EZARIAN. Argazki bat baino gehiago

Ez da edertasun kontua soilik, garrantzitsuak dira paisaiak gizakiarentzat, eta horregatik hamaika aditu bildu dira egunotan Gasteizen, 'Paisaiaren zikloak' izeneko jardunaldietan.

Inigo Astiz
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Europan zehar urrats erraldoietan ari da paisaia bizitza eta kalitatea galtzen. Aldatu egin behar da hori, eta garrantzitsua da paisaiari buruz sentibera izatea horretarako. Paisaia ez da asteburuko argazki eder bat soilik. Gure eguneroko bizitzaren ohiko gertalekua da». Luis Andres Oriberen hitzak dira. Mendi ingeniaria da bera, eta baita uztailean hasi eta datorren urteko urrian bukatuko diren Paisaiaren zikloak izeneko jardunaldien antolatzaileetako bat ere. Hitzaldiak, mahai-inguruak eta elkarrizketak antolatu dituzte paisaiari begiratzeko, Gasteizen denak. «Aurpegi asko ditu paisaiak, eta hamaika aditu bildu ditugu haiek aztertzeko», azaldu du Oribek. Paisaia bizidunak hiri eta landaguneen artean izeneko lantegietan dabiltza egunotan, eta urriaren 15era arte luzatuko dute.

Ez da edertasun kontua soilik. «Gure ongizatearen eta bizitza kalitaterako faktore oso garrantzitsua da paisaia», dio Oribek. «Ez da oso argia izan behar, lurralde garbi eta sano batek etorkizun hobea izango duela ohartzeko; etorkizun hobea izango duela gauzak era ekologiko eta hobe batean egiten dituen lurraldeak, gauzak unilateralki eta unifuntzionalki egiten dituen lurralde batek baino».

Hori da erronka:paisaiei eustea, eta horretarako gizakiak eragindako aztarna ekologikoa murriztu behar. Aurkako presioak, baina, ez dira txikiak. Garapen eredu ekonomiko osoa du paisaiak aurka, eta hortik dator galera. Europako Ingurumen Agentziak kaleratzen dituen datu txarrak ikustea besterik ez dago egoeraren larriaz ohartzeko, Oriveren ustez. «Estatistikak beldurgarriak dira, bioaniztasun galera ikaragarria dago. Gure garapen ereduak aztarna ekologiko handia uzten du. Etorkizuneko paisaietan igarri egingo da aztarna hori. Arazoa oso larria da, eta sustraietatik heldu behar zaio. Iraunkortasunari buruzko diskurtsoak eta teknologia aurrerapenak gorabehera, aztarnak hazten jarraitzen du».

Ikuspegi kritikoa

Egun, paisaia garapenarentzako muga gisa ulertzen da, maiz, Oriveren hitzetan; oztopo gisa, eta gogor egin behar da ikuskera hori zuzentzeko. Esperientziaz ari da: «Hogei urte daramat nik Ingurumen Zentroan lanean, Gasteiz inguratzen duen eraztun berdearekin lanean. Oso polita iruditzen zaie denei, baina arazo gisa hartzen dute askok. Proiektu mordoa heltzen da. Promotore batzuentzat guztiz bateragarria da natur parke bat 2.000 volteko argindar sare batekin, edo azpiegitura handi xamarrak behar dituen parke eoliko batekin, edo makrokartzela batekin. Kritikoki ikusi behar dira ekintza horiek denak».

Izpiritu kritiko hori piztea da, hain zuzen ere, Gasteizen martxan diren paisaiari buruzko jardueren helburua. 2000. urteko Paisaiari buruzko Europako Hitzarmena da, ordea, haien abiapuntua. Paisaien egoera aztertu eta pixkanaka-pixkanaka aldatuz joatea da hitzarmen horren helburua, eta Europako hainbat herrialdek sinatu dute. Hala deskribatzen du paisaia testuak: «Lekuan lekuko kulturak eratzen laguntzen du paisaiak, eta Europako ondare natural eta kulturalaren osagai garrantzitsua da, gizakien ongizatean laguntzen duena».

EAEko Gobernuak martxan du jadanik bere paisaien identifikazio prozesua, gerora, hura babesteko legediak garatu ahal izateko. Paisaiek dituzten presio eta indarrak aztertzea da helburua, hori kontuan harturik, nola jokatu erabakitzeko. Paisaiek duten garrantziaren sentiberatze kanpainaren barruan daude Gasteizeko paisaiari buruzko lantegiak eta konferentziak. 2011rako nazioarteko master bat ere prestatzen dabil Euskal Herriko Unibertsitatea.

Harremanak harmonizatzen

Paisaia aipatzean, ez da belarrez eta zuhaitzez beteriko inguru idiliko batean pentsatu behar. Bestelakoak ere izan daitezke paisaiak. Lau eredu aipatzen dira, adibidez, Europako hitzarmenean: Gune naturalak, landa eremuak, urbanoak eta hiri kanpoaldekoak.

Ametsezko paisaietatik urrun, Oribek gogorarazten duenez, hiria da biztanleriaren zati handi batentzat ingururik ohikoena. «Jendeak, maiz, paisaia jasangaitzetan egiten du bizitzaren %90a; inguru zaratatsu, kutsatu eta itsusietan, hasiera-hasieratik giza balio izan diren natur inguruekiko beharrez guztiz bereizirik». Hiri eta herrien arteko loturak hobetzea garrantzitsua da, horregatik. Eta hori da Gasteizen egunotan lantegietan lantzen ari diren gaia: hiri eta herrien arteko lotura ekologiko eta fisikoak garatzea.

Arabako kasua aipatzen du Oribek. «Beti izan da paseko gunea hau, eta lurraldea aztarna ekologiko eta kulturalez betetako bide mordoa dugu inguruan. Sare horiek garatzeak lagundu egiten du hiri eta herriek beren lurraldearekin harreman armonikoagoa izan dezaten. Hobetu egin behar dira sare horiek, eta baita hirirako oinezko eta bizikletentzako sarbide eta irteerak».

Badago Euskal Herriko hirietakoa baino eredu hoberik, Oribek dioenez. «Danubio inguruan ibili naiz udan, adibidez, eta Europa Erdialdeko edozein hiritan ia, erraza da hiritik oinez edo bizikletan ateratzea. Normaltasunez azter daitezke paisaiak. Hortik oso urrun gaude gu hemen. Donejakue bidea hor dugu, eta ari gara horretan lanean, baina asko dugu oraindik egiteko Friburgo (Alemania) eta antzeko beste hiri batzuen pare jartzeko».

Izan ere, bada kontuan hartzeko nahiko eredurik, Oriberen hitzetan. Teoria beren lurretan aplikatzen hasiak diren zenbait hiri aztertu dituzte, adibidez, Gasteizko jardunaldietan. Hiriei dagozkienak aipatu ditu Oribek. «New Yorken, Brooklyn inguruan, gauza ikusgarriak ari dira egiten bide gorriekin. Bostonen (AEB) ere gune berde oso onak daude, Ottawan (Kanada) ere oso lan ona ari dira egiten... Kopiatu nahi izanez gero, badago nondik kopiatu». Borondatea piztea izan daiteke horretarako giltza.



Emmanuel Carter.New Yorkeko Unibertsitateko irakaslea
Hiria eta natura. Natura eta hiria. Uztartu ezinak diren bi kontzeptu askorentzat. Maiz kontrakotzat jotzen diren arren, ordea, hiria naturaren barruan ulertu behar dela nabarmendu du Emmanuel Carterrek, eta hiriak «baso urbano gisa» erabiltzea aldarrikatu du.

«Hiriak ekosistema gisa joka dezaten eraiki behar dira»

I. Astiz.

Natura eta hiria. Horra, maiz, kontrako muturretan jarri ohi diren bi ideia. Bi antonimo, kasik. Ez luke, ordea, hala behar Emmanuel Carter New Yorkeko Unibertsitateko irakaslearen ustez. Paisaiaren arkitektura izeneko sailean aritzen da irakasten, eta hiri paisaiari buruzko hainbat ikerketa egin ditu. Dioenez, naturaren barruan ulertu behar da hiria, iraunkorra izango bada; paisaiaren zati integratu gisa.

Ez da oso ohikoa hiria paisaiatzat hartzea, baina bada paisaia, ezta?

Bada, bai. Paisaiarekin lotuta dago haren sorrera, adibidez, hiria baliabide naturalak dituen paisaia batean sortzen delako. Hiriak hiri bilakatzeko paisaia behar du, eta gero hiri bilakatzean ere, baso bat bezain paisaiaren parte da inguruarentzat. Harremanean dago bere inguruarekin. Iraultza industriala heltzean, eta edozer edonon sortzeko gaitasuna lortu zenean, ahaztu egin zen hori, nolabait ere, eta paisaien parte baino gehiago, paisaiaz bestelako zerbaiten gisa ulertzen da hiria horregatik, maiz.

Ideia horretara bueltatzea da, beraz, hiri iraunkorrak sortzeko bidea?

Horretan gabiltza. Hirigintza prozesuan egiten dugun guztia paisaia hobetzeko aukera gisa ulertu behar genuke, era integratuan.

Eta nola egin daiteke hori?

Badira moduak, eta ari dira gertatzen aldaketak. Europa eta AEBetan azpiegitura berdeak deitzen direnak garatzeko planak sortu dira, adibidez. Landaredia guneak sortuz, hiriko lurra materia berdez estaliz... Hiria baso urbano gisa erabiltzen saiatzea da ideia horren oinarria. Hiriak natur sistema gisa joka dezan saiatzea. Ekosistema zerbitzuak eskaintzen dituzte azpiegitura berde horiek. Haien bidez airea garbi daiteke, ura bil daiteke... Kutsadura murriztuz, gainera, ur azpiegituren berrikuntza eta garbiketa gastuak murriztu daitezke, eta baita ura berotzeko eta hozteko gastuak ere.

Ez da ekologia soilik, beraz, badu ekonomiatik ere.

Bai, eta bada behar lukeen besteko garrantzirik aitortzen ez diogun beste gai bat ere: hiritarren umorearena, hain zuzen. Hiritarren ongizatea hobetzen lagundu dezakete azpiegitura berdeek. Ikerketa batzuen arabera, basoan ibilaldia egiteak eragin kimikoak ditu gure gorputzean, eta umore hobean jartzen laguntzen gaitu, eta baita gure sistema immunologikoa hobetzen ere. Baso guneak gure lan guneetara, ikas guneetara edo hiri erdialdeetara hurbiltzen baditugu, beraz, giza produktibitatea hobetu dezakegu, eta, gainera, gure lekuez gehiago gozatu ahal izango dugu modu horretara.

Nolakoa behar luke hiri idealak?

Hiriak ekosistema gisa jokatu behar luke beren barruan, eta baita ekosistema baten parte gisa ere. Ekosistemek beren osagaien dentsitate maila bat izaten dute; batak bestea elika ahal dezan. Hiri on batek, beraz, konpaktua behar du, lehenik eta behin,bestela, iraunkorrak ez diren azpiegiturak eraikiko baititugu. Bigarrenik, iraun ahal izateko aukerak eskaini behar dizkio ez soilik gizakiari, baizik eta baita animaliei eta landareei ere. Hiria osatzen duten guztiei iraun ahal izateko aukerak eskainiz gero, hiria, osotasunean, leku ona izango da bizitzeko. Eta azkenik, hirigintzari dagozkion erabakiak hartzen dituztenek argi izan behar dute egiten duten keinu orok eragin egiten duela hiria hartzen duen ekosisteman. Ezin da ekosistema haren kontra hiririk eraiki, haren parte gisa baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.