EZARIAN. BAIONAKO UNIBERTSITATEA. Kuartela unibertsitate bihurtua
Baionako unibertsitateak lehen sartzea egin du Baiona Ttipiko kuartel ohian; joan den larunbatean ate irekien karietara kanpotik ikusi ezin diren liburutegi, kurtso gela eta baratzeak bisitarazi dituzte.
Nora Arbelbide Baiona
Campus de la Nive izenekoa ofizialki, hau da, Baionako unibertsitatea edo Errobiko kanpusa Baiona Ttipiko bihotzera ekarri berri dutela, han egin dute lehen sartzea 1.953 ikaslek. 2006ko irailean hasi obrei esker, eta milioika euroren truke ekarri dute mendeetan militarrentzako erreserbatu lekua zenera, azken urteetan hutsik zegoena, parte handi batean. Eraikuntza zaharren bizkarrezurra atxikitzea izan da, preseski, proiektu honen apustua, gaur egungo erosotasun eta segurtasun beharrei erantzutea ahantzi gabe.
Kanpotik aldaketak ez dira hainbeste ageri, menturaz. Aldaketa adierazgarriena sartze nagusia daukan eraikuntza berria du. Barnera sartuz edo argazki honetan bezala gainetik ikusiz, anitzez argiago gelditzen da dena. Bizkarrezur zaharrak bizi berezi bat ekartzen dio lekuari, izan daitezen zutabe, ate edo harri ederrek. Argi anitz utzi dutela sartzera, gainera, Baionaren ez ohiko ikuspegi politak ere gordetzen ditu 12.000 m2 dituen eremuak.
Ikasketei dagokionez, lekuz aldatzearekin eskaintza ez dute zabaldu. Zientzia sozialei lotu ikasketak dira bereziki bilduak han, bai fakultatean zein ibilbide teknikoagoetan. Angelun segitzen dute zientziek eta Miarritzen irudiari lotu ikasketek. Baiona, Angelu eta Miarritzen barreiatua, ofizialki, Les pays de l'Adour izendatzen duten unibertsitate hori, erran nahi baita Aturriko herrien unibertsitatea, ez da unibertsitate oso bat. Pauekoaren adar bat da. Baionako 1.953 ikasleez gain, Angeluko 500 ikasleak ez badira ahantzi behar, Pauen, berriz, 8.033 dira. Horri gehitu behar zaio Tarbeseko adarra. Hor 457 ikasle daude, baita Mont-de-Marsanekoa, bere 330 ikasleekin. Paue dute bihotza horiek oro, eta azken hori Bordeleri lotua izaten segitzen du.
Lehen unibertsitatea zegoen Marracq auzoan ez da oraino arras argi eginen dutena, baina urrian Baionako hiriko kontseiluan erran zutenez ikasleentzako bizilekuak jarriko dituzte, baita erizainen eskola eta langile gazteentzako egoitza bat ere. Han segitzen du baita musika eta dantza eskolak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu