EZARIAN. Bizitzak ez du hartzen erretirorik

Bihar arte egongo da zabalik Nagusi 2010 azoka, BECen. Erretiroa hartu duten gizon eta emakumeen bizi-kalitatea bermatzeko aukerak ezagutarazi nahi dituzte haren bidez.

Ibai Maruri Bilbao.
Barakaldo
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Portugaleteko abesti ezagun bat kantatuko dugu segidan: Botecito, botecito», ohartarazi du abesbatzako zuzendariak. Entzuleek txaloz erantzun diote, eta askok haiekin abestu dute. Agertokiaren aurrealdea lepo bete da, oholtza gainean dauden 30 gizon-emakumeren ahotsak entzuteko. Nagusi 2010 azokako lehen ekitaldietako bat da. Atzo goizean hasi eta bihar arte egongo da zabalik hirugarren adinekoen ongizateari eta astialdiari buruzko azoka hori, BECen. Sarrera doakoa da.

Adinean aurrera egin arren bizitza luze eta kalitatezkoa izatea posible dela erakustea da azoka honen helburua. Helburu hori lortzeko dauden aukerak ezagutarazten dituzte bertan. Adibidez, erretiroa hartu ondoren astialdian egiteko ekintzen berri ematen da. Kultur ekintzak, ikastaroak, bidaiak... Arlo horri lotutako elkarte eta erakundeek euren eskaintzak ezagutzera emango dituzte egunotan.

Informazio erabilgarria

Sekulako ilara sortu zen Bilboko Udalaren erakusmahaiaren inguruetan goizean. Salda beroa banatzen zuten, eta denek probatu nahi zuten. Barakaldoko Udalak, berriz, karaokean kantatzeko aukera ematen du, eta ez dira gutxi ezkutuan gordeta daukaten ahots eder hori denen aurrean erakutsi nahi dutenak. Umetako oroitzapenak kontatzeko ere eskatzen zaie, narrazio lehiaketan. «Zer kontatuko dugu, ba? Denok antzeko gauzak egingo genituen», zioen Santurtziko adinekoen egoitzako emakume talde batek.

Astialdirako aukerak dezente dira. Dantzaldi eta kontzertuak izango dira, kasurako. Baina adin horretan kezkak eta arazoak ere izaten dira. Gehienbat osasunak kezkatzen ditu adineko gizon-emakumeak. Osteoporosiaren elkartekoek prebentzio probak egiten dituzte azokan. Alzheimerra eta Parkinsonen gaitza dituzten gaixoen elkartekoak ere parte hartzen ari dira. Bilboko Elizbarrutiko nagusiekin egiten duten lana erakusten dute, batez ere, Bizkaiko Caritasen eskutik.

Hitzaldiak ere ez dira gutxi. Bizi testamentuari buruzko informazioa banatzen dute, Ertzaintza etxeko segurtasunari buruzko ikastaroak ematen ditu eta Gurutze Gorriak osasunaren inguruko ikastaroa ematen du.



Arantza Olazabal.EHUko esperientzia geletako ikaslea

«Bizitzako garai honetan planteatzen ez diren gaiez hausnartzen dugu»

I. M. Bilbo

Irakasle ikasketak egin zituen Arantza Olazabalek (Beizama, Gipuzkoa, 1947), eta erretiroa hartu arte irakaskuntzan egin du lan. «Ikastea ez da kontu arrotza niretzat», dio.

Zergatik eman zenuen izena esperientzia geletan?

Beti izan dut ikasteko jakin-mina. Ikusi nuen nire adinerako bazegoela karrera moduko bat. Hasieran oso eszeptikoa nintzen, baina izena eman eta probatzea erabaki nuen. Orain oso gustura nago, eta ez naiz batere damutzen.

Lana uzteko ordua iritsi aurretik hasi zinen gero zer egin pentsatzen?

Zaletasun asko ditut, eta uste nuen haiekin beteko nuela denbora. Hau ez zegoen nire planetan inondik inora. Bazegoen diziplina apur bat ezartzeko beharra ere. Eguneko ordu osoak dauzkazu, eta interesgarria da ordu batzuk lotuta edukitzea betiere gustuko gauzekin.

Esperientzia geletan hasteak asko aldatu du zure eguneroko bizitza?

Esperientzia geletan hasteak baino gehiago, erretiroa hartzeak aldatu zidan. Lana utzitakoan urtebete egon nintzen ezer egin gabe. Aske egon nahi nuen denboraldi batez, iratzargailurik gabe.

Bakarrik eman zenuen izena ala lagunen batekin?

Bakar-bakarrik eta zer den jakin gabe. Orain, bertan nagoela, konturatzen naiz jende askok badakiela zer diren.

Zer ematen dizu esperientzia geletara joateak?

Gauza gehienetan bezala, hau ere subjektiboa da. Gai interesgarriak lantzen ditugu, eta irakasleek ondo komunikatzen dute. Beste kontu bat nabarmenduko nuke: gure bizitzako azken laurden honetan planteatzen ez ditugun gaiei buruz hausnartzen dugu.

Adibidez?

Teknologia aldetik, kasurako, zer-nolako aurrerapenak dauden argitzea, eta zer erabilera duten. Hori erretiratu batek ez luke bere kasa jakingo. Berdin medikuntzaren edo artearen kasuan. Bizitzari zentzua emateko edo dena zalantzan jartzeko balio duten hausnarketak bilatzen dira.

Zer-nolako ikaskideak dituzu?

Denetik dago. Irakasle izandakoak dira asko, baina badaude arkitektoak, ingeniariak, idazkari izandakoak. Eta badaude etxekoandreak, jostunak, unibertsitatearekin sekula harremanik izan ez dutenak ere.

Gaur egun bigarren mailan zaude. Bukatutakoan zer?

Auskalo! Urtez urte nabil. Lehenengoa hasi nuen, eta gustatu zitzaidanez, bigarrena hasi dut. Eta, honekin ere oraingoz gustura nabilenez, seguruenik hirugarrena ere egingo dut. Gero zer? Ez dakit!





Fernando Iraeta.Bilboko Hizkuntza Eskolako frantses ikaslea

«Eskolara joan eta etxean ikasi beharra onuragarriak dira nire orekarako»

I. M. Bilbo

Fernando Iraeta (Azkoitia, Gipuzkoa, 1948) 17 urterekin hasi zen lanean, metal arloko enpresa batean. «Gero Bilbora etorri nintzen eta hainbat enpresatan egin dut behar», dio. ELA sindikatuaren Manu Robles-Arangiz Institutuko zuzendaria izan zen urte askoan. Kazetaritza ikasi zuen Leioan: «Beti garrantzi berezia eman diot prestakuntzari».

Zerk bultzatu zintuen frantsesa ikastera?

Duela bi urte hartu nuen erretreta, eta denbora tarte horretan Huhezin Euskal Kulturgintzaren Transmisioa gradu ondokoa egin dut. Amaitu dut proiektua, eta frantsesari gogor heldu nahi izan diot. Astean bi egunez klasea dugu, eta beste batean mintzapraktika.

Zergatik frantsesa?

Euskal Herriko hiru lurraldetan ofiziala da. Gure hiru hizkuntzetako bat da. Gaztelaniaz eta euskaraz moldatzen naiz, eta frantsesa ere maila horretan hitz egin nahi nuke. Gazteagotan zerbait ikasia nuen, eta gaur egun irakurtzeko edo irratia entzuteko nahiko ondo moldatzen naiz. Hitz egiteko arazo gehiago ditut, eta horri eman nahi nion garrantzia.

Hizkuntza ezagutzea erabilgarri izango zaizula iruditzen zaizu?

Hainbat lagun ditut Ipar Euskal Herrian, eta haietako batzuek ez dakite euskaraz hitz egiten. Haiekin komunikatzeko baliagarria izango zait. Frantziara joateko ohitura ere badugu. Eskualde ederrak daude bisitatzeko. Uste dut lagungarria izango zaidala.

Gerora beste hizkuntzarik ikasi nahi zenuke?

Oraingoz frantsesarekin nahikoa dut, baina hau menperatutakoan, agian.

Adituek diote hizkuntzak umetan ikasten direla ondoen. Zailtasun hori nabaritzen duzu?

Ni erabat ados nago horrekin. Gure seme-alabak, euskaraz eta gaztelaniaz aparte, ingelesez ere nahiko ondo moldatzen dira. Lanera hasi aurretik ikasi zuten hizkuntza hori. Nik ikusten dut gramatika eta horrelako arauak ikasteko zailtasunak ditudala.

Agerikoa da ikasteko ohitura bizitza osoan eduki duzula. Edonola ere, adinarekin gehiago kostatzen da liburu artean murgiltzea?

Beti izan dut irakurtzeko ohitura. Orain ere etxetik kanpo nire txokorik maitatuena liburutegia da. Ohiturari eutsiz gero, ez da kostatzen.

Erretiroa hartzeak zertan aldatzen du pertsonaren bizitza?

Besteak jarritako konpromiso eta eginbeharrak desagertzen dira, eta astialdia gozatzeko denbora gehiago duzu. Norberak erabakitzen du zertan erabili: ikasten, kultur ekintzetan parte hartuz, lagunekin planak eginez, familiarekin egoteko...

Beharrezkoa ikusten duzu denbora antolatzea?

Ona da nolabaiteko diziplina edukitzea, eta lotura batzuk. Nire kasuan eskolara joan beharra eta etxean ikasi beharra onuragarriak dira, neure orekarako. Luzera ez da ona eguna hasi eta zer egin ez jakitea.

Ikasteaz gain, zer egiten duzu?

Abesbatza bateko kide naiz. Astean lau orduz entseatzen dugu, kontzertuak ematen ditugu... Maiatzean Parisera joango gara, Lezamako abesbatzarekin batera, Unescok antolatutako jaialdi batera. Horrelakoei esker harreman esparrua zabaldu egiten da.





Josu Rodrigo.Derioko Untza mendi taldeko kidea

«Egun batez ibilaldia huts eginez gero, itzultzean trakets sentitzen naiz»

I.M. Derio

Derio ondoko siderometalurgia enpresa batean egin du lan Josu Rodrigok (Erandio, Bizkaia, 1942). «Goizean goiz sartu eta iluntzean irteten nintzen lantokitik. Etxerakoan ez nuen gogo handirik izaten, eta astirik ere ez», gogoratu du. Asteburuetan egiten zituen osteratxoak. Astegunez, noizean behin kiroldegira joaten zen, igeri egitera.

Zer du mendiak zu hainbeste erakartzeko?

Zaletasun horrekin jaiotzen garela uste dut. Naturaganako maitasuna berezkoa dugu. Atsegin dut zuhaitz artean ibili eta txorien kantua entzutea da.

Aspalditik datorkizun zaletasun bat da edo erretiroa hartu duzunetik duzu mendirako joera hori?

Mendira 20 urte nituenetik joaten naiz, gutxi gorabehera. Ia 50 urte ditu nire mendizaletasunak. Hasieran gutxiago joaten nintzen. Zenbat eta gehiago joan, gehiago gustatzen zaizu.

Zenbatean behin irteten zara ibiltzera edo mendira?

Igandeetan joaten naiz mendira, mendi taldekoekin. Uztailean eta abuztuan izan ezik, astero egiten dugu irteera. Ahal dudan guztietan joaten naiz, aparteko konpromisorik sortzen ez bada. Hala ere, egunero egiten dut osteratxoa. 10 edo 11 kilometro inguru egiten ditut goizetan; gutxi gorabehera, bi ordu inguru.

Nondik ibiltzen zara?

Mendi taldeko kide diren beste erretiratu batzuekin joaten naiz. Bospasei biltzen gara. Mendi taldeak San Isidro jaietan ibilaldi neurtua antolatzen du, eta orduan mendiko ibilaldiak egiten ditugu. Gainerakoan, hemen inguruko landa bideetan ibiltzen gara, edo Zamudioko Parke Teknologikotik. Astelehenetik larunbatera joaten gara.

Gaitasunak gutxitu zaizkizula sentitzen duzu? Edo egunero ibiltzeak sasoiko mantentzen lagundu dizu?

Gutxitu zaizkidala ukaezina da. Kirola egiten ez naiz orain gutxi egiten hasi; betidanik egin dut. Hortaz, badakit lehen zenbateko gaitasuna nuen. Azken urteetan gehiago eta errazago nekatzen naizela sentitzen dut. Astelehenean 68 urte beteko ditut!

Edonola ere, gaitasun urritze hori motelduko du kirola egiteak, ez?

Bai, noski. Egun batean edo bitan huts egiten badut goizetako ostera, itzultzean traketsago nabilela nabaritzen dut. Giltzadurak eta muskuluak gogortzen zaizkidala dirudi.

Bizi-kalitatea mantentzeko lagungarri zaizu, hortaz.

Izugarri! Igeri egitea ona dela diote, baina ibiltzea ere bai, e? Zangoak mugitzean, bihotza ere mugitzen da. Osasunez ondo nago. Hezurretan badut arazoren bat edo beste, eta noizean behin ibiltzeko arazoak ematen dizkit, baina gainerakoan, primeran nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.