EZARIAN. Dagokien lekuan kokatu ezinik

Tetris izeneko joko ezaguna asmatu zutenetik 25 urte igaro dira. Hasieran, Europa mendebaldeko estatuetan hedatu zuten, arrakasta apalarekin. 1988an, Game Boy kontsolarekin batera merkaturatu zenean, baina, historiako bideo joko ezagunenetako bat izatera igaro zen.

Ibai Maruri Bilbao.
2009ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Egin beharrekoak ez du aparteko zailtasunik. Akaso, horrek egiten du hain erakargarri. Pantailaren goiko aldetik itxura desberdineko blokeak erortzen dira, astiro-astiro. Horietako bakoitza lau koadrotxoz osatuta dago, eta jokalariak horietako bloke bakoitzari bueltak eman behar dizkio, egokien datorkion posizioan jartzea lortu arte. Bien bitartean beheraka jarraituko du piezak, denbora mugatuz. Erabat jaisten denean dagokion tartetxoan ahalik eta ondoen kokatu behar da. Lerroak egitea da helburua. Osorik betetzen bada, desagertu egingo da. Ilaretako hutsune guztiak ondo bete ezik, ordea, bata bestearen gainean pilatuko dira blokeak, horma goraka haziz. Pantaila osoa betez gero, jokalariak partida galdu du. Bestela, jokatzen jarraituko du. Horixe da Tetris izeneko bideo joko ezagunaren muina.

Aleksei Pazhitnov izeneko gazte errusiarrak asmatu zuen, duela 25 urte. Ikerlaria zen Moskuko Zientzien Akademian, Sobietar Batasunaren garaian. Inteligentzia artifiziala zuen aztergai nagusia. Elektronika 60 zen bere ordenagailua, PDP-11 tamaina txikiko ordenagailu estatubatuarraren imitazio bat. Huraxe izan zuen sortze prozesuan laguntza bakarra. «Umea nintzenetik gustatu izan zaizkit entretenimenduzko eta matematikarekin lotutako puzzleak. Ezagutzen nituen aldaera guztiak batzen saiatu nintzen», gogoratzen du.

Bi aste inguru behar izan zituen zer eta nola egin erabakitzeko. Bata probatu bestea probatu, azkenean besteak baino gehiago gustatu zitzaion bat aurkitu zuen. «Dibertigarriak ziren denak, baina bazen bereziki arreta erakarri zidan bat». Hala, 1984ko ekainaren 6an jaio zen Tetris jokoa. Arratsaldean hasi eta bukatu omen zuen programatze lana. «Ez zuen ez mailarik ez lortutako puntuen araberako zerrendarik. Jokatzen hasi nintzen, eta ezin izan nuen lotu!».

Bideo jokoetan ezagunena bilakatu da, eta inor gutxi egongo da behin edo behin harekin jokatu ez duenik. Behin saiakera egin duen horrek, gainera, ahalegin gehiago ere egingo zituen, seguruena. Ez da alferrik adikzioa sortzen duen jokoetako bat.

Arrakasta mantsoa

«Sortu nuenean jakitun nintzen sekulako burutazioa izan nuela. Banekien ez zela edozelangoasmakuntza izan. Baina ez nuen imajinatu ere egin horrenbesterainoko arrakasta izango zuenik», aitortzen du Pazhitnovenek. Harentzat ere ezusteko galanta izan zen gerora sortu zen fenomenoa. Jokoa hark asmatu zuen arren, ez du bere burua aditutzat. Nahiko ona dela dio, baina ez primerako jokalaria. Halaber, tradizionala dela onartu du: «Oraindik ere ordenagailuan jokatzen dut», dio 25 urte igarotakoan. Nahiago du berak sortzeko erabili zuen euskarria, gerora agertu diren berriagoak baino.

Arrakastaren arrazoiak zein diren asmatzen ere saiatu da atzerako begirada honetan. «Besterik gabe, joko ona da, erraza, ulergarria eta plataforma berrietan erabiltzeko modukoa. Nik uste horrek egin duena hain ezagun, eta seguru nago aurrerantzean ere maila honetan jarraituko duela».

Orain arte izan duen hedapena, behintzat, harro egoteko modukoa da. Tetris jokoaren aldaera guztiak batuta, 70 milioi kopiatik gora saldu dira 25 urteotan. Arkitekturan, artean eta musikan eragina izan duela diote. Hainbat marka hautsi dituela eta, behin baino gehiagotan agertu da Guinnes liburuan. Baina arrakastaren maila jokalarien iritziak adierazten du argien: inoizko bideo jokorik onena aukeratu izan dute sarritan.

Gerora izan zuen sona hori, baina poliki-poliki eskuratu zuen. Hasieran, ez zuen aparteko hedatzerik izan. Vadim Gerasimov izeneko gazte batek ezagutarazi zuen. Pazhitoven lankidea zen akademian; 16 urte baino ez zituen mutikoak. Jokoa IBM PCra eraman zuen, eta horiek Europa ekialdean merkaturatu zuten, 1985ean. Hungarian, hala ere, debalde banatu zuten. Programatzaile hungariarrek izan ziren, hain zuzen, Tetris jokoa Apple II eta Commodore 64rako programatu zutenak.

Game Boy-rekin batera

Robert Stein CD-ROMen sortzaileari interesgarri iruditu zitzaion, eta jokoaren eskubideak lortzen saiatu zen. Microsoft ingelesari eta Spectrum Holobyteri saldu zizkien eskubideok eta berehala merkaturatu zuten Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan. Aipamen honekin banatu zuten, gainera, Gerra Hotza artean gori-gori zegoela: «Ameriketako Estatu Batuetan egina, atzerrian sortua».

Herbehereetako bideo joko sortzaile batek eman zion azken bultzadatxoa. Henk Rogers zuen izena. Las Vegaseko (AEB) Consumer Electronic Show izeneko azokan aurkitu zuen, eta liluratuta geratu zen. «Ikusi nuenean sinpleegia iruditu zitzaidan. Ez zuen ezer berezirik! Beste buelta bat eman eta berriz egin nuen harekin topo, eta bigarrenez jokatu nuen. Baita hirugarrenez ere. Berehala kateatuta nengoen. Inoiz ez zitzaidan gertatu azoka batean aurkitutako bideo joko batekin». Rogersek lizentzia eskuratu eta Nintendo enpresa japoniarrarekin hitzarmena adostu zuen.

Game Boy kontsola eramangarriaren joko nagusi bihurtu zen. Tetrisek Game Boy-ren arrakasta ekarri zuen, eta Game Boy-k Tetris ezagun egin zuen. Pazhitnov Tokiora joan zen, eta Nintendoren egoitza bisitatu zuen. Haren esanetan, orduan ohartu zen berak sortutakoa sekulako asmakuntza izan zela.

Bada Rogers harrotzen duen kontu bat. PCak agertu zirenean, joko baten kopia egiteko urtebete nahikoa zela gogoratzen du. Askotan, gainera, hobetu egiten zutela dio. «Pentsatu nuen laster izango genuela Tetris hobe bat. Saiatu izan dira. Askotan. Baina 25 urte igaro dira, eta, artean, inork ez du lortu».

Gaur egun Pazhitnov eta Rogers dira jokoaren egile eskubideen jabe, eta lizentziak saltzeaz arduratzen dira. Jokoari sortzen dioten aldaera berri bakoitza gertutik jarraitzen dute. Pantailako joko eremuak neurri jakin batzuk izan behar ditu, lau koadroek osatutako blokeek ere kolore zehatzak izan behar dituzte, eta botoiak zelangoak izan behar diren ere ezarrita daukate. Sortzaile berriek ezaugarri horiek guztiak bete behar dituzte. Baita jatorrizko musika errespetatu ere. Karobeiniki izeneko doinua ezaguna da.



Gehiegi jokatzearen onurak eta kalteak

Bere ezaugarri nagusietako bat da jokatzeak sortzen duen adikzioa. Askoren ustez, gehiegizko zaletasunak buruari kalte egiten dio. Badira, hala ere, mesedegarri izan daitekeela diotenak.
Tetris jokoak adikzioa sortzen duela inork ez du zalantzan jartzen. Horren adibide hegaldi batean gogoari eutsi ezin eta debekua ez betetzeagatik lau hilabeteko espetxe zigorra bete zuen gazte ingelesa.

Askorentzako hainbesteko zaletasuna ez da ona. Tetris efektua izenekoa sortzen duela diote. Ordu gehiegi jokatuz gero, burmuinak piezak kokatzen jarraitzen du, nahiz eta dagoeneko horretan ibili ez jokalaria. Ametsetan ere horrekin egin daiteke, eta egiten dute oso zaletu direnek. Burmuinak hainbeste lan egin eta atsedenik hartu ezin duenez, estresa eragiten dio. Badira, hala ere, Tetrisen jokatzeak buruari mesede egiten diola uste dutenak ere. Richard Haier psikologia irakasleak Kaliforniako Unibertsitatean giza adimenari buruzko eskolak eman izan ditu, erretiroa hartu zuen arte. Haren esanetan, Tetrisekin luze jokatzen duen burmuinak, jokaldiak aurrera egin ahala, eraginkortasunean gora egiten du. Haierek dio aurrenekoz jokatzen denean, burmuinaren funtzio eta jarduerak ugaritu egiten direla, eta energia eta glukosa kontsumoak gora egiten duela. Jokalariak praktikarekin trebetasun handiagoa izango du. Kasu horretan kontsumo horrek behera egingo du, eta eraginkortasuna erruz haziko da, jokoaren iraupena izugarri luzatzeko gaitasuna hartuz.

Arrazoitzeko gaitasuna izugarri hazten da Haierren ikerketen arabera. «Pentsatu gabe pentsatzeko gaitasuna eskuratzen du». Arazo baten inguruan bistaratzeko gaitasuna izango du burmuinak, eta pentsatu gabe konponbidea aurkituko dio, alegia.

Geometria eta logika uztartzen dituen jokoa izanik matematikarekin lotura estua dauka. Asko izan dira teoriak sortzen saiatu direnak. Dena den, probabilitate arauak apurtzeko, piezen ausazko maiztasun eta banaketa txertatu zizkioten sortzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.