Felix Linares. Kazetaria eta zinemazalea

«Ez da mendizaleentzako film perfekturik existituko»

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Menditik kanpo grabatu dira mendiei buruzko filmik gehienak; estudioan. Ilusio bat da zinema, azken finean, Felix Linares kazetari eta zinema adituak azaldu duenez. «Gezur bat», dio, eta mendizaletasunari buruzko lanak ez dira joera orokor horren salbuespen. Hori izango du mintzagai ostegunean eskainiko duen hitzaldian. Gasteizko Florida zinema aretoetan izango da zinemaren gezurrei buruzko egiak kontatzen.

Hori izango da zure mendiari eta zinemari buruzko hitzaldiaren tesi nagusia: zinema gezurra dela funtsean.

Oso haserre egon dira beti mendizaleak zinemak haien jardunaz eman duen irudiarekin. Ez dituela irudikatzen diote, eta gezurra dela. Bada garaia hori onartzen hasteko: zinema ez da gezurra baizik. Hori da nire tesia, eta mendizaletasunari buruzko filmetan agerikoa da hori. Estudioan grabatu dituzte filmik gehienak, eta ezin bestela izan. Dark Mountain (Mendi beltza) izeneko filma da adibiderik nabarmenena, nire ustez.

Zergatik?

1956koa da filma, eta plano orokorrak kenduta, oso-osorik errodatu zuten estudioan. Oso agerikoak dira egiten dituzten tranpak. Harriak kartoizkoak direla ikusten da. Baina badu grazia. Nik umetan ikusi nuen. Sesio jarrai horietako batean, filma bukatzear zela sartu nintzen aretora, eta hor ikusi nuen gizon bat mendi bat igotzen, haize erauntsi baten erdian... Liluraturik gelditu nintzen. Denborarekin ohartu naiz ez dela hainbesterako, baina oraindik badu puntu hori.

Orain hobeki ezkutatzen dira tranpak?

Bai, askoz ere hobeki. Alive! (Bizirik daude!) filmak ere baditu urteak, baina askoz ere hobeki eginda dago. Estudioan errodatu zuten hori ere, baina ez du aurreko film hark beste kartoirik. Elurrak benetako elurra dirudi, adibidez. Gaur egun barkaezina litzateke bestela izatea. Gero eta hobeki engainatzen gaituzte.

Mendizaleen haserrea ere murriztu da aurrerapen horiekin?

Sekulakoak entzun behar izan ditut nik neuk mendiari buruzko filmen inguruan. Telebistan zinemari buruz egindako saio batean Silvester Stalloneren Cliffhanger (Amildegietan zintzilik) filma jarri genuen behin, eta hurrengo egunean kexak jaso genituen. Filmak kontatzen zuen guztia gezurra zela esaten ziguten mendizaleek. Vertical Limit (Muga bertikala) izenekoa izan da, halere, gorrotorik handienak piztu dituena.

Dokumentalak dira alternatiba.

Bai, baina horiek ere tranpaz beteta daude. Ordu mordoa filmatzen dituzte, eta gero unerik dramatikoenak hautatzen dituzte. Zinemagintza ez da sekula inuzentea.

Mendizaletasuna bera ere ez, ziur aski.

Azkenaldiko mendizaleen arteko tirabirak dira horren froga, ezta? Edozein giza ekintzaren gisa, mendizaletasuna ere ez da perfektua.

Zaila da, beraz, zinemagintzaren eta mendizaletasunaren arteko uztarketa?

Mendizaletasunari buruzko film handia falta da oraindik. Akaso, ez dute sekula egingo. Dokumental oso txukunak badaude, noski, eta Clint Eastwooden Licence to Kill (Hiltzeko lizentzia) filma ere bere lekuan bertan dago filmatuta. Kostatu egin zitzaien mendian bertan lan egitea. Baina espioitza film bat da funtsean, eta ez dago mendizaletasunarekin lotuta. Zuzenki, behintzat, ez. Sekula ez da existituko mendizale iaioarentzako film perfekturik. Akaso hori da onena; ezertan iaioegi ez izatea, eta film guztiez gozatu ahal izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.