Inoiz baino euskarazko websail gehiago ikusi ahalko dira aurten Bilboko Seriesland jaialdian. Batetik, bi estreinaldi izango dira datorren asteartean: Zure txanda da beldurrezko websaila eta Otsoen lurraldean websailaren bigarren denboraldia.
Ulibarri Ganboako urtegian dagoen Zuhatzako uhartea (Araba) da Zure txanda da websailaren kokaleku nagusia. 1980ko hamarkadako beldurrezko zineman du inspirazioa, eta, aldi berean, umorezko zenbait keinu ditu. Odola eta sexua ere ez dira falta fikzioan.
Zure txanda da Bilbon estreinatuko dute, baina urtarrilera arte ezingo da ikusi Interneten. SeekaTV plataforman jarriko dute euskarazko ekoizpen hori.
Otsoen lurraldean websailari dagokionez, nazioarteko websailen zenbait jaialditan sari ugari irabazi ditu azkeneko hilabeteetan. Bigarren denboraldia lehiaketaz kanpo proiektatuko dute asteartean, Zure txanda da proiektatuko duten gala berean. Burdin Aroa izenburua jarri diote bigarren denboraldiari.
Bestalde, Gutuberrak eta Puntu Koma euskarazko websailak Laboral Kutxa Sail Euskaldun Onena garaikurra lortzeko lehian izango dira. Euskal Herriko beste lehiakideak hauexek izango dira: Dark of the Night-Al romper el día, La espera, Si vienes, repites eta Viajando en la Txikivan.
Hogei herrialdetako ehun ekoizpen baino gehiago lehiatuko dira sail desberdinetan. Askotariko sariak ere emango dituzte; esate baterako, Hego Koreako Yeosu hiriari garaikur berezi bat emango dio jaialdiak, hiriaren irudia websailen ekoizpenaren bitartez hedatzen ari delako. Kwon Oh-Bong alkateak jasoko du saria, hilaren 25ean. Halaber, Serieslandek showrunner-aren irudia saritzeko garaikurra aurkeztu du, eta hori izango da garaikur garrantzitsuena. Modu horretan, websailen ekoizle-idazlea saritu nahi dute.
Bihartik aurrera, Zazpikaleetako geltokian argazki erakusketa bat jarriko dute. Formatu handiko zortzi lona izango dira ikusgai. Argazki guztiak Jabier Etxebarriarenak eta Laurent Legerrenak dira.
Iaz bezala, telesail digitalen merkatua antolatuko dute. Datorren asteazkenean zabalduko ditu ateak, EITBren Multibox aretoan. Hurrengo egunean, toki berean ekoizleak eta banatzaileak bilduko dituzte. Eztabaida bat egingo dute bertan, Hulu, Flooxer eta Mediapro konpainietako arduradunekin.
Lehian izango diren websailak Multi zinema aretoetan eta Bilborock aretoan ikusi ahalko dira, doan, leku guztiak bete arte.
Aurten jaialdiaren irudiak Game of thrones telesailari egiten dio erreferentzia. Jaialdiko afixan, burdinezko tronu batean jesarrita ageri da emakume bat, Begoñako basilikaren barnean. Jaialdiko hautagaiak aurkezteko bideoak, berriz, HBOren telesail ezagunarekin du lotura zuzena.