Gizakia gizaki denetik, norbait hiltzean hutsunea sortzen da», dio Gerediaga elkarteko Jon Arroitak. Baina, haren esanetan, kristautasuna iritsi aurretik ere euskaldunek heriotza ez zuten bukaera gisa ulertzen. Eta uste horrek eragina izan du gorpuak ehorzteko orduan.
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, Errituak defuntuen alde izeneko erakusketa antolatu dute Garaiko Elizabarrin, Bizkaian. Gaur eta bihar ere zabalik egongo da, 11:00etatik 14:00etara. Horren aitzakian bisitak gidatu zituen atzo Arroitak, heriotzarekin zerikusia duten herriko hainbat gune elkartuz.
Euskal Herrian egindako ehorzketa zaharrenen lekuko dolmenak dira. Euskaldunek tribu nomada izateari utzi ziotenean,muinoetan herrixkak sortu eta hildakoak lur santu kontsideratzen zituzten tokietan lurperatzen hasi ziren. Horietako bat da, kasurako, bisita gidatuaren abiapuntua: Momoitiko San Juan baseliza. «Hegoaldera begira dago, eguzkia bilatzen zutelako. Bi arrazoi zeuden horretarako. Bat praktikoa da, lurra lantzeko behar baitzuten. Bigarrena espirituala: Ama Lurrarekin batera eguzkia ere gurtzen zuten». Hala, Momoition aurkitutako hilobien aztarna zaharrenak tenpluaren hegoaldera eta ekialdera daude kokatuta.
Mendeak igaro ahala lurperatzeko moduak aldatu arren, ekialdera begira jartzen zen gorpua beti. «Hurrengo bizitzara igarotzeko, eguzkia bilatzen zuten». IX. mendeko hilarrietan burua dagoen parean, gainera, zulo bat aurkitu dute. Arroitaren esanetan, hilarri horren gainean sua pizten zuten, sua baitzen herrixka edo kofradia horretako belaunaldi guztiak batzen zituena: lehen izandakoak, orain direnak eta gero etorriko direnak. Bat-egite hori irudikatzeko, txingarra sartzen zuten zulo horretatik.
Kristautasunarekin errituak aldatzen hasi ziren. Edonola ere, argiak edo suak beti izan du garrantzia hildakoen eta bizien arteko hartu-eman horretan. «Hildakoak lurpean zeuden, ilunpetan. Beheko mundu batean. Nola egingo zuten gauez etxekoekin elkartzeko, haiekin egotera edo haiek babestera etortzeko? Argia zen bidea». Horregatik eduki behar zuten sua beti piztuta etxeetan, eta elizetan igandeetako meza nagusian argizaiola.
Etxeko iragana eta etorkizuna
XII. mendera arte elizetan santuak baino ez ziren ehorzten. Gregorio IX.a aita santuak, baina, fededun guztiei zabaldu zien aukera hori. Hala, etxeak tenplu funtzioa galdu zuenez, parrokietako hobi edo jarlekuak etxearen parte bihurtu ziren. 1452an, hain zuzen, Bizkaiko Foru Zaharrak elizan ehorzteko eskubidea jaso zuen, eta jarlekua etxearen jabegokoa zela aitortzen zuen.
«Etxea sakratua bazen, eta tenplua ere bai, nola eraman gorpua batetik bestera?». Konponbidea andabideak izan ziren. Gorpuak ezin ziren beste bide batetik igaro. Horrek bazuen bere alde txarra. «Andabidea uholdeak harrapatu bazuen, zer egin?». Beste nonbaitetik igarotzeak bide berria ere andabide bihurtzen zuen, alegiapubliko, eta jabeek jabegoa galtzen zuten, eta inoiz istiluak ere sortzen ziren horregatik.
Etxekoandrea izaten zen jarlekuan esertzen zena eta eskaintzak egiten zituena. Ezkondu ondorengo domekan joaten zen meza nagusira, eta bi argizaiola pizten zituen. Ordura arte ez zen benetan eta modu ofizialean etxekoandre eta etxe hartan bizi zen familiako kide bihurtzen. «Azpian dauden hildakoen aurrean, etxekoandreak mundura ekarriko zituen seme-alaben etorkizuna ordezkatzen zuen».
EZARIAN. Biziak zein hildakoak, etxeko
Hildakoak elizetan ehorzten hasi zirenetik, hobi edo jarlekuak etxearen parte bihurtu ziren. Erritu horien inguruko erakusketa ikus daiteke Garain gaur eta bihar, Bizkaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu