Aukeratu nahi dituzun buletinak. Beti aurkituko duzu zerbait interesgarria irakurtzeko eta informatuta egoteko.
Jarraitu:
Bizigiro
EZARIAN. ARTE GARAIKIDEAREN BIURTEKOA ANGELUKO HONDARTZETAN. Krema eta toalla artean
Angeluko Arte Garaikidearen III. Biurtekoa abiatu berri da, eta hamar artistak bereziki itsasbazter horretarako egin beste hainbeste obra aurki daitezke hondartzetan gaindi uztailaren 31 arte.
Eguzkia, beroa, hondartza, uhinak, surf oholak, hondarra, krema, oihalak, irriak, loaldia, eguzki kolpea, denbora... eta kubo bat hareaz betea edo komunetako usain goxo erraldoi bat. Angeluko (Lapurdi) itsasbazterreko (4,5 kilometroko luzera) hondartzek uda bakoitzean 200.000 bisitari erakartzen dituzte. Museo anitzek amestuko luketen bisitari kopurua. Angeluko Udalak, berriz, toallaren aurka lehian jartzeko partez, hirugarren aldiz Angeluko Arte Garaikidearen Biurtekoa abian jarri du. Eta horri esker, museoa du ekarri toallaren ondora.
Uztailaren 31 arte, hamar artistak egin hamar obra aurkitzen ahal dira hondartzetan gaindi. Ez dira baitezpada denak begi bistakoak. Kasualitatez aurkitzen dira. Eta hori da, preseski, xedeetako bat. Kasualitatez eta esplikazio handirik gabe, bakoitzak uler eta prezia dezan nahi duen bezala. Gehiago nahi duenarentzat, eskuorriak eta bitartekari ibiltariak izanen ditu.
Artistei proiektua azaltzerakoan finkatu irizpideetako bat izan da hondartzetara joaten den jendeari zuzendu obra baten egitea. Beste baldintzen artean, obra itsasbazterrera egokitua izatea eta aroaren aldaketak jasan ahal izatea ere izan dira. Lanak ez dira zainduak, eta hori ere kontuan hartu behar izan dute artistek.
Batzuek uda bukatu baino lehen grafitiak izango dituztela kasik segur da. Baina hori ere da biurtekoak proposatzen duen desafioa. Hala dio Didier Arnaudet komisarioak. Artisten hautaketaz Arnaudet bera arduratu da. Irizpideak irizpide, gaur egun egiten den artearen berri ematea da biurtekoaren helburu nagusia, museoetara joateko usaia ez dutenek gaurko artearen berri ukateko bide bat irekitzea. «Ikuspegi desberdinak parez pare ezarri eta hortik zer sortzen den ikusteko», Arnaudeten hitzetan.
Ez da arte elitista, baizik eta «bizi dugun munduaz mintzo den artea», Arnaudetentzat garrantzitsua da arte garaikideari horrelako espazio baten ematea. «Errealitatea erabili eta gure irudimenari dei egiten duen artea» ekarri nahi izan du.
Artistak hautatzeko orduan, hori guztia kontuan hartu du Arnaudetek. Idazle eta arte kritikaria da bera ere, eta artisten mundua ongi ezagutzen duelako hautatu du Udalak. Oraindik ez hain ezagunak eta aldi berean ezagunak bilakatzeko bidean diren artista frantsesak ekarri nahi izan ditu Angelura, baita bi gipuzkoar ere, Gipuzkoarekiko lotura gauzatzea garrantzitsua baitzaio: «Arte munduko erabakitzaileek hurbiletik zaintzen dituzten artistak dira guztiak. Gisa honetako ekimenak antolatzeko orduan, horiengana jotzeko usaia dago». Artistak kontaktatu eta Angelura ekarri ditu Arnaudetek, lekuan bereaninspirazioa aurki dezaten.
Lortu emaitzarekin pozik agertu da komisarioa. Aro ederrarekin batera, hondartzak betetzen hasi dira eta obrek beren efektua egiten: «Jadanik zenbait ikusiak ditut Usain goxoa-ren ondoan beren burua argazkitan hartzen. Beste batzuek entzun ditut obren kritikatzen. Gustukoa izan nahiz ez, aipatzea eta komentatzea bera interesgarria da», betiere Arnaudeten hitzetan.
Behin biurtekoa bukatu eta, obra gehienak deseginen dituzte. Batzuk, Julien Previeuxen zementuzko murrua adibidez, lekuan berean eginak dira eta ezin dira garraiatu. Behin-behinekotasun hori ere bada ekimenaren ideietako bat.
01.
Aurelie Slonia
Usain goxo artifiziala, hondartzara begira
Horrelako usain goxoak komunetan aurkitzen dira gehienetan. Itsasoko usaia hedatzen duen horietako bat, iragarkiek diotenez. Hemen, berriz, itsasoari so ezarri du jendeen neurriko usain goxoa. Harkaitz gainean pausatua. Itsasoko usaina, behingoan, egiazkoa du. Baina ez da berea. Natura eta artifizialtasunaren arteko kontraesanak bete betean harrapatzen ditu obrak.
02.
ManuMuniategiandikoetxea
Bariazio bertikalak
Rodchenkori omenaldi bat egin nahi izan dio eskultura honekin bergararrak. Hori bai, obra nahi den bezala interpretatzeko gonbita egiten dio bisitariari. Artearen historiako erreferentziak anitzak ditu, baita erranahiak ere.Margolaritzaren eta eskulturgintzaren arteko mugen arakatzen ahalegintzen da hiru dimentsioko objektu horrekin artista.
03.
Michel Herreria
Hondarrez betea den kuboa
Hondarraren gainean kubo bat. Kuboaren barnean hondarra. Kuboa bera gardena da, hurbiltzen dena ohartzeko gisan kuboaren barnekoan harea besterik ez dela. Keinu poetikoko proposamen bat izan nahi du eskulturak. Lan honek, berez, sinplea badirudi ere, urruneraino bidaiarazten ahal duen irudimena elikatzeko asmoarekin pentsatua du Bordeleko artistak.
04.
Wilfrid Almendra
'The last evidence' eraikuntza
Forma bitxi bati indarra ematea izan du desafioa Almendrak. Auzotegietako baratzeetan aurkitzen diren apainketak izan ditu inspirazio iturri. Fantasia eta ordena elkartzen ditu, begi bistakoa eta ez usaiakoa. Horretarako, arkitektura bereganatu eta horrekin jostatu da, umorea lagun. Utopia sozialen ideia moderno berezi bat gogorarazi nahi du obrarekin.
05.
Laurent Le Deunff
Zurezko matalaz eskultatuak
Matalaz forma duten hainbat zurezko eskultura elkartu ditu artistak. Zelai osoan etzanak ditu, garraio batetik erori kargak balira bezala. Belzteko leku erosoak izan daitezke, agian. Etzateko gogoa pizten dute, baina zurezkoak izaki, ez dira hain eroso izanen. Etxeko ohiko gauza den matalaza hondartza bazterreko zelaian aurkitzean sorpresa eragitea espero du artistak.
06.
David Boeno
Itsasoak ekarri mezua
Hérodote, histoires, VII. 35. izeneko obra, eskultura apal batean idatzi mezu bat da. Badirudi mareak utzia duela hor. Herdoildua da, aspalditik hor balitz bezala. Apala baina aldi berean luzea, letra zulatuek artistak idatzi mezua irudikatzen dute, frantsesez: Xercesek itsasoari hirurehun azote ukaldi eta lotzeko soka pare baturera botatzeko agindu zuen.
07.
Arno Fabre
Iragarkien ordez, legeak
Autobus geltoki eta bide bazterretan aurkitzen diren iragarkien tokiak hemen arrunt beste manera batez erabili ditu artistak. Erosteko gogoa pizteko ordez, hemen gune horiek itsasbazterra arautzen duten legeen azaltzeko erabili ditu. Legeen bidez elkarren arteko bizitza eta oro har mundua eraikitzeko hautatu bideez anitz ikasten dela erakutsi nahi du artistak.
08.
Juan Aizpitarte
Natura babesteko hesia
Donostiako Kontxako hesiak ezagutzen dituztenek, hemen jarri hesiek hangoen eitea dutela pentsa dezakete. Horrekin jostatu da artista. Enpresa berak eginak ditu. Leku aldaketak zer eragin dezakeen neurtzeko bide bat da. Bide batez, biribilean emanez, barneko belarra dute babesten hesiek. Belar hori uda osoan ez dute moztuko. Naturak gaina hartzen ahalko du.
09.
Julien Previeux
Bi murruk osatu telefono primitiboa
Antzerki klandestinoa izendatu du bere obra artistak. Bi murruk osatzen dute. Parez pare, doi bat biribilkatuak dira. Armada ingelesak 1920ko hamarkadan etsaien hautemateko tresna gisa erabiltzen zituzten eraikuntzak ditu inspirazio iturri. Aldi honetan ez da etsairik aurkituko, baina jolasean aritzeko gune bat izan daiteke, bi murruen arteko oihartzuna oinarri.
10.
Stephanie Cherpin
'Where did you sleep last night'
Eskultura honen parioajatorri ezberdineko objektuak elkartu eta kaos moduko bat sortzea da. Supermerkatu, brikolaje saltegi edo obrak egiten ari diren gune, lekuhorietan ditu hartzen objektuak. Emaitzak objektu bitxi baten itxura hartzen du. King Kong, Alien edo gisa bereko munstroak gogoratzeko asmoarekin pentsatua du artistak instalazioa.