EZARIAN. ARGAZKI KAZETARITZA. Begia jartzea

Abenduaren 9ra bitartean, argazki kazetaritzaren hiriburu bilakatuko da Gasteiz, Periscopio jaialdiari esker.

Inigo Astiz
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Begia jartzea da giltza. Maiz, une eta gune egokia harrapatuz gero, egoera baten argazki osoa eman dezake irudi batek. Une batek azal dezake garai bat, eta keinu batek errealitate oso bat. Hori harrapatzea da argazki kazetaritzaren asmoa, eta argazkilaritza horri begira jartzeko sortu zen orain bost urte Periscopio jaialdia, Gasteizen. Hiri osoan antolatu dituzten hamabi erakusketari esker, aurten ere argazki kazetaritzaren Meka bilakatuko da abenduaren 9ra arte.

Mosaiko moduko bat da Periscopio. Hamaika argazkilariren lanen bitartez, inguratzen gaituen munduari begirada bat da. Begirada propioa, maiz, espresuki jaialdirako sortutakoak baitira erakusketa batzuk; Reuters Agentziaren urteko argazkirik onenak biltzen ditu GaurEgungo Mundua izenekoa, esaterako, eta Hirietako itzalak erakusketak, berriz, Carlos Cazalis argazkilari mexikarrak hiri erraldoien alde iluna erakusten du.

Begiratzea ez da beti erraza, eta ikuslearentzat gogorrak izan daitezke Gasteizen bilduriko irudietariko asko. Hala denetan, baina, aurrez ematen dute abisua. Sail horretan daude, adibidez, Irakeko gerrak AEBtako hainbat familiarengan izandako eragina azaltzen duena, War is Personal erakusketa eta, jadanik, jaialdiko klasikoa den World Press Photo lehiaketako argazkirik onenekin eginiko aukeraketarena ere.

Argazki gogorrak denak, baina, halere, Paco Valderrama jaialdiaren zuzendariak dioenez, «egin eta ikusi beharrekoak». Maiz, argazkiaren gogortasuna, gainera, ez dago irudiaren gordintasunaren mailan, atzean erakusten duen errealitatearen bortitzaren mailan baizik.

Kurdistango exodoa azaltzen dute Jose Luis Vidal Coyren argazkiek; edertasunaren bilaketaren atzealdea Zed Nelsonenek; eta New Yorkeko polizia hasi berriek bizi duten shock-a Impact sailak. Ohaideen itzulera izeneko bilduma izan daiteke, ordea, irudien edertasunaz errealitate beltz bat erakusteko joera horren adibiderik argiena. Zeta gorri eta eder artean, Txinako prostituzioaren egoera beltza agertzen dute argazkiek.

Argazkilaritza mota horren mugei buruzko gogoeta eskaintzen du Objektuak. Objektiboak sailak, eta Cesar Lucas argazkilari beterano eta garrantzitsuaren ibilbideari begira ere jarri da jaialdia, atzera begirakoa paratu baitu. Argazkilari gazteek ere badute bere txokoa, ordea, iazko jaialdiko lehiaketako argazki onenei buruzko sailean, eta Ian Parry Beka izenekoan.

Argazkilaritzaren argazkia

Argazkilari gazteen adorea goraipatu du Paco Valderrama Periscopio jaialdiko zuzendariak. Hots apokaliptikoa hartzen dute haren hitzek etorkizunaz ari denean: «Zenbat denboraz iraungo dute gazte hauek bizirik irauteko adina ematen ez dien lanbide honetan? Zenbat galduko du gizarteak beren salaketa, ikerketa eta lekukotasun grafikorik gabe?».

Ez dira sasoi onak argazkilaritzarentzat, eta okerrera egin du egoerak, Valderramaren hitzetan. «Planak, proiektuak eta langile kopurua murriztu dira». Hori da argazkilaritza honen egungo argazkia. Eta hori ere ikus daiteke Gasteizen.



Zer non

Ian Parry Beka. Hainbatenartean. Montehermosokulturunea.

Exodoa Kurdistanen. Jose Luis Vidal Coy. Villa Susojauregia

Impact. Antonio Bolfo.Kordoi Etxea

Obejetuak. Objetiboak. FO-TON taldea.Aiztogile kaleko 15.a

Gaur egungo mundua. Reuters Agentzia.Andre Mari Zuriaren plaza

Begiratzea lanbide. Cesar Lucas. Caja Vital Kutxa Fundazioa.

Ohaideen itzulera. Axelle de Russe. Krea AdierazpenGaraikidea aretoan.

World Press Photo 2010. Hainbaten artean. Hiria Gunea.

Argazkilari Amateurrentzako Periscopio 2009 Lehiaketa. Hainbaten artean. Luis de Ajuria aretoa (azaroaren 10etik, 29ra)

War is personal.Eugene Richards.Ignacio Aldekoa kultur etxea.

Love me. Zed Nelson.Arabako Arte Eder Museoa.

Hirietako itzalak. CarlosCazalis. Antso jakituna kalea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.