Gasteizko jaiak . Estibaliz Canto. Gasteizko Kultura zinegotzia

«Ez naiz zezen plazara joango; nire jarrera argia da alde horretatik»

Gasteizko jaietan nahi guztiak asetzeko moduko eskaintza dagoela nabarmendu du Estibaliz Canto Kultura zinegotziak. Baina, aldi berean, jai ereduez hitz egiteko prest agertu da.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2016ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Hilabete gutxi dira Estibaliz Canto (Gasteiz, 1991) Kultura zinegotzia dela. Apirilean, Blanca de la Peña ordezkatu zuen karguan, eta, lau hilabeteren ostean, Gasteizko jaiei aurre egin beharko die. Ospakizun eta ekitaldi zirimolen aurretik, atseden egun batzuk hartu ditu, bihartik aurrerako festa egunei indartsu eusteko.

Sei eguneko ospakizunetarako prest al zaude?

Ikusmin handia dut. Orain arte bizi izan ez dudan ikuspuntu batetik ikusiko ditut ospakizunak. Broma moduan-edo, eguneko plan gehiago izango ditudala esan dezakegu. Programa aztertu ondoren, atseden hartzeko tarte gutxi izango dut. Ahal dudan leku gehienetan egoten saiatuko naiz.

Familiarekin eta lagunekin egoteko tarterik geratuko al zaizu?

Nolabait bateratzen saiatuko naiz. Bizitza sozialari eusteko, lagunen batekin joango naiz ekitaldietara. Aitortu behar dut ez dela munduko kontziliazio okerrena ere; ez naiz kexatzen. Eta familiarekin abuztuaren 5aren zati bat emango dut: aitak txistua joko du, eta haiekin egongo naiz.

Hortaz, zaila izango da aurreko urteetako planei eustea.

Jaietan, blusak eta neskak ikusten genituen, gero txosnetara joaten ginen... Lagun taldean, ez dugu ohiturarik jendea pilatzen den lekuetara joateko; txosnek, jai giroa izateaz gain, espazio gehiago ematen dute, gustura egon ahal izateko. Aurten, beste ekitaldi batzuetara joango naiz, eta horiek hirigunean daude. Ez dakit ihes egiteko tarterik izango ote dugun.

Zezenketetara joan beharko duzu egunen batean?

Behar, behar... Jaitsiera eta beste bi hitzordu kenduta, ez dut zertan inora joan. Nik erabaki dut nora joan, eta zezenketetara joatea ez dago nire asmoen artean.

Peio Lopez de Munain Gasteizko lehen alkateordeak iragarri zuen aurtengoak izan daitezkeela azken zezenketak...

Datorren urtean galdeketa egiteaz hitz egin dugu; Lopez de Munain horri buruz ari zen. Zezenketena gai korapilatsua da. Nire jarrera argia da alde horretatik, eta ez naiz plazara joango. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Uste dut galdeketa egingo dugula eta erabakitzen dena beteko dugula. Zezenketak aldeko eta kontrako iritziak sortzen ditu herritarren artean.

Jai ereduaren gaineko eztabaida ere egon ohi da mahai gainean. Hori ere landuko duzue?

Eztabaida ona da jai ereduaren ingurukoa. Batzuen eta besteen gustuetan sartu gabe, interesgarria da jakitea nolako jaiak nahi ditugun, eta zertan oinarritutakoak. Edonola ere, esango nuke Gasteizko jaiak nahiko orekatuta daudela. Edozeinek gustuko zerbait aurkitu dezake egitarauan. Eztabaidatu? Zergatik ez? Politikan ez zaio beldurrik izan behar hitz egiteari.

Jaiak zein egunetatik zein egunetara egiten diren ere bai?

Zentzua izan dezake eztabaida horrek. Jaietan, asteburu oso bat egotea eskatzen dute batzuek, eta zentzua du. Tradizioa ere hor dago: Zeledon abuztuaren 4an jaitsi izan da beti, Andre Maria Zuriaren eguna abuztuaren 5ean da... Jaien eragileen artean adostu beharko lukete proposamen bat, eta horren gainean lan egin.

Aurtengo berrikuntzen artean dago Gasteizko Udalak egin duen eraso matxisten aurreko protokoloa. Zer eskainiko du tresna horrek?

Jaiez hitz egitean, emakumea izateagatik arriskua dagoela onartzen da, eta pena ematen dit. Zerbait gerta daitekeen ideia inplizitua da, nolabait. Arazo horri heldu behar zaio; errotik heldu behar zaio gaiari, eta denboraz, eredu patriarkalaren eskutik datozen jokabide horiek amaitzeko. Hori ezin da egun batetik bestera egin; horrenbestez, udalak eragile guztiekin lan egin du edozein eraso matxistari erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.