Maria Goñi. Futbolaria eta irakaslea

«Ez gaude behar bezala balioetsiak»

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Barañaingo (Nafarroa) Lagunak futbol taldeko atezaina da Maria Goñi (Iruñea, 1981); Superligan—lehen maila— jokatzen du. Txikitan hasi zen futbolean jokatzen, ikastetxeko atarian. 8 urterekin Barañaingo areto futboleko emakumeen taldean hartu zuten, eta 13rekin Lagunak taldera egin zuen jauzi. Harrezkero, Espainiako Levante taldean eman zuen urtea kenduta, talde horretan ari da jokatzen. Taldeak 50 euro ordaintzen dizkio hilero. Astean lau aldiz entrenatzen da Goñi, bi orduz, 20:00etatik 22:00etara arte.

Futboletik ezin bizi denez, irakaslea da ogibidez. Oraingoz ez du arazorik lana eta kirola uztartzeko. «Taldekide batzuk okerrago moldatzen dira. Zortzi orduko lanaldia dute, eta ez dira Barañainen bizi. Etxetik goizeko 07:30ean ateratzen dira, eta zuzenean entrenatzera etortzen dira. Nik ez dut arazorik, eta biak ongi uztar ditzaket».

Futbolagatik zenbait gauza bazterrean utzi behar izan dituela onartzen du. «Bizitza sozialari uko egin behar izan diot. Kanpoan jokatzen duzunean asteburu osoa etxetik kanpo zaude, eta aisialdirik gabe gelditzen zara. Ezin duzu lagunekin atera edo asteburu pasa norabaitera joan».

Dena dela, gustuko maldan aldaparik ez. Hartutako bidearekin ez da damu, futbolak asetzen duelako. «Oso gustuko dut futbolean jokatzea. Honetan gabiltzanak zoro batzuk gara. Ateratzen dugun etekin bakarra futbolean jokatzea da, baina horrek betetzen zaitu». Dena dela, futbolean egoki jokatzeko hamaika arazo gainditu behar izaten dituzte. «Urtea joan urtea etorri arazoak ditugu taldean: batean dirurik ez dagoela, bestean plantila oso mugatua dela. Entrenatu ere ez gara baldintza hoberenetan egiten. Bidaia luzeak egiten ditugu autobusean, maiz egunean bertan joan eta etortzen gara».

Barañaingoak ez diren jokalariei diru laguntza ematen die taldeak. Nafarroatik kanpokoei etxebizitzaren alokairua ordaintzen die, eta herrietatik etortzen direnei, kilometrajea. Gainontzekoei, Goñiri barne, hilero 50 euro ordaintzen dizkie. Beraz, sosa ezin motibazio izan. «Asko gustatzen zaidalako jokatzen dut. Behar dut jokatu. Txikitatik egin dut, eta ezin dut bizitza kirolik gabe ulertu».

Etorkizunaz mintzatzerakoan, gogoa duen arte jarraituko duela dio. «Futbolarekin lotura izaten jarraitu nahi nuke. Urte askoz borrokatu naiz gure lana aintzat har dezaten, eta borrokan jarraitu nahi dut».

Gizonezkoen futbola etengabe bultzatzen dela baina nesken lanarekin ez dela horrelakorik gertatzen kritikatu du. «Europako beste herrialde batzuetan nesken futbolaren egoera hobea da. Suedian eta Alemanian oso egoera onean daude, ongi ordaintzen diete eta baldintza onetan jokatzen dute». Uste du gizonezkoen eta nesken futbolaren artean ezin dela konparaketarik egin, baina jokalari profesional batzuek jasotzen duten dirutzarekin ez dago konforme. «Ez zait egokia iruditzen jasotzen duten dirutza hartzea guk egiten duguna egiteko. Ez gaude behar bezala balioetsiak. Goi mailan jokatu arren, Lagunak-ek ere ez gaitu esne-mamitan edukitzen. Mutilak bagina, ez litzateke hori gertatuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.