«Hain ona da Bizkaiko eta gainerako sor-marketako txakolina,non kopiatu egin nahi diguten», zioen atzo Jose Luis Andak, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuordeak. Burgos eta Kantabriako hainbat ekoizlek txakolinaren sor-marka erabiltzearen inguruan egin zituen adierazpenok, eta «txakolinaren merkatuan edozein esku-sartze gertatzen bada, Eusko Jaurlaritzakerrotik moztuko du», gaineratu zuen.
Bizkaiko txakolingileek euren lana orain bezala egiten jarraitzeko, lasaitasuna eta segurtasun juridikoa behar dutela azpimarratu du Anda sailburuordeak. Kantabriako erakundeen lankidetza eskertu nahi izan du, iruzurgileen aurka hartzen ari diren neurriengatik, eta Gaztelaeta Leongo erakundeek ere berdin egin dezatela eskatu du, «erakundeen arteko errespetuagatik».
Auziaren inguruan ere hitz egin zuen Elena Unzueta Kontseilu Arautzaileko lehendakariak, eta benetakotasuna babesteko eskatu zuen. Kontseilu Arautzaileak txakolin hitza erabiltzen duten iruzurgileen aurkako presioa areagotu egingo duela adierazi zuen, eta kontsumitzaileei ere aholku bat eman zien: ostalariei sor-markaren etiketa exijitu diezaietela.
Txakolin gutxiago
Atzoko agerraldian denboraldi honetako txakolinaren aurkezpena ere egin zuten. 1994tik, Bizkaiko Txakolina sor-marka erabiltzen hasi zenetik, urtetik urtera handituz joan da txakolinaren produkzioa lurralde horretan. Iaz, ordea, %5,6 jaitsi zen produkzioa, eguraldi arazoak tarteko. Denera, 1.170.378 litro egin dituzte Bizkaiko ekoizleek.
Merkaturatuko den txakolin kopurua jaitsi egin baldin bada ere, kalitate aldetik bikaina da aurtengoa. Horretan zerikusia izan du mahatsek karga produktibo txikiagoa izana, «eta eguraldiari esker, ezin hobeto heldu dira», Kontseilu Arautzaileak aditzera eman duenaren arabera. Hori guztia dela eta, lortutako produktua maila onekoa da, eta horixe azpimarratu zuen Elena Unzuetak: «Bizkaiko txakolina behin probatuz gero, mendekotasuna sortzen du».
Produkzioa, gutxiren esku
Aurreko kanpainarekin alderatuta, 2010eko mahats uztan lau hektarea gehiago zeuzkaten mahastietan, baina txakolin produkzioa ekoizle gutxiagoren esku dago orain. 2009.an 285 ekoizle zeuden, eta 2010. urtean 235; upategien kopurua ere jaitsi egin da, bost gutxiago daude gaur egun.
Txakolingile gutxiago daude, hainbat ekoizlek jarduna utzi egin dutelako, edo upategi batzuk elkartu egin direlako, Txorierriko Kooperatiba kasu. Horren guztiaren ondorioz, gaur egun dauden 51 txakolingileetatik 14k 20.000 litro baino gehiago ekoitzi dituzte, hau da, iaz egindako txakolinaren %80 14 ekoizle horien esku egon da.
Atzerrian pisua hartzen
Tokiko merkatuak, hau da, Bizkaikoak dauka gaur egun salmenten gehienezko kopurua (%80 inguru), eta ondoren datoz Euskal Herriko gainerako lurraldeak. Hala ere, atzerrira begira ere jarri da Bizkaiko Txakolina, eta Madrilen eta Bartzelonan ere ongi saltzen dutela adierazi du Kontseilu Arautzaileak.
Gero eta txakolin gehiago esportatzen dute, eta aurten 36.948 litro zabaldu dituzte nazioartean. Txakolin kopuru horretatik gehiena AEBek daramate (%88). Ondoren datoz Herbehereak (%1,8), Australia (%1,5) eta Txina (%1,5), besteak beste.
Txakolina zabaltzeko plana
2010. urtearen erdialdetik, Kontseilu Arautzailea plan estrategiko bat egiten ari da Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera. Udaberrian amaituko dute, eta plan estrategiko horren arabera, txakolinak ardo merkatuan lortzea nahi duten lekua eskuratzeko estrategia komertzial onena adostuko dute.
Plan horren barruan, hainbat sustapen jarduera egingo dituzte aurtengo urtean. Martxoaren 14an, esate baterako, areto profesional bat jarriko dute Leioan,eta beste horrenbeste egingo dute apirilean Bartzelonan. Maiatzean, Txakolinaren Eguna egingo dute, iazko uzta Bizkaiko gizarteari ezagutzera emateko. Azaroan, azkenik, Ipar Kutxa sarien bigarren ekitaldia egingo dute.
Eusko Jaurlaritza, txakolinaren aurkako iruzurrei aurre egiteko prest
Txakolin egileek orain bezala lanean jarraitzeko lasaitasuna eta segurtasun juridikoa behar dutela diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu