Euskaraz lasai mintzatzeko hitzordua, Miarritzen

Mintzalasairen harira, ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu dute gaurko, euskararen erabilera sustatzeko

Dantzaz konpainia aritu zen atzo Miarritzeko hondartzan. GAIZKA IROZ.
Adrian Garcia.
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Marion lakuan ez da besterik entzungo gaur. Mintzalasai egitasmoaren lehengo aldiaren harira, makina bat hitzordu antolatu dituzte helburu jakin batekin: Miarritzen (Lapurdi) euskara sustatzea.

Danborrada eta Kantalasaien ondotik, ekitaldi andana prestatu dituzte lakuan. Bapo bazkaltzeko aukera izango da eguerditik aitzina. 12:30ean mutxikoak izango dira. 13:30etik aurrera txalapartan lehen urratsak egiteko aukera eskainiko dute, tailer baten bidez. 14:00etan, berriz, euskara eskolak antolatu dituzte, eta 15:00etan, herri jokoak.

Horretaz gain beste hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango da egun osoan: gaztelu puzgarriak, tranpolina, txaranga, pottoka itzuliak, ikur lotgarrien sortzea eta makillajea.

Atzokoa ere ekitaldiz jositako eguna izan zen Miarritzen. Ipuin kontaketa, bertso bazkaria, eta jarraian, mus txapelketa jokatu zuten. Bertsolari filmaren emanaldia ere izan zen.

Herriko etxeak eta euskara zerbitzuak bultzatu dute kanpaina, eta euskalgintzako eragile askoren sostengua bildu du. Egitasmoaren antolatzaileek aurkezpenean gogoratu zutenez, euskaraz bizitzeko aukerak sortzea da egungo erronka. Izan ere, Miarritzen euskararen transmisioa apala da, frantsesak oso leku gutxi uzten baitio euskarari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.