Enrique Villarreal 'Drogas'
«Ez pentsatzeko garaiahelduko da heriotzarekin»
Ibon Gaztañazpi.Bizitza harrigarria eta ederra da batzutan. Nahi baino gutxiagotan, ziurrenik; agian, tamaina egokian. Ez da askotan gertatzen umetan idolo izandakoa elkarrizketatzera joan eta arratsalde osoa haren etxean ematea berriketan, Patti Smith eta Oasisen diskoak entzuten, grabaketa gelan musika jotzen eta lagun zerrenda amaigabearentzat autografoak eskatzen. Helbide elektroniko bat, arratsalde elurtu bateko berbaldi ahaztezina eta lagun batek bere barrena ireki ziguneko oroimena ekarri dugu Txantreatik.
Drogas ezizenak bizioarekin zerikusia du?
Jatorrian ez. Gaztetan koadrilan denei jartzen zitzaien ezizenen bat, eta niri hau egokitu zitzaidan. Geroago, ezizena eta nire jarduna bat etorri ziren, eta gaur egun aktibismoagatik mantentzen dut, legalizazioaren alde nagoelako.
27 urte su-etenik gabe. Nola zahartzen da rockeroa?
Ez dakit; nik oso gustuko dut abuztuaren 31ro urteak betetzea. Urtetan irauteko gakoa da egiten duzuna eta musikariaren bizimodua gustatzea: entseguak, furgoneta eta abar.
Gure osabarentzat musikari txima-luze, alfer eta porro zalearen paradigma zinateke. Gizartearentzat zuen ogibidea ez da oraindik duina?
Nik ilea aspaldi moztu nuen, eta porrorik ez dut erretzen, baina jende askok hala ikusten gaitu. Tristeena da ez direla zure osabaren belaunaldikoak bakarrik. Gazte askok oso kontzeptu txarra du gure lanari buruz.
Guztiok diozue arrakastaren gakoa lana dela...
Ez dut azalduko taldeok zer egiten dugun egunero entseatzeko geratzen garenean. Jendeak uste du larrutarako, drogatzeko eta mozkortzeko geratzen garela, eta nik inguruan ikusi dudan bakarra lana, lana eta lana da. Guk suertea izan dugu musikatik bizitzea lortu dugulako, baina lau katu baino ez gaude hala.
Osasuna, Frantzisko Xabierkoa eta Arrano Beltza bezala, Nafarroako ikur al da Barricada?
Mugimendu handiago baten barnean sorturiko taldea baino ez gara. Tijuana, Tahures Zurdos, Kojon Prieto eta horiekin hasi ginen, Iruñean bospasei irrati libre eta fanzine mordoa egiten zen garaian. Jendearen aitorpena jaso dugu, eta hori da pozgarria. Dena dela, Sanzen antzik ez dugu, e?
Ezagutzen al duzu pertsonalki?
Ez, baina Barcina bai. Osasunaren zelaian ezagutu nuen, palkora gonbidatu gintuzten batean eta bi musu eman zizkidan. Ez naiz bere aurpegiarekin gogoratzen, orduantxe Del Nido pasatu zelako eta sekulako politikari mordoa zegoelako inguruan, gorbatekin eta abar. Nik Indar Gorriekoekin joan nahi nuen, garai batean bezala.
La tierra esta sorda berriki argitaratu duzue. Nola doaz kontuak?
Orain ez da diskorik saltzen, eta ezin da emaitza salmenten arabera neurtu. 12.000 ale saldu dira, garai hauetan ez dago gaizki. Hau izango da segur aski gutxien salduko den Barricadaren diskoa. Kontua da musika mundutik at diskoak entzutea izan duela, eta horrek bete egiten gaitu.
Lurra ez ezik ez al gara gu izango gorrak gaudenak, mutuak,itsuak?
Lehen isiltasuna erabiltzen zen errepresio tresna moduan, eta ulertzen dut Sartagudan 80 gizaseme hil zituztenean jendea isilik egotea, beldurrez. Gaur egungo isiltasuna ezin dut ulertu. Nik 46 urterekin jakin dut zer gertatu zen Ezkaba mendian, eta lotsa sentitu dut. Diskoa ezjakintasun horren aitorpena da.
Frankismoak egindakoetatik zer da, batez ere, ez dakiguna?
Sistema diktatorial batek funtziona dezan erabili behar duen indarkeria maila. Ez naiz ari bataila zelaiko indarkeriaz, atzeragoardiakoaz baizik, militarki harturiko herrietan egin zirenez. Hortaz gain, lotsagarria da gaur egun exhumatzeak familiak ordaindu behar izatea, umeen lapurretari buruz ez hitz egitea, elizaren egitekoa... Tira, nahiko gai lotsarazlea da.
Eta ezkerraren zereginari buruz?
Nik uste dut prozesu hartan eta beste askotan ezkerra oso infantila izan dela, eta ez dela ausartzen eskutik helduta daukan aita, eskuina, askatzera. Botere politiko-ekonomikoak, noski, ez du ezer egingo egoera aldatzeko, oso ona delako haientzat.
Non jarri behar dira barrikadak gaur?
Begira Aminatu, Gaza, Egunkaria, Uralde Danimarkan edo ondoko etxean Down sindromea duen umeak eskolaratzeko dituen arazoak. Indibidualismoagailendu da, eta konturatzen ari naiz ezin garela zain egon noiz antolatuko.
Atzeraka goaz?
Arazoa da oso gizarte ahula garela, oso indartsuak garela pentsarazten diguten arren. Nik nire usteak egunero jartzen ditut zalantzan, horrek mantentzen nau bizirik. Entzefalograma laua helduko da heriotzarekin, eta orduan izango dugu ez pentsatzeko beta. Bizirik gaudela etortzea tristea da.
Optimista izateko arrazoirik?
Bai, motel; musika bera, sortze prozesuak. Eta zergatik ez, Txantreako ikastola. Nire seme-alabek nola hitz egiten duten euskaraz, nik tutik jakin gabe.