Jean-Pierre Agergarai

«Ez dut sekula onartu norbait bere ideiengatik kritikatzea»

Mauleko errugbiaren izen ezaguna da; Zaparta Enea ostatuan, berriz, errugbilariez gain, jende anitz nahasten du: komunistak, sozialistak, eskuinekoak, abertzaleak...

Joanes Etxebarria.
2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Mauleko Victor Hugo karrikan da egun oroz, Zaparta Enea ostatuan. Aragoiko eta Zuberoako jatorriak ditu Agergaraik, Mauleko anitzek bezala.

Nolakoa zen zure gaztaroko Maule?

Arras desberdina. Garai hartan, Maulek bost edo sei mila biztanle zituen, eta denak espartinaz bizi ziren; baziren hiruzpalau lantegi eta 2.000 langiletik gora. Oroitzen naiz karrikak oso animatuak zirela. Victor Hugon, adibidez, 300 edo 400 pertsona bazen lanegunaren ondotik.

Egurrezko hiria aipa ezazu. Kanpotik etorri jendea auzo horretan bizi zen, ezta?

Bazen Maule gainea, Egurrezko hiria, Lextarre... Ez ziren ghettoak, baina auzoetan bilduak ziren. Baina beste auzoekin harremana bazuten; bazen elkartasun anitz. Aragoiko eta Nafarroako jendeak Mauleri arima eman diote.

Elkartasuna izan ote zen errepublikanoekin ere?

Bai, 1936an baziren aragoiar eta nafarrak instalatuak hemen. Errepublikanoak Auschwitzen sartu zituzten, eta, beste batzuek bezala, batek ihes egitea lortu zuen. Lau urtez Egurrezko hirian gorde zuten. Gerra ondotik ere, kontzentrazio esparruetan egondako errepublikanoak itzuli zirenean, familiek berekin hartu zituzten.

Garai haietan euskara entzuten zen?

Nire aitona-amonen etxean, Victor Hugo karrikan, euskara entzuten nuen. Etxetik ateratzen nintzenean frantsesez mintzo ziren gehienak; euskaraz guti. Amaren aldeko familian, berriz, Egurrezko hirian, denak gaztelaniaz mintzo ziren.

Geroztik zer galdu da Mauleko bizian?

Adibide zozoak dira, baina auzo espainolean norbait eri bazen, ondoko etxean janaria prestatzen zioten. Gauean orenak pasatzen genituen mintzatzen eta trukatzen; orain, ez ditut auzoko guztiak ezagutzen ere. Orain, gaueko hamarretan ostatu bat irekia bada, auzokoak kexatzen dira jendarmerian...

Maulen errugbiak badu leku handia. Beti izan da zaletasun hori?

Ni, Obelix bezala, tupinan erori nintzen. Taldea kanpoan segitzen hasi nintzen gurasoekin, 6 urte nituelarik. Beti izan da errugbia Maulen. Denei ez zaie gustatuko, baina errugbia Mauleko arima da. Fandango dantzalekua ezagutu dut, partida ondotik, 500 jenderekin; ostatu guztiak bete-beteak ziren.

Orain zurea bakarrik...

Ez, bagara bi mundu horretan: Alain eta ni. Zaleak aldika-aldika hartzen ditugu. Lehen jendea Donapaleutik, Oloruetik, Donibane Garazitik etortzen zen. Igande gauean ez zen Rio de Janeiroko inauteria, baina harrigarria zen. Gaur egun 150 bat zale dira, eta ostatuen artean partekatzen ditugu, baina giro ona da.

Mauleko taldeak badu borrokalari izatearen fama; bereziki, gazteak.

Badu 40 urte ikusten ditudala; gazte horiek beren herriarentzat bizi dira. Ez dut sekula ikusi gaiztakeriarik, herrarik, arrazakeriarik... Borroka gehiago ikusi ditut duela 30 urte orain baino. Lehen, gazte horiek Baiona edo Akizeren kontra ari ziren. Orain, Mendikota edo Barkoxeren kontra; beraz, bestetan gurutzatu eta harreman horrek ditu tentsioak sortzen, gure artean ari garelako.

Zuberotar bestazalearen prototipoak besta egiten badaki mozkortu gabe?

Garai batean, gazteek egun baino ehun aldiz gehiago edaten zuten, eta hor bai, bazen bortizkeria. Ez zen ostatu bat, dantzaldi bat borrokarik gabe. Orain, gazteak ateratzen dira, eta jendarmeriaren jarraipen medikoa ikusirik, ezin da edan, edo kasu eginez. Niri iduri zait gutiago edaten dela.

Aipa dezagun zure ostatua. Nahasten dituzu abertzale, komunista, errugbilari...

Eskuinekoak ahantzi dituzu. Ez dira hainbeste, baina baditut batzuk. Ez dut sekula onartu norbait bere ideiengatik kritikatzea. Nik atea denei ireki diet. Baditut ene ideiak. Bozkatzera noanean adierazten ditut. Inork ez daki zein diren. Baina fatxa bat jiten baldin bada, ezin dut onartu. Izan dira batzuk. Bota nituen eta ez dira sekula itzuli.

Zure gurasoek ere nahasketa hori kausitzen zuten ostatuan?

Bai, beti izan da. Uste dut ene aita eskuinekoa zela, baina beti sozialistaz inguratua zen. Errespetua bazen.

Ostatu anitz itxi dira azken urteetan; zuk segitzen duzu?

Bai, eta uste dut itxiko dudan egunean jende anitz poztuko dela. Baina auzoko biziaren parte bat galduko da. Uste dut ostatua herri txiki baten nukleoa dela. Ostatu batean egin dira iraultzak, iraultza faltsuak; mundua milioika aldiz aldatu dugu, jendeak horren beharra badu eta. Baina ostatuaz bizitzea ezinezkoa bilakatu da.

Baina zuk lortzen duzu?

Jaten dut, ez dut oporrik hartzen, baina zer boztarioa den hori guztia lagunekin partekatzea!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.