazioko dekretu proiektuak. Dekretu horrek ezarriko ditu FMko irratietan bete beharreko baldintzak. Eta lizentzia jasotzen dutenei ez diete euskaraz aritzeko portzentajerik ezarriko, tokiko telebisten lizentzia emateko egin zen bezala.

Euskarazko irratientzat lizentzia batzuk gordeko dituztela jasotzen du dekretu proiektuak. Hain zuzen ere, lizentzia bat 100.000 biztanletik beherako herrietan eta lizentzien herenak 100.000 biztanletik gorako hirietan. Dena den, euskarazko irratientzat gordetako erreserba hori bertan behera geldituko da, ez badago euskarazko proiektuen eskaintzarik.

Dekretu proiektuaren arabera, lehiaketara aurkezten diren irratiek programazioaren zati bat euskaraz emateko konpromisoa meritutzat hartuko da. Beste bost irizpide hartuko dituzte lehiaketan «hizkuntz merituarekin» batera: programazioaren proposamena; proposamen ekonomikoak eta egiturazkoak; proposamen teknologikoa; pluraltasuna, dauden komunikabideak aintzat hartuz, eta lanpostuen sustapena.

Euskara kaltetuta geldituko da da dekretu berriarekin, 1986koan lizentzia nahi zuen irratiak Euskal Autonomi Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen «erabilera orekatu» bat egin behar baitzuen. Jaurlaritzaren aurreko legegintzaldian, irratiek programazioaren %20 euskaraz ematea nahi zuten EAJk eta EAk.

Nagusitu dena, aldiz, PPren desioa izan da. Popularrek 2008ko maiatzean legez besteko proposamen bat aurkeztu zuten, hizkuntz portzentaje guztiak desager zitezen. PSEk ere ez zuen ontzat hartu EAJ eta EAren eskaera, hizkuntz kuotak ezartzea «esku-sartze onartezina» zelakoan enpresa pribatuentzat. Jaurlaritzara heldu eta bi urtera, irrati lizentzien lehiaketa berrian PPren proposamena betearaziko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.