Ezarian. Zientzia

Ez dago bidezidorrik

Geoingeniaritza ezin da aintzat hartu berotegi efektuko igorpen kopurua jaitsarazteko, ezta berotzeak eragiten dituen ondorioak saihesteko ere; hala dio Royal Societyren enkarguz nazioarteko 27 adituk egindako txosten batek.

Artikoa urtzen ari dela begien bistakoa bihurtzen ari da. RESOURCESNORTH.ORG.
xabier martin
2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Eguzkiaren Erradiazioaren Kudeaketa (Solar Radiation Management, SRM) atalekoak dira sarrien egin dituzten proposamenak geoingeniaritzaren alorrean. Eguzkia bezatu nahi dute edo kontrolpean ukan, Lur planetan gizakiaren jarduna eragiten ari den berotzea indargabetzeko edo haren ondorioak minimizatzeko.

«Berotegi efektuko gasek atmosferan dituzten ondorio batzuk ezkutatuko lituzkete bakarrik; ez da alternatiba igorpen kopuruaren txikitzearen aurrean». Ingalaterrako Rolay Societyk elkartutako 27 adituren txostenak ezin garbiago azaldu du geoingeniaritzaren proposamenak ez direla erantzuna, nazioarteko plaza ugaritan gero eta indar handiagoarekin egiten dituzten arren.

«SRM teknologiek oso azkar eragingo lukete, eta aldatze klimatikoaren ondorio esanguratsu batzuk arinduko lituzkete aurrekontu ez oso handi batekin». Txostenak onartzen du hori guztia, baina… «Teknologia horiek gaizki ulertzen ditugu oraindik; oso arriskutsuak izan daitezke, eta arriskua ez dago loturik bakarrik ahalezko jarduera batekin, baita euren ikerketa berarekin ere». Hamazazpi herrialdetako 27 adituk idatzi dute geoingeniaritza eta zehazki SRM aztertzen duen txostena. Mundu mailako erreferentzia izateko jaio da idatzia geoingeniaritzari dagokien erabakiak hartu ahal izateko.

Azterketa hori orain kaleratzeak badu bere asmoa. Nazio Batuek atzerapen bat onarturik dauka geoingeniaritzaren ikerketari dagokionez. Zuhurtasun printzipioa lehenetsiz, teknologiok arrisku handikoak direla dio erakundeak. Kontua da berotzea begien bistakoa bihurtzen ari dela gero eta gehiago. Ondorioak saihestezinak dira jada zientzialari askorentzat, eta haietara egokitu behar da mundua nahi eta nahiez. Geoingeniaritza babesten duten interes ekonomiko handiek, ordea, klima aldatzea geratzeko bidezidor gisa ikusten dute geoingeniaritza, eta arriskutsuak izan ala ez, azken hilabeteetan hauspotu egin dira modu artifizialean ustez klima aldatuko luketen proposamenak. Duela egun batzuk ezagutu zen, adibidez, Stephen Salter ingeniaria Ingalaterrako hainbat parlamentarirekin elkartu zela Artikoa hozteko asmatu duen azken ideiaz hitz egiteko. Salterrek ehun dorre jarri nahi ditu han, eremua hoztu eta izotzari eusteko. Itsasoko ura atmosferara bidaliko lukete dorre erraldoi horiek, esprai baten antzera, eta horrela tenperatura jaitsiko litzateke.

Sumendien erupzioak eragitea ere jasotzen dituen proposamen zerrenda luze baten azkena da Salterrena. Ordenagailuan egiten diren simulazioak eta laborategiko esperimentuak baino ez dira oraindik, baina edozein kezkatzeko gai: ispiluak eta kamerak espazioan kokatu nahi dituzte esaterako, Eguzkiaren izpiak desbideratzeko; ozeanoen gainean hodei distiratsuak sortu; sumendien erupzioak eragin, atmosfera ilundu eta tenperatura jaisteko… Eguzkiak bidaltzen duen argia eta beroa txikitzea da kontua, Lurra hozteko.

«Ez da irtenbidea»

Royal Societyren txostenak zalantzarako tarterik uzten ez duten ondorio batzuk atera ditu: «SRM ez da arazoaren irtenbidea eta arrisku handiak dakartza. Eguzkiaren argia txikitzeak landareen fotosintesian eragin dezake edota gizakien osasunean. Lekuan lekuko eredu klimatikoak alda daitezke, adibidez, montzoiak. Berotzea ezkutatuko lukete agian geoingeniaritzaren ekimen horiek, baina ozono geruzaren zuloa ere handituko lukete beharbada».

Adituen txostenak, ordea, ez die atea erabat ixten proposamen «arriskutsu» horiei. «Teknologiok oso onuragarriak edo oso arriskutsuak izan daitezke», diote; «ez dira gauzatu behar haien ondorioak zehazki eta zorrotz ezagutu gabe, bai ingurumenean bai gizarte mailan ere». Hau da, momentuz erabat baztertzen dituzte, «arrisku handiegia» direlako, baina «klima mailako emergentzia bat» balego, geoingeniaritzaren proposamen batzuk «aukera bakarra izan litezke».

Planetaren berotzea eta izotzaren urtzea zein mailakoa den argi adierazten du txostenaren azken zatiak. Gainera, adituek ez dute lortu adostasunik geoingeniaritzaren ikerketaren inguruan atzerapenari bere horretan eustea edo hura kentzea eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.