EZARIAN. BAIONAKO BESTAK. Zapi gorria jantziko du Baionak

Ximun Cazaubon jatsuiarrak balkoitik botako duen bertsoarekin, gaur abiaraziko dituzte Baionako bestak, 21:45ean

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2010eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Ofizialki 21:45ak aldera dira abiatuko 78. Baionako Bestak, Herriko Etxeko balkoitik azken urte hauetan usaia bilakatu den bertsoa eta ondotik hiriko hiru giltza sinbolikoak bota ondoren. Aurten Ximun Cazaubon jatsuiarraren esku izanen da balkoiaren beherean bilduko den jendetzari bota beharreko bertsoa. Eta BERRIAk jakin duenez, hiriko hiru giltzak, berriz, Ives Salaberri Xala, Sebastian Gonzalez, Waltari Agusti eta Juan Martinez de Irujo pilotariek botako dituzte.

Bertso eta giltzen zain, ordea, jadanik hasiak dira bazterrak harrotzen. Hiria xinaurri aktibatuen gotorlekua ari da bilakatzen; zuri eta gorriz jantzi xinaurriena. Atzo, usaiako merkealdi nagusiak bereganatu zuen hiriko parte zahar osoa, erosle anitz erakarriz, berriz ere. Han-hemenka bestaren zain ezin egonik ikusi ziren batzuk jada, gaupasa egiteko gogoari ezin eutsiz. Peña, elkarte eta ostaletan, beren aldetik, azken orenak baliatu zituzten dena prest uzteko. Kanpoko ostatuak berriz tindatu, soinu goragailuak finkatu, alkohol erreserbak metatu, gaur gauean hasiko den zurrunbiloari aurrea hartzen.

Gaur, preseski, egun osoanzenbait ekitaldik aitzina hartuko diote abiatze ofizialari. Giltzen zain, giroa berotuz joanen da orduz ordu egun osoan. Tripak ongi bete eta gorputza behar den bezala berotzeko orenak izanen dira, dela bestazaleen lasterketa goizean -Miarritzetik hasiko da-, dela ohiko piper moleten munduko txapelketa eguerdian. Arraunlarien lasterketa hasiko da 17:00etan Errobin, eta errugbilarien gala, berriz, Hego eta Ipar Euskal Herriko selekzioen artekoa, 17:00etan, Zalduen dorrean.

Gorputzak prest, ondotik, bost gau eta eguneko martxan irauteko, ekitaldi ofizial, ez ofizial, Herriko Etxe, peña, elkarte, adiskide, etsai, euskara, erdara, zintzur bustitze, solas, berinazko baso, plastikozko, baso berri, txipiroi, xingar, solomo, musika, dantza, irri, garagardo, kafe, whiski, kantu, giro alai, mozkor eta erokeria artean buruaren sartzeko. Aitzineko urteetan bezala, ostatuek 03:00etan hetsiko dituzte ateak, eta peña eta elkarteek, 05:00etan. Azken horiek 03:00etatik aitzina ezin dute alkoholik saldu.

Zerrenda luzea osatzen duten ostatuei, berri bat gehitu zaie aurten. San Andres plazari begira, Seaska Iparraldeko ikastolen federazioak ostatu berria estreinatuko du. Egunero zabalik atxikiko dute, eguerditik goizeko hirurak arte, salbu, bihartik aitzina, plazan iraganen diren behi lasterketen denboran.

Karrikaldi

Euskal giroa dakarren ekitaldi nagusietako bat da Karrikaldi. Baiona Zaharreko Jacques Portes izeneko gunean, bestela erranik, Lafayette saltegiaren parean izanen da besten denboran. Baionako besten baitan bere bosgarren urtea du ekimenak. Leinua, Ibaialde, Tuntuna, Orai Bat eta Baionako ikastolek antolaturik, urte orotako zaleak preziatzen duten ekitaldia da. Bihar hasi eta igande arte, beti leku berean, beti tenore berean. 16:30ean, eta zazpi orenez, kantu eta dantza gozatzen ahalko dira bertan, ikastolek eskaini talo eta sagaronak dastatuz. Lehen partea ikusgarriek osatuko dute, eta ondotik, denentzako praktika.

Xaho kaia: Gazteszena

Baiona Ttipiko sarreran dagoen Xaho kaiko zelaia animatzeko egin saioek azken urteetan ez dutenez deus eman, aldi honetangazteei dei egin die Udalak programazioa egokitzeko. Hautetsien helburua, prentsaurrekoan zehaztu dutenez, bestetan ikusten dituzten nora ezean galdu gazteei zeregina ematea, ez dezaten denbora guztia pasa edaten. Guneko kontzertuen antolatzaile La Souche Rock elkartea jarri dute, azpiegitura guztia Udalak berak hartzen duelarik bere gain. Urtean zehar jada zenbait kontzertu antolatzen ditu elkarteak Baionan gaindi. Iruñeko talde batzuk ere ekarriko dituzte. Alabaina, Iruñea eta Baiona hirien arteko binakatzearen 50. urtea ospatzeko moduetako bat izanen dute hori. Funtsean, sanferminetan Baionako zenbait talde aritu ziren arrazoi berengatik. Gauero bi talde ariko dira zuzenean. Gehienak rock munduko musika bandak dira, baina rap, ska eta pop musikak ere izanen dute beren lekua. Guztia Willis Drummondekin bururatuko da, igandean, gauerdian. Bestetan, guztira, 65 musika talde aritzekoak dira, hirian gaindi.

San Andres eliza

Baiona eta Iruñea hirien arteko binakatzearen 50 urteak ospatzeko, hain zuzen, igandean iruindarren bisita ofiziala izanen dute. Yolanda Barcina Iruñeko auzapeza etortzekoa da Udaleko delegazio batekin, baita erraldoi eta Iruñeko konpartsakoekin. 120 bat pertsona etortzekoak dira orotara. Bisita berezia konpartsena, biziki arraroa baita konpartsa Iruñetik kanpo ikustea. Ibilaldia 12:00etan hasiko dute igandean, eta San Andres elizatik abiatuko dira. Karriketan gaindi ibili eta, Bonnat museoan bazkaltzekoak dira ondoren. Baionako ordezkari, Jean Grenet auzapeza eta diputatua baita beste kontseilariak ere. Leon Erregearen, bestetako pertsonaia nagusietako bat baita, gorteko giganteak ere ibiliko dira konpartsaren ondoan. Sanferminetan Iruñera joan ziren egun- pasa.

Euskal erakustokia: Musikaldia

Musikaldia ere berritasun bat da. Baiona Ttipian, euskal erakustokian, eguerdiro, trikitilariak eta txistulariak ariko dira harrera gunearen bazterrean.

Poterna

Biharko eguna haurren eguna izanen da. Hortaz, goizeko entzierro txikiarekin hasi eta egun osoan hainbat animazio izanen dira haurrentzat pentsatuak. Tartean, piknik zabal bat, janari biologikoarekin. 1.500 bazkari prestatzekoak dituzte. Arratsaldean, Karrikaldiko bertso eta dantzak ere txiki eta gazteek emanen dituzte. Haurren egunean 5.000 haurrek parte hartuko dutela aurreikusi dute, eta horien animatzeko, 120 laguntzaile.

Kontzertu (a)tipikoak

Hiriko eliza eta sinagogan kontzertuak antolatuak dituzte. Protestanteen elizan, adibidez, larunbatean, Maddi Oihenartek kantatuko du, Julie Laderrochek lagunduko duelarik biolontxeloarekin, 17:00etan.

Patxa plaza

Larunbatean Segik gazte eguna antolatua du Baiona Ttipiko Patxa plazan. 12:00etan, triki-poteo batekin hasiko da Kalostrape ostatuan, plazatik hurbil, eta ondotik, herri bazkaria, plazan. 17:00etan, ekitaldiaren ondotik, kontzertua, Xutik taldearekin. Igandean, berriz, euskal presoen aldeko bazkaria apailatuko dute plaza berean, omenalditik landa. Hortik hurbil, Marengo karrikatik, Euskal Irratiek Itzalean emankizuna zuzenean emanen dute ostiralean, 11:00etan hasi eta 12:00ak arte.

Mousserolles

Lo egiteko oihal etxeak jar daitezke Baiona Ttipian, Gaztelu Berriaren gibeleko partean dagoen Mousserolles gunean. 1.500 leku daude hor. Oihal etxea hor bost egunez jartzeak 60 euro balio du gutxienez. Bakarrik ala bi pertsonentzat. Eta gero, gehitzen den pertsona bakoitz, 10 euro gehiago.

Unibertsitatean: sorospen gunea

Baiona Ttipiko Unibertsitateko sorospen gunea estreinatuko dute aurten. Lehen bi gune zeuden, baina bat txikiegia eta bestea handiegia; orain, bakar bat daukate, eta aski zabala izatea espero dute. Beste gune nagusia Glain guneko elkarteen etxea da.

Euskaldunen plaza: autobusen geltokia

Baionako hiriak aspalditik hartua du hiri barna autoei hesteko erabakia bestetan. Autoak urrun utzi behar dira beti, ez bada goizetan goiz, baina ezin hor utzi 11:00etatik aitzina. Gainera, edan eta autoa ez hartzeko gisan, urtez urte autobusen zerbitzua garatzen ahalegintzen dira. Baionara iristeko azken tren eta autobusak 23:00etan dira. Baionatik ateratzeko, berriz, azken autobusak 04:00etan abiatuko dira. Autorik ez hartzeko bada modua.



Baiona Ttipia doluturik, bertako Cafe Salud ostatuko nagusia zendu berri baita

Baiona Ttipiak hutsune berezi bat izanen du aurten. San Andres plaza bazterrean dagoen Pannecau karrika esanguratsuko txokoa egiten duen Cafe Salud ostatua umezurtz gelditu da, asteburuan Cyril Cazorla nagusia hil baita, bihotzeko baten ondorioz, 35 urterekin. Hamar bat urte ziren ostatua atxikitzen zuela, eta gurasoek eta arrebak laguntzen zuten. Drama, familiarentzat, zein auzo eta lagun guztientzat, hain gisakoa zen gizona hain bat- batean joanik. Elizkizunak gaur iraganen dira, San Andres elizan, 10:15ean, eta iganderako, 11:00etarako, ostatuaren aitzinean elkartzera deitu dute, ostatu auzoek baita ezagutzen zuten guztiek omenaldi xume bat egiteko. Bizkitartean, ostatua hor dago, ateak zerraturik. Besten denboraldi osoan horrela geldituko da. Ateari gehitua, hitzño bat, besterik gabe.





Eguneko egitaraua

10:00 - 12:00 (Merkatuko plazan). Piper arroltze moleten munduko lehiaketa.

11:00 (Boufflers Zumardia). Bestazale lasterketa.

14:00 (Poterna). Herri kirolak.

17:00 (Errobi errekan). Estropadak.

17:00 (Zalduen dorrea). Errugbi partida, Hego eta Ipar Euskal Herriko selekzioen arteko derbia, eta ondotik antzinako Baionako eta antzinako Miarritzeko jokalariena.

20:00(Moderne trinketa) Baionako Masterra.

20:00 (Errepublikaren plaza). Didier Datxarri Trio.

20:00 (Askatasunaren plaza). Abesbatza eta txistulariek diote tonua emanen giroari.

21:45 (Askatasunaren plaza). Ximun Cazaubonen bertsoa.

22:00 (Askatasunaren plaza). Hiriko giltzak botatzea.

22:10. Suziriak.

22:30. Gazteszena, Xaho kaian. Landa's eta Iruñeko gomit berezia: Sueños Rotos taldea.

03:00ak arte. Dantzaldi giroa. Askatasun plazan Jean Ribulin taldearekin, eta merkatu plazan, Heptagon.

EUSKAL GIROA

20:00 (Pannecau karrika). Pintxoek lagundu zintzur bustitzea, Epaiska ostatuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.