Merkaturatzeko prest da eusko label zigilupean aterako den 14. produktua: euskal sagardoa. %100 Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sagarrekin ekoitzitako sagardoak label zigilua izango du. Aurki ikusi ahal izango dira botila labeldun horiek ohiko saltokietan.
860.000 litro merkaturatuko dituzte aurten, eta hurrengo urteetan ekoizpen hori dezente igotzea espero dute, besteak beste, proiektuari sagardogile gehiago atxikituko zaielakoan.
Balio erantsia duen bertako produktu bat kaleratzeko asmoz abiatu zuten ekimena, Arantxa Eguzkiza Iparragirre sagardotegikoa eta Gipuzkoako Sagardogile elkarteko presidentearen aburuz. Bertako sagar nahikorik ez egoteak, ordea, ekimena atzeratu eta trabatu zuen. «Orduan sagardogile talde batek esan genuen: ez dago sagar nahikorik, baina sagarra badago, eta kalitatezkoa», adierazi du Eguzkizak. «Sagardoa %100 bertako sagarrekin egiteko apustua egin dugu, eta, gainera, ziurtatuta».
Gauetik goizera sagardo hobea ez dutela egingo aitortu du Eguzkizak. «Proba prozesuan gaude; lehen ere sagardo ona egiten genuen, baina orain bezeroari gardentasuna eskainiko diogu, beste batek, Kalitate Fundazioak, bermatuko baitu produktua hemengoa eta kalitatezkoa izatea».
Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek babesten duten ekimenak label zigiluz kanpoko sagardoa ekoiztea eta saltzea baimentzen du. Beraz, label ekimenean parte hartzen duten sagardogileek bi sagardo mota merkaturatuko dituzte, «ezinezkoa izango bailitzake dena labelean egitea», Eguzkizaren arabera. «Sagarzaleak, sagardogileak eta merkatua hezten joan behar dugu», gaineratu du Iparragirrekoak.
«Aurtengoa lehenengo aldia denez, gehiengoa labelez kanpo izango da». Aldaketak egingo balira, etorkizunean sagardo ekoizpen osoa bertako sagarrekin egin daitekeela uste du Eguzkizak. «Hori da gure helburua. Kontsumitzaileak ere zeresan handia du. Bezeroa bertako produktuekin ekoitzitako kalitatezko produktuaren aldeko hautua egin beharko du». Hurrengo pausoa jatorri izena eskuratzea izango litzateke, Eguzkizaren arabera. «Berez labelaren berdina da exijentzia aldetik, baina babes eremu zabalagoa du».
Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Elikagaien Industrietako sailburuordeak sektorearen zatiketaren muinean «interes komertzialak» ikusten ditu. Eusko labelak sektorea indartuko duelakoan dago Azkue. «Kontsumitzaileak jakingo du kalitatezko euskal erakunde publiko bakarrak baieztatu duen sagardo bat egongo dela, beste aukerez gain», esan du. Araudia egin zenean sagardogile guztiek onartu zutela azaldu du sailburuordeak, «kanpoan daudenak barne». Upategi bereizketa beste produktuetan ere gertatzen dela adierazi du Azkuek. «Azkeneko momentu arte denok egin dugu lana elkarrekin. Eusko label egitasmo kanpoan gelditu direnak eusko labela lantzen ibili dira. Argi daukat eusko labelaren aurka ez daukatela ezer», esan du. Interes komertzialak eta interes publikoak bereiztu beharra daudela ohartarazi du. Ziur agertu da sailburuordea etorkizunean eusko labelari sagardotegi gehiago atxikituko zaizkiola.
Eusko Label: %100 bertako sagarrarekin egindako sagardoa
Upategien bereizketa eta Kalitate Fundazioaren kontrola, eusko labelaren bereizgarri nagusiak
![Hilabetea amaitu baino lehen merkaturatuko dira eusko labeldun sagardo botilak. JON URBE / ARGAZKI PRESS. Hilabetea amaitu baino lehen merkaturatuko dira eusko labeldun sagardo botilak. JON URBE / ARGAZKI PRESS.](https://www.berria.eus/uploads/s1/54/35/71/p046-f02.jpeg)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu