Eusko Label zigiluak produktu berri bat merkaturatu du: lehen sakaldiko oliba olioa. «Kalitate handikoa, euskal jatorrikoa eta hasieratik amaiera arteko kontrola duena». Halaxe definitu zuen olioa atzoko aukezpenean Pilar Unzaluk, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak.
Mendeetan ardoarekin eta zerealekin batera Arabako Errioxan olibondoek izan duten tradizioa gogoratu zuen Unzaluk. Hiru osagai horiek dieta mediterraneoaren oinarri dira. Sailburuak adierazi zuenez, Arabako olibondoetan betidanik egin izan da olioa, eta horren isla dira ehun urteko olibondoak. Mahastien eta zerealen espezializazioak olibaren atzerapausoa ekarri zuen, ordea, eta autokontsumorako ekoizpenera murriztuta geratu zen. «Olibondoak berreskuratzeak dibertsifikazio aukera berriak ekarriko dizkio Arabako landa ekoizpenari», esan zuen sailburuak. Mahastien osagarri izateko eta nekazariei sektore errentagarriagoa eskaintzeko ere balioko du.
Araban 250 hektarea erabiltzen dira olibondoetarako, eta 80.000 litro ekoizten dira. Eusko Labelaren barruan 7. 500 litro inguru sartuko dituzte. Hazteko aukera handia duen jarduera da, edonola ere; epe ertainera landaketak gehitu eta ziurtagiria lortzeko prozesuan dauden ekoizleak sartuta.
Eusko Labela duen oliba olioa aurkeztu dute
Pilar Unzaluk uste du landa ekoizpena dibertsifikatzen lagunduko duela olioaren garapenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu