Ni más ni menos saioan izan zen. ETB2ko bazkalondoko magazinak etorkinen inguruko eztabaida bat antolatu zuen, tertuliakide ustez anonimoekin egiten den eztabaida horietako bat. Gauza nahiko normal gauzatu zen, batek esan, besteek entzun, eta, batez ere, elkarri hitza zapaldu zioten, beste zerbait zapaltzeko gogo erreprimituarekin. Horraino dena normal, gisa horretako tertuliek ohi duten gisan, behintzat.
Zalapartatxoa biharamunean hazi zen: tertuliakide ustez anonimoetako bat eskuin muturreko talde armatu bateko kide omen da, kide aktibo eta epaitu eta kondenatua, eta salaketa publiko egin zuten, eta kate publikoari eskatu zioten zuzenketa bat. Konprobatu beharrekoak konprobatu ondoren, asteleheneko saioan egingo zuten barkamen eskaria, saioko arduradunek hartutako konpromisoaren arabera. Bost programa joan dira orduz geroztik eta nire belarri hauek behintzat ez dute ustez hitzartutako barkamen eskerik aditu.
Dena den, nik proposatzen dudana zera da: telebista saioetara, orokorrean, eta are telebista publikoko saioetara, jendea ez gonbidatzea, ez hainbeste talde honetako edo hartako kide izateagatik, ez hainbeste ideologia hau edo hura izateagatik, esateko dutenaren arabera baizik. Ez gehiago ez gutxiago. Proposatzen dut jendea saioetara gonbidatzea baldin eta esateko zerbait badute, nahiz eta gero UPDko karneta ere izan (bai, gaur eskuzabal nago).
Bestela arriskutsua izan daitekeelako. Beste batzuek beste batzuei egiten dietenean, eta egiten diete alafede, ez zaigu ondo iruditzen, eta esaten dugu. Gainera, Ni más ni menos saiokoek kasu egin izan baliote proposamen horri, ez zuten aipatu tertuliakide ustez anonimoa ekarriko, eta ez genituzke bota zituen (bota, bai, esan ez) hainbat perla jaso beharko: islama erlijio satanikoa dela, moralik gabekoak gaizto bihurtu direla, multikulturalitatea gobernarien plan bat dela, erlijiorik gabe, aberriaren faltan, familiarik ezean gu guztiok bildots bihurtzeko.
Baina, noski, Ni más ni menos saioari ari gara eskatzen hori, esateko zerbait duten gonbidatuak ekartzea. Eta, kasu horretan, agian, galdetu beharko genuke ez bakarrik tertuliakideek zerbait ekartzen duten, baizik eta programak berak ba ote duen esateko edo ikusleari emateko ezer, edo oilategia, espektakulua baino ez duen bilatzen, ikusle gehiago izatea helburu.
Komunikazioa. Ekografiak
Ez gehiago ez gutxiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu