XXI. mendea aurrekoetatik bereizten da batez ere informazioarengatik eta komunikazioari esker sortutako ezagutzaren aberastasunarengatik. Batzuek industrializazio garaiko proletalgoari ezagutzalgo deitu diote. Sailkapenak sailkapen, duda izpirik gabe ezagutza sortzeko eta garatzeko ahalmenena da gure jendartearen oinarri garrantzitsuenetako bat.
Ezagutza, aldiz, ez da zerotik sortzen; gakoa pertsonetan dago. Pertsona horiek dira ezagutza sortuko dutenak eta, besteekin partekatuz, ezagutza berria sortzen lagunduko dutenak. Pertsona horiek jendartetik atera behar badute, hezkuntza, baliabideak, guneak eskaini beharko zaizkie.
Hori lortzeko gogoarekin, instituzioek gestioan oinarritutako ereduak proposatzen dituzte; nahiz eta kasu gehienetan parte hartzeari begira emaitzak ez diren oso ikusgarriak izaten.
Horiekin batera, autogestioan edo eredu mistoetan oinarritutako ereduak ere badaude. Jendearen partehartzearen aldetik arrakasta gehiago izan ohi dutenak eta gehienetan baliabide gutxiago behar izaten dituztenak.
Horien guztien artean sortutakoa edo egindakoa berriro ere jendartearen esku uzten dutenak dira baliotsuenak. Horiek dira jendartearentzat onura gehien ekartzen dutenak, eta horrelakoa zen Kukutza gaztetxea ere. Eredu autogestionatua, parte hartzailea, eta, auzoarentzako onuragarria ez ezik, jendarte osoarentzako irekia.
Horrelakoak dira ere teknologiaren alorrean Euskal Herrian hainbatetan egin diren hackmeeting-ak (Hackmeeting.org). Egun batzuetan bildu eta espazio libre batean teknologia eta hacktibismoaz auzolanean sortutako eremuak dira horiek.
Beste adibide bat gurean irailaren 30etik urriaren 2ra Usurbilen auzolanari (Auzolan.info) buruz egingo den bilkura da. Ekonomia, teknologia, elikadura, etxebizitza... hainbat gairen inguruan biltzeko aukera izango dute joaten direnak.
Komunikatzeko aukerak, jende arteko harremanak ezartzeko erraztasunak eta baliabide egokiak elkartzen direnean pertsonek gauza ederrak sortzen dituzte. Kukutza, hackmeeting-ak eta Auzolan.info elkarlana oinarri duten ezagutza sortzeko eremuak dira; horien balioa ikusten ez duenak, ez da XXI. mendean bizi. Ezagutza sortzeko eremuak erraz eta artifizialki sor daitezkeela uste dutenek, saia daitezela; ez dute lortuko!
Komunikazioa. Irlen sarea
'Ezagutzalgoa'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu