Euskarazko hedabideak nola garatu diren, zerk eragin duen haien suspertzea eta zerk oztopatu duen haien garapena jaso dute EHUko NOR ikerketa taldeko hiru irakaslek Media in Basque testuan. Liburua Interneten jarri dute doan; www.ehu.es/nor helbidean eskura daiteke.
EHUko Eleaniztasunerako Errektoreordetzak lau hizkuntzatan argitaratu du liburua: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.
Edorta Arana, Josu Amezaga eta Patxi Azpillaga dira liburuaren egileak. Azpillagak azaldu duenez, liburuaren jatorria Europako hainbat kongresu eta bileratan euskarazko hedabideen inguruan hiru irakasleek aurkeztu dituzten ponentziatan dago. «Badago munduan barrena gero eta interes handiagoa txikien inguruan, bai eta jakin-mina ere besteen errealitateak ezagutu eta ikasteko. Pentsatu genuen ondo legokeela prestatua genuen material hura bildu, antolatu eta gaurkotua lau hizkuntzatan argitaratzea». Liburuaren helburua dibulgatzailea da, beraz. Eta batez ere Euskal Herritik kanpo euskarari eta euskarazko hedabideei buruzko oinarrizko informazioa bilatzen duenarentzako da. Egileak «gaiaren argazki panoramiko moduko bat» ematen saiatu dira.
Liburua deskriptiboa da. Hiru irakasleek ez dute ikerketa lan beririk egin. «Aitzitik, gaiari ikuspegi historikoa ematen saiatu gara, ikusteko nola garatu diren euskarazko hedabideak». Euskararen gaineko Ingurumari orokorra atalarekin hasten da liburua. Hizkuntza hezkuntza sisteman, gobernuan eta lan esparruan azpiatalak ere biltzen ditu. Ondotik, hedabidez hedabide garatzen doa: irratigintzaren eta telebistagintzaren panorama, prentsa idatzia eta hedabide berriak. Liburu industriari buruzko aipamen bat egiten da. Eta azken atalak euskal zinemagintzari egiten dio erreferentzia: 80ko hamarkadatik gaur arteko errepasoa eginaz.
Testuaren amaieran gogoratzen denez, aurreko bertsio bat 2006. urtean atera zen Mercator Media Monographs 2-en.
Zabalkuntza sarean
Liburua zabaltzeko modurik egokiena Internet iruditu zaie egileei hainbat arrazoirengatik. «Testua laburra da. Erraz irakur daiteke, baita pantailatik bertatik ere». 41 orrialde ditu hain zuzen liburuak, eta irakasleei gustatuko litzaieke liburua jaisteko gunearen informazioa ahalik eta gehiena zabaltzea. Dena den, liburua amaitu eta berehala jada berritu beharreko datuak daude. «Halako lanek etengabeko berrikuntza eskatzen dute», aitortzen du Azpillagak. Hori dela eta, pentsatzen hasiak dira euskararen eta hedabideen inguruko informazio bilketarako eta analisirako oinarri egonkor bat ezartzeko aukeretan. Horretarako ikerketa talde egonkor bat osatu dute Fakultateko beste kide batzuekin.
«Hizkuntza, abantaila»
Euskarazko hedabideen etorkizunaren gainean galdetuta, Azpillagak uste du badirela indar batzuk euskarazko eta hizkuntza txikietako hedabideen alde egiten dutenak. «Teknologiak merkatu eta demokratizatu egin du komunikazioaren produkzio ahalmena eta izugarri erraztu eta zabaldu ditu hura hedatzeko aukerak. Oinarri gisa gurea bezalako merkatu txikia duten hedabide eta kultur enpresentzat ona da hori». EHUko irakaslearen iritziz, gainera, errazagoa izango dute komunitate linguistikoa trinkotzea, hura sakabanatuta eginda ere. Konkurrentzia gogorragoari egin behar diote aurre, ordea, eskaintzaren hazkuntza dela eta.
Azpillagarentzat, gakoa hizkuntzaren faktorea abantaila konpetitibo bihurtzea da, komunikazioaren merkatu berrian.
KOMUNIKAZIOA
Euskarazko hedabideen iragana eta oraina bildu du EHUk liburu batean
Interneten doan eskura daiteke Edorta Aranak, Josu Amezagak eta Patxi Azpillagak idatzitako testua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu