Aulestin dago, Bizkaian; herrigunetik kanpo, baina gertu. Munitibarretik Lekeitiora, Lea ibaiaren parean doan 23 kilometroko ibilbidearen aldamenean dago. Learra izeneko taldeak kudeatzen du, eta bertako arduradun Nestor Lejarretak egin zion Lertxundiri proiektu honi heltzeko erronka. Amoroton (Bizkaia) zuen beste eskultura bat, eta hura lekuz aldatu behar izan zuenean sortu zitzaien aukera berri hori. «Aulestiko aspaldiko burdinoletako baserrietatik gora igota, gune interesgarri bat zegoela esan zidan. Han koka zitekeela uste zuen berak. Nik ikusi egin behar nuela erantzun nion, eta pentsatuko nuela».
Ingurua bisitatu zuenean aproposa iruditu zitzaion. Berari hainbeste gustatzen zaizkion inguru natural eta aparteko horietakoa da. Lasaia. Hala, erronka onartzea erabaki zuen. Harrizko hesitura baten aztarnak aurkitu zituen lekua inguratzen. Izan ere, eremu itxia da. Ez dakite ziur zer izan zitekeen leku hura, baina uste dute burdinoletako hondarrak biltzeko tokia zela. Bi urteko lanaren emaitza da Aisureta. Proiektua sortu, mamitu eta burutzeak lanak eman dizkiola aitortu du Lertxundik. «Animoa galduta ere ibili nintzen garai batean». Azkenean, baina, lortu du nahi zuena egitea, eta joan den ekainaren 20an inauguratu zuten, herriko San Joan jaiekin bat eginez. Behin betiko erakusketa izateko sortu da.
Sortzaile lanari ekin zionetik Lertxundik beti izan du harreman estua naturarekin. «Orduz geroztik 30 urte baino gehiago igaro dira!». Bere ibilbidea gai horren inguruan egituratu du. «Naturari gutxiengoa hartuz, gehiengoa eman». Hala laburbiltzen du bere teoria. Ahanzturak eta sasiak irentsitako parajeak berreskuratzea du helburu. Bere esanetan zirujau lana egiten du eskultoreak. «Begirada zoliz lekua osotasunean aztertzen du, eta, ondoren, esku trebez bere iritziko osaketa eta eraldaketa egokiak egiten dizkio». Artea eta natura elkartzerakoan argi dauka bata ezin zaiola besteari gailendu. Bien arteko bat egitea eta oreka bilatzen ditu berak, «inguruari entzun eta hitz egiten utziaz lortzen dena».
Materialen sinbologia
Harria, burdina eta zura izan dira aldian-aldian erabili dituen materialak. Batzuetan bat eta besteetan beste bat. Hala ere, poliki-poliki, ohartu zen bateragarriak direla. «Munduko elementu nagusiak dira. Burdina irakiten dago munduaren barrenean, gainean ura dago harri artean eta lur azalean haizea zuhaitzen artean dabil hara eta hona». Hala, material horietako bakoitza elementu bati lotu zion: burdina suaren ordezkapena izango zen, harria urarena eta zura airearena.
Aisuretako gunean, bada, hiru material horiek erabili ditu. Hiru eskultura dira, baina Lertxundik bakarra osatzen dutela dio. Natura ordezkatzen dute elkarrekin. Burdinazko U bertikal bat da horietako lehena. Suak bezala gorako bidea egiten du piezak. «Oina burdin meatan sartuta, inguruaren memoria historikoa gordetzen du, suaren balioa goratu eta bere neurrian babesteko prest». Inguru honetan aurkitutako burdin hondakinak erabili ditu berau sortzeko. Hurrena harrizko aska bat dago, iturritxo eta guzti. Erdialdeko barrunbea urez beteta dago. Menditik datorren ura bildu, gorde eta askatu egiten du. Erreka alboetako harri biribilarekin egin dela dio. Goraxeago, zurezko tutu erraldoia dago. Nafarroan aurkitutako enbor lehor batekin egindako lana da. Barrua hutsik dauka horrek ere. Egilearen esanetan, «bizitzaren beroa eta heriotzaren hutsunea dakarzkigu gogora, airea zuloetatik sartu-irtenean dabilen artean».
Horrela bada, basoak berak emandako baliabideak erabili ditu. «Eskultore gisa haiek neureganatu, neure erregistroetara egokitu eta itzuli egin dizkiot berriz, sentipen berriak sorraraziko dituen paisaia berrien forman». Hiru pieza horien ondoan, bertan landatutako altzifre gazte multzo bat dago. Haien eta inguruetako gainerako zuhaitzen gerizpean dago Aisureta.
Inaugurazio egunean jendez lepo bete zen. Lertxundi pozik agertu zen herritarrek bere lanari egindako harrera onagatik. Askok gustatu zaiela esan diote. Baina haren asmoa ez da toki jendetsua izatea. Bakoitzak nahi duen erabilera eman diezaioke eremuari: «Ez zait inporta norbaitek sua egiten badu Burdinazko egituraren barruan, ura eskuak garbitzeko erabiltzen badu edo txakurrari egarria asetzeko, ez eta zurezko tutuaren barruan sartu eta etzaten bada ere».
Lertxundik, baina, lasaitasunerako eta hausnarketarako toki izatea nahi luke. «Baso zabalaren barruan dagoen baso txiki honek naturari hurbiletik zabalera begiratzeko perspektiba ematen du, eta inguratzen duen harresiak naturaren zati kontzentratua babestearen eredua ematen du, eta gordetzeko gonbita egiten». Handik igaroko den ibiltariak eskultura ikusi eta naturak zer sentiarazten dion gogoetatzeko sortu du; «bertarako propio sortutako arte objektuen laguntzaz natura ikusi, sentitu, bizi eta maitatzeko gune berezi eta intimoa».
Ziortzako kolegio elizako klaustrotik Gueñesko Arenatzarte parkera
Aisuretako egitasmoa ez da Mikel Lertxundik burututako lehendabizikoa. 2006an aire zabaleko aldi bateko erakusketa berezia egin zuen Ziortza-Bolibarren (Bizkaia), kolegio eskolaren aldamenean. Burdina, harria eta egurra erabili zituen, eta Orekaren bilajarri zion izena, bere betiko materialen arteko armonia bilatzen saiatu zelako.Ahalegin hark fruitua eman du. Izan ere, Aulestikoaz gain, beste proiektu bat ere erabili du esku artean. Gueñesko (Bizkaia) Eskulturen Parkean, Arenatzarten, Natura eta oreka erakusketa jarri du. Bi atalek osatzen dute: kanpoan, kalean, sei eskultura talde daude, eta erakusketa aretoan, berriz, beste hamazazpi lan txikiago bildu ditu. Guztiak toki horretarako egin ditu, beren-beregi.
Erakusgeletatik kanpo ere ikus daitezke eskulturak. Banaka, binaka, multzoan. Hainbat material eta formatakoak. Sarritan herri barruan egoten dira, kale eta parkeetan. Beste zenbaitetan, naturarekin bat eginda.
Eskulturak zerupean
Idoia Etxeberria.Asko dira espazio irekietan dauden eskulturak. Bakarka ageri dira gehienak, edozein kale eta bidegurutzetan. Multzoa osatzen dutenak ere badaude: Donostiako Haizearen orrazia, esaterako. Elkarren ondoan eskultura asko daudenean, berriz, aire zabaleko museo gisakoa osatzen dute. Sarritan herri barruan egon ohi dira halako txoko artistikoak: pasealekuetan, parkeetan. Beste zenbaitetan, naturarekin bat eginda. Paraje ezkutuetan.
Omako basoa da bisitari gehien erakartzen duen naturgune artistikoetako bat, Agustin Ibarrolaren baso sorgindua. Eskultura bihurtutako zuhaitzak dira: 1983 eta 1991 urteen artean 500 pinuren enborrak margotu zituen, mitologia, historiaurrea eta irudimena batuta. Kortezubin (Bizkaia) dago. 1998an zaharberritu zuten. Joan zen astean, oinezkoentzat pasealeku berria eta bisita gidatuakaurkeztu zituzten. Ibon Garagarza artistak Gorlizko (Bizkaia) Ermua mendian jarritako eskulturak ez dira hain ezagunak: Ibilbide izeneko instalazioa egin zuen 2002an, labar eta bideetan arrastoak utziz. Obra oso txikiak dira, 15 cm asko jota, brontzezkoak.
Txillida Leku ere naturarekin harremanetan dago, paraje ikusgarrian. Zabalaga baserriaren inguruan 12 hektareako lorategia dago, eta bertan Eduardo Txillida eskultorearen 40 eskultura. Hori bai, Hernaniko (Gipuzkoa) museoan sartzeko ordaindu egin behar da (8,50 euro bitarte). Xabier Santxotena artistaren museoa da beste adibide bat, euskal kulturaren mitoak eta kondairak ezagutarazteko asmoz egindako parkea. Bozateko Museoa Arizkunen dago (Nafarroa), eta 80 bat eskultura daude, batzuk atari zabalean eta beste batzuk horretarako propio eraikitako zortzi bordatan. Inguruak 32.000 metro koadroko zabalera dauka, eta beste 20.000 metro koadro natura interpretatzeko zentroa da. Sarrera: 4 euro -beherapenak taldeentzat-.
Sartaguda herriko (Nafarroa) Memoriaren Parkean ere badira eskulturak, artea oroimenaren mesedetan erabili, eta 36ko gerrako biktimak gogoratzeko jarriak. 3.420 lagunen izenak erakusten dituen zazpi metroko hormaz gainera, Joxe Ulibarrenaren, Nestor Basterretxearen eta Jose Ramon Andaren eskultura bana ere badaude. Gainera, hainbat literatur testu irakur daitezke parkean.
Herri barruan
Bermeon (Bizkaia) dago herri barruko gune artistiko esanguratsuenetako bat, Lamera parkean: Nestor Basterretxeak Udalari oparitutako artelanak, Euskal Kosmogonia sailekoak. Jatorrizko obrak egurrean egin zituen 1972an; brontzezko erreplikak dira parkekoak. Antzeko zerbait gertatzen da Basaurin, Agustin Ibarrolaren jaioterrian. Bere altzairuzko eskulturaz betetako pasealekua dago: Katalazarra.
Bizkaiarekin jarraituz, Gueñesen Eskulturen Parkea dute; baita Barakaldon ere, oraingoz eskultura gutxi baditu ere. Santurtziko Eskulturen Museoa, berriz, herriko hainbat txokotan jarritako 14 artelanek osatzen dute. Bilboko ibai ertzak ere badu museo tankera: hainbat eskultura dago Guggenheim museoaren eta Euskalduna jauregiaren bitarteko eremuan. Gauza bera esan daiteke Arte Ederren Museoaren kanpoaldeaz, Doña Casilda parkean.
Herri askotan daude eskultura multzoak. Zarauzko (Gipuzkoa) malekoian zazpi eskultura daude, hondartza ondoan, itsasoari begira; horietako hiru Dora Salazar artistarenak dira. Gotaine-Irabarnen (Lapurdi), 2004. urteaz geroztik Iribarne auzoan den parkea artisten esku jartzen dute Xiru jaialdiko antolatzaileek. Hala, dagoeneko bost eskultura dituzte bertan; jarri zuten azkena Nestor Basterretxearena da.
Aldi bateko erakusketak
Aldi bateko zerupeko erakusketak ere izaten dira. Oraintxe bertan Arte Garaikidearen III. Biurtekoa egiten dihardute Angelun (Lapurdi): ostirala arte, hamar artistak egindako hamar artelan ikus daitezke hondartzetan. Iaz, Lekeitioko (Bizkaia) Garraitz irla erakusketa toki bihurtu zen: Jose Pablo Arriagaren 15 eskultura ikus zitezkeen. Bilbon, berriz, Manolo Valdesen 17 eskultura handi jarri zituzten, eta, aurten, Auguste Rodinen zazpi. Koldobika Jauregik Gueñesen jarritako erakusketa ere oraintsu bukatu da; duela hiru urte, haren harrizko 15 eskultura egon ziren Tolosan (Gipuzkoa), tamaina handikoak.