EZARIAN. ARGAZKILARITZA. Historiaren istorioak

Bilboko Euskal Museoan, Eulalia Abaitua argazkilari bizkaitarrak 1900-1920 bitartean ateratako argazkiak daude.

Izar Mendiguren. . Bilbo
2010eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Duela mende bateko Bilbo nolakoa zen ikusteko ez da miraririk eskatu behar. Bilboko Euskal Museoko paretei begiratzea nahikoa da zintzilikatuta dauden argazkiei XIX. mendeko Bilboz hitz egiten uzteko. Iraganeko negatiboak historiaren transmisiorako positibo bilakatu ditu Eulalia Abaitua (Bilbo, 1853-1943) argazkilari bilbotarrak. Maiatzera bitarte iraungo duen erakusketak ateak zabalik ditu. Edonorentzako.

Zuri-beltzeko argazki bakoitzaren atzean istorio koloretsu bat dago. Hori izan da Abaituak munduari eginiko irakaspena. Erakusketan, besteak beste ikus daitezke pertsonen erretratuak, Begoña auzoaren inguruak, euskal familien ohiturak, emakumeen bizimodua eta Abra itsasadarraren irudiak. Museoaren argazki artxiboan kontsultagai dituzten 2.500 aletik 216.

Emaitza lan ikusgarria da, Maite Jimenez museoko teknikariaren iritziz. Argazki orijinalak bi dimentsiotakoak dira, baina Abaituaren argazki makinaren bidez hiru dimentsiotan ikus zitezkeen. «Abaituak beira estereoskopikoaren bidez errebelatzen zituen». Kristal berean irudia bi aldiz fotografiatzen zuen, makinan sartu eta argazkia hiru dimentsiodun bilakatzeko. Horretarako, bi irudien artean sei milimetroko distantzia egon behar du. Horrela, burmuinak erliebetan islatzen du begien aurrean duena. «Efektu hori gaur egun lortzea oso zaila da», dio. Aparatuak museoan daude, baina ez daitezke erabili. Bai, ordea, argazki orijinalak biltzen dituzten beirak.

Hormetako batean, hanka airean dutela aurreskua dantzatzen ageri dira bi gizon. Begoñako plazan 1905ean ateratako argazkia da, agintariei errespetua adierazteko txapela eskuan dutela. Erakusketa osatzen duten 55 argazkitako bat. Gainontzeko 161 irudiak, ikus-entzunezko batean bildu dituzte. «Duela 25 urte eskuratu genuen bilduma. Familiari eta museoari esker, Eulalia Bilboko ondarearen zati da». Izan ere, haren birlobek altxor fotografikoaren jabetza pasatu zietenetik, bost aldiz gizarteratu dute erakusketa. «Gai bakarra jorratzen zuten erakusketa bakoitzeko 11 argazkirekin osatu dugu oraingoa, ikus-entzunezkoaren berrikuntzarekin».

Jimenezen ustez, lana ikusgarria bezain ikaragarria da: «Eliza eta hilerria hor dira oraindik, baina Bilboren gainontzekoa asfaltoak irentsi du».

Halako batean, jendez bete da aretoa. Pilar Urrutia bisitariaren ahotsak eten du isilunea: «Umeak erreka igarotzen daudeneko argazkia zoragarria da. Harrituta nago obrak dituen urteekin duen kalitateagatik». Uraren islak bikoitz bihurtu ditu protagonista diren haurrak. Aldamenean, Begoñako santua izeneko koadroa dago; eskale bat txakurrarekin eserita dago, animaliak haren kapela ahoan duela.

Emakumeen erreferente

XIX. mende hasierako emakumeen bizimoduaren ispilua da Abaitua. Jimenezen esanetan, pertsona anonimoak erretratatzea maite zuen. «Oroimeneko imajina asko ditu; emakumeak ibaian arropa garbitzen, karta jokoan ari diren gizonak, familietako argazkiak, lorezaina ardi beltza altzoan duela...»

Bat-batean, iragana freskatuz saski batean murgildu dira ikusleen begiak. Parean dutena ez da saskibaloi partida bat, arrainez betetako otarra buru gainean jarririk merkatura doazen emakumeak dira. «Egin duen lana hor dago, eta meritu ikaragarria du». Izan ere, berriki argitaratu dutenliburuan -La mujer y el trabajo, Emakumea eta lana-, Eulalia Abaituaren hamar argazki aipamen bereziarekin publikatu dituzte. Argazkiak zaharrak badira ere, Jimenezek nabarmendu du literaturara eginiko jauzia ez dela berria. «1906ko liburu batean azaldu ziren inprimatuta lehenbizikoz Abaituaren argazkiak fotos de la señora de Olano argazki oinarekin».

90 urtetan, nagusiki Bilboren eta Arratiaren ilustrazioak egin zituen. «Badira Lekeitio, Donostia, Liverpool eta leku gehiagotako argazkiak ere baina Begoña auzokoak, bere bizilekukoak dira lan gehienak».

Jendea iritsi ahala, iritzi onak baino ez dituztela jaso dio erakusketaren arduradunak. «Jendeak asko gustatu zaiola esan digu, ezagutzen ez zituzten gauza asko ikusi eta ikasi dituztelako». Abaitua familiakoak irrikaz egon dira itxaroten Eulalia Abaituaren argazkiak berriro ikusteko. Horregatik, etorkizunaz mintzatzeak ez du beldurtzen Jimenez: «Historiaren eta argazkigintzaren interesdunek museoa bisitatzea ezin da zalantzan jarri». Urriaren 29an inauguratu zuten erakusketa, eta ia 200 lagun inguru izan ziren.

Erakusketaz gain, Eulalia Abaitua lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute. Batetik, erakusketaren argazki baten inguruko iruzkinik onena sarituko dute. Eta, bestetik, Abaituaren argazki batean oinarritutako egungo argazkirik ederrena hautatu.

Denborak istorioak historia bilakatu ditu. Bitxiak ikusteko, ez da urrerik behar. Altxorra Euskal Museoan dago, Zazpikaleetan. Orain, konpartitzea baino ez da falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.