Ozeano Atlantikoa, 1912ko apirilaren 14a. RMS Titanic, ordura arteko ontzirik handiena eta luxuzkoena, hondoratu egin zen. Garaiko teknologia berrienak erabili zituzten hura eraikitzeko, eta orduko prentsak «hondoraezina» zela esan zuen. Baina usteak ustel gertatu ziren, eta White Star konpainiako RMS Titanic transatlantikoa hondoratu egin zen izozmendi bat jo ondoren. Ezbeharraren mendeurrena betetzear den honetan, itsasontzitzarraren hondoratzeak, oraindik ere, jende asko liluratzen du.
Titanic XX. mendeko ozeano arteko bidaietan gailentzeko egin zen hiru itsasontzietako bat izan zen. White Star Line zen jabea, eta Belfasteko (Irlanda) oletan egin zuten. Lehen bidaian, Southamptonetik New Yorkera, ontziak izozmendi bat jo zuen, eta hiru ordu eskasetan hondoratu egin zen, 1912ko apirilaren 15eko ordu txikietan. Ezbeharrean 1.522 lagun hil ziren. Bost egun lehenago, AEBetarako bidean, Southamptoneko portua (Erresuma Batua) utzi zuenean, Titanic zen inoiz eraiki zen itsasontzirik handiena: 52.310 tona, 269 metroluze eta 28 metro zabal. Baina ametsak gutxi iraun zuen, apirilaren 14an, 23:40 aldera, izozmendi batjo zuen Ipar Atlantikoko ur izoztuetan, eta hondoratu egin zen. 2.223 lagun zihoazen itsasontzian, baina ontzian zeuden salbamendu txalupetan soilik 1.178 lagunentzako tokia zegoen. Gainera, txalupa asko ez ziren bete. Adibidez, ureratu zen lehen salbamendu txalupan, 65 pertsonentzako lekua zegoen, baina 28 lagun bakarrik sartu ziren. Gau horretan, 1.522 lagun hil ziren, nahiz eta 306 gorpu besterik ez ziren berreskuratu. Emakumeek eta haurrek salbamendu txalupetan sartzeko lehentasuna zuten arren, hildakoen artean hainbat haur eta emakume aurkitu ziren; guztiak bigarren eta hirugarren klaseko bidaiariak ziren. Modu berean, hainbat gizon atera ziren bizirik; gehienak, lehen klaseko bidaiariak. 2009ko maiatzaren 3an hil zen bizirik geratzen zen azken bidaiaria, Millvina Dean. Bederatzi aste besterik ez zituen Titanic hondoratu zenean.
Euskal jatorrikoak
Atlantikoko ur hotzetan itota hildakoen artean bazeuden euskal jatorriko bi lagun: Manuel Urutxurtu politikari mexikarra eta Ramon Artagabeitia uruguaitar aberatsa. Biek ala biek lehen mailan bidaiatzen zuten, eta Ameriketara bizi hobea lortzera joandako bi familia bizkaitarren ondorengoak ziren. Josu Hormaetxeak Pasajeros del Titanic. El último viaje de Ramon Artagaveytia (Titaniceko bidaiariak. Ramon Artagabeitiaren azken bidaia) liburuan kontatzen du Artagabeitiaren azkena. Artagabeitia 1840an jaio zen Uruguaiko hiriburuan, Montevideon. Haren aitak Bilboko ezkerraldea utzi, eta dirutza egin zuen Uruguain. Titanic-en ontziratu zenerako, Ramon Artagabeitiak jada bazituen 74 urte. Diru arazorik ez, bidaiatzea zuen gustuko Artagabeitiak. New Yorkera iritsi, eta AEBetan barna bidaiatzeko asmoa zuen.
Manuel Urutxurturen bizitza, berriz, haren biloba Alejandro Garate Urutxurtu mexikarrak aztertu du. Manuel Urutxurtu 1872an jaio zen Mexikon. Lanbidez abokatua zen. Porfirio Diaz, 34 urtez Mexikoko presidente izandakoaren laguna eta aholkularia izan zen. 1912an, Frantziara joana zen, hango politikari batzuekin biltzera. Etxera itzultzeko asmotan, Frantzia eta Veracruz (Mexiko) arteko bidea egiten zuen Spain itsasontziko biletea aldatzea erabaki zuen. Titanic-eko bat erosi zuen. Itsasontzia hondoratzear zela, politikari eta diplomazialaria zelako, 11. txalupa egokitu zitzaion Urutxurturi. Abokatuak bere tokia Elisabeth Rameel Nye New Yorkeko emakumeari utzi zion. Ordainean, eskaera bakarra egin zion: salbatzen bazen, Veracruzen utzi zuen sendiari gertatutakoaren berri emateko. Rameel salbatu zen, eta Urutxurturen gorpua ez zen aurkitu.
Hirugarren klaseko hilerria
Ez dago frogarik esateko hirugarren kategorian zihoazenei ateak itxi zizkietela salbamendu txalupetara ez iristeko, baina baziren burdin hesiak hirugarren klasekoak beste bidaiarietatik bakartzeko. Errusiarrak, armeniarrak, txinatarrak, siriarrak... leku askotakoak ziren New Yorkeko Elliseko uhartean ezarritako immigrazio eta osasun kontrola pasatu behar zutenak. Gehienak ez ziren iritsi.
Hirugarren kategoriako kamarote eremua hilerri bihurtu zen. 708 bidaiari ziren han, eta soilik 178 atera ziren bizirik; herena ere ez. Lehen kategorian, 325 zihoazen, eta 201 salbatu ziren. Bigarrenean, berriz, 284 ziren bidaiariak,eta 118 salbatu ziren. Eskifaia osatzen zuten 908 kideen artean 692 hil ziren, gehienak Southampton hiriko seme-alabak.
Ezarian. 'Titanic'-en mendeurrena
Ez zen ametsa izan
'Titanic' transatlantikoa izozmendi bat jota ozeano atlantikoan hondoratu zeneko mendeurrena beteko da igandean. Itsasontzi mitikoan 2.227 lagun zihoazen Southamptonetik New Yorkera, eta 1.517 hil ziren istripuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu