EZARIAN. ANIMALIEKIKO TERAPIA. Zaldiaren mugimendua

Eunate Guarrotxenak zaldi terapiako saioak ematen ditu Lezaman, Olaxarre baserrian; zaldiak bi eragin ditu zaldunarengan: «fisioterapia eta psikoterapia».

2010eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Emeki-emeki zaldi terapia Euskal Herrian zehar zabaltzen ari da. Hainbat zentro daude. Bizkaian, Lezaman jaso ahal dira zaldi terapiako saioak. Eunate Guarrotxena (Getxo, 1970) da C.D. Hipico Amigos del Caballoren instalazioetan egiten diren eskolen arduradun. «Haurrentzat zein helduentzat da, burmuineko kalteak edota psikologikoak dituztenentzat», dio. Zaldiak mesede handia egiten diela uste du, «eta, gainera, nahiko arin ikus daitezke onura horiek».

Izan ere, zaldiak bi eragin izaten ditu terapia jasotzen duen pertsonarengan: «Alde batetik, fisioterapia aldetik eragiten du, eta, bestetik, psikoterapian». Lauoineko animaliaren ezaugarriek ematen dute horretarako aukera. «Zaldiaren tenperatura 38 gradukoa da. Bero hori giharren eta lotailuen bidez transmititzen da, eta zalduna erlaxatu egiten da, zaldiaren azalaren gainean baitago». Horrez gain, zaldiak ibiltzeko duen moduak ere laguntzen du. «Gizakiaren ibileraren antzekoa da. Haurra jesarrita dabil haren gainean; ibili ezin denarentzat ibiliko balitz bezala da, neurri batean. Beraz, lokomozio patroia grabatzeko modua da». Alegia, zaldiaren laguntzaz egiten diren oreka ariketak direla medio, lepoko eta bizkarreko giharrak indartzen dira.

Bestalde, bada zaldiak bereziki eskain dezakeen beste ezaugarri bat: haren gorputzak dituen bulkadak. «Minutuko 90-100 bulkada transmititzen dituzte zaldiaren giharrek, eta inpultso horien bidez estimulazio neuromuskularra lortzen da; horrekin batera terapia jasotzen ari denaren beste eremu neuronal batzuk martxan jartzen dira».

Eunate Guarrotxena hezkuntza bereziaren alorrean trebatu zen lehenik, eta zaldi terapiako gradu ondoko bat egin zuen gero. Terapiaren nondik norakoak ongi ezagutzen ditu bost urteko eskarmentuari esker, eta badaki zaldi terapiak ez dituela sendatzen gaixotasunak, «baina egon daitezkeen hobekuntzak azkar ikusten dira askotan». Terapiara doazenen «bizi-kalitatea hobetu» egiten dela dio, «psikologikoki ere motibatu egiten direlako». Dena den, zaldi terapiaren arriskuez ere ohartarazi du: «Gaizki egiten bada, aurkako ondorioak eragin ditzake». Alegia, jakin egin behar da zertan ari garen. «Pertsona bakoitzak bere ariketa zehatzak behar ditu, ez besterik. Ikusi izan ditut zaldi terapia eskaintzeko iragarkiak, baina, egia esan, ez dakit nola egingo duten...». Espastizitatea daukan pertsona batek espastizitate hori arindu dezake zaldien laguntzaren bidez, «edo areagotu ere bai, gehiago tolestu». Horregatik, «zuhurrak izatea» gomendatzen du.

«Ezin dut gehiago hartu»

«Ezin dut jende gehiago hartu; ez dut denborarik». Guarrotxenaren hitzak argigarriak dira. Geroz eta jende gehiagok eskatzen du zaldi terapia. «Nirekin aritzen den lankidea, Saioa Alonso, proiektu bat egiten ari da zaldi terapiako eskaintza oso bat egiteko».

Ez da erraza, ordea: instalazioak, trebatutako entrenatzaileak, zaldiak... azpiegitura nabarmena behar da. «Zaldien aukeraketa ere garrantzitsua da. Altuera jakin batekoak bakarrik balio dute. Terapia jasotzen ari denaren altuerari egokitu behar da zaldia. Eta, horrez gain, animalia lasaia behar da, oso lasaia, lehergailu batek ere izutuko ez duena». Horrelako batzuk badira Lezamako Olaxarre baserrian. Eunate Guarrotxenak han egiten duen zaldi terapiari buruz gehiago jakiteko, [email protected]-era idatzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.