Nostalgian erori gabe, ordea, eiherak aipatzerakoan oraina ere erabil daitekeela ari dira zenbait. Bihar iraganen den Eiheren Egunaren karietara horietako batzuek ateak beren eiheren ateak irekiko dituzte. Hari beretik, Ipar Euskal Herriko eihera zenbaitzuen aztarnaren gibeletik autoz eta oinez ibili den Fred Fort poetak aste honetan berean Moulins de Rivière en Pays Basque (Pyrémonde) aurkeztu du. Argazkiz apaindua, erreketan gaindi aurkitu eiherak aipatzen ditu liburuan, historia handia eta txikiagoak gurutzatuz.
Juan Mari Lekuonak errota zahar maiteaz oroitzean aipatzen duen tristura ukatu, mahukak jaso eta arbasoek transmitituari bizi berri bat ematen ahalegintzen ari diren eihera zenbait oraindik zutik dihardutela irakurtzen du liburuak, Eiheren Egunak bezala. Artean, Donazaharreko Magdalena auzoko Lacroix familiarena, Peko Eihera. François, Therese eta Nicolas Lacroix Laurhibar errekan edaten duen eiheraren jabe dira. Done Jakue bidearen bazterrean, 1249an agertzen da eiheraren lehen aipamena. Priorenea, kapera eta Done Jakue gurutzeari lotua zitekeen garaian. Prioreneakoentzat eta hauek errezibitzen zituzten beilarientzat irina egiteko tresna zuten eihera. Prioreneakoek Tristan bizkondeari saldu zioten, eta hauek berriz, de Salaberri kondeari. Eta kondearen semeak Pierre Puchulu saldu 1906an. Ordu arte, Puchulu familia eiherazain familia zen jabe izangabe. «Zortzi belaunaldiz!», dio harroki François Lacroix-ek. Pierre Puchulu, Therese Lacroix, Puchulu sortua denaren aitatxi zen. Eihera irindegi bihurtu zuen aitatxik 1922an. Ari zen azkar. Baina azkenean, 1964an itxi zuten. Hortxe gelditu zen geroztik tresneria, errautsaren eremu. Denborak arras andeatu zuen. Horrela ezin zela utzi, eta 2004an, François Lacroix erretretara sartu zenean hasi zituzten berritze lanak. Dena arra muntatu dute, laguntza publikorik. Laguntzen lortzea biziki zaila omen da, kasik ezinezkoa. Gaur egun zutik gelditzen diren eihera guztiak pribatuen esku dira. Sos aski dutenak horretan emateko. Guti dira, oraindik irina egiteko gai direnak.
Lacroix familiarenak, hasteko, irina egin dezake eta egiten du. Talo egiten ariko da bihar bertako irinarekin. Museo txiki bat bezala antolatua dute eihera. Gustukoa dute erakustea nola martxan den, irina nola ateratzen den, nola garbitzen den. Gustukoa dute, bereziki, irinaren usaia berpiztea. Arto irina egiten dute bereziki. Arto ekoizlea den laboraria badute hurbil. Gariaren gaia, konplikatuago da. Guti dira gari ekoizleak inguruetan. Eta gari Ehotze biziki hurbiletik arautuak dira. Baina hor ere, berritasunak etorri dira lege aldetik. Aurtengo martxoan hartu erabakiari esker, urtean 350 kintal baino gutxiago ehotzen ahal dituzte eiherek kontsumorako, baimen berezirik lortu gabe. Erabakiak poztu ditu anitz, Therese Lacroix bezala. Oro har, eiheraren biziari lotzen den guztia hurbiletik segitzen dute. Elkarte bat sortu berri dute, eiheren kudeatzeko. Garrantzi handia izan du bere eihera zutik ematea: «Nire maneran jarraipen bat ematen diet arbasoen lanari». Lacroix-en gustuko «egiazko eiherak» irina egiten duten eiherak dira. Argindar ekoizleak, berriz, ez dira egiazkoak. Beste batzuen gustuko, ordea, ekoizpen horrek ere badu gero.
Eihera argindar ekoizle
Aste hau aukeratu du Ibai Errekak kolektiboak bere egitasmoen aurkezteko. Energia hidraulikoaren garapenaren alde, zentral elektrikoak sortzeko kanpainan hasia da. Errota zahar anitz argindar ekoizle bihurtu daitezke. Eihera jabeei egin die deia horretarako kolektiboak, proiektuak muntatzen laguntzeko eta diru laguntzak eskuratzeko taldean hobe baita.
Jadanik hamar bat eihera badira Ipar Euskal Herrian elektrizitatea ekoizten dutenak. Horietako bat da Jean Pierre Galant, Donibane Garaziko eiheraren jabea. Ehun bat etxe elikatzen ditu haren argindarrak. Arrunt pasionatua da: «Ez da ura hartzen, baizik eta uraren indarra. Hori da polit. Ez bada erabiltzen, galtzen da edozein gisaz». Beti errespetuz. Hark berak, ura desbideratzeko, urtegiaren ondoan amuarrainei eskailera utzia die, erreka berriz igateko aukera ukan dezaten.
Eiherei egina zaien kritika nagusietako bat, presek arrainak trabatzea da. Kritika hori gehiegizkoa dela diote denek aho batez. Arazoari iturri faltsu bat ematea. «Garai batez gaur egun baino eihera anitzez gehiago zegoen, eta alta, arrain gehiago ere», dio segur Therese Lacroix-ek. Grebak izanak dira eihera zainen artean, izokin gehiegi jaten zutelakoan, kexu omen ziren, azpimarratzen du bere Galantek. Arazoak orokorrean ezin direla aztertu deritzo. Uraren indarra ez dugula aski erabiltzen argi du.
Oraina eta baita geroari begira. Eiheren Lagunak elkarteko lehendakariorde Argitxu Noblia ere eiheren balorapenaren alde dabil, elkarteko beste kide anitz bezala. Indar berriztagarrien aroan, eiherek eskaintzen duten aukera aztertzekoa dela berresten du. Irina edo elektrizitatea ekoizteko balio duen bezala, beste funtzio anitz betetzen ditu. «Lekuak babesten ditu, ura atxikitzen». Ongi zaindu ezkero, uholdeak saihesteko egokia izan daiteke.
Eiheren Eguna
Sei eiherek irekiko dituzte beren ateak bihar Ipar Euskal Herrian. Lapurdi, Baxenabarre eta Zubero aldean, garaian 800 bat eihera zeuden. Gaur egun 50 dira, horietako guti berrituak. Biharko bisitak dohainik dira.Bidarte (Lapurdi). Bassilour Eihera. 1741tik etengabe aktibo jarraitu duen eihera da. Ehotze erakustaldia eginen dute. Ogi eta bixkotxak salgai. Kontaktua,Gerard Lhuilier:0 (0 33) 559-41 94 49.
Senpere (Lapurdi). Plazako Errota (elizatik hurbil). XV. mendekoa. Ehotze erakustaldia, Talo jate. Eskultura eta margo erakusketa. Kontaktua, Louise Dagerre:0 (0 33) 559-54 19 49.
Aiherra (Baxenabarre). Uhagun Eihera. Presa eta eiheraren bisita. Francis izeneko turbinaren aurkezpena. Erakusketa. Kontaktua: Odon Noblia:0 (0 33) 559-29 59 86.
Landibarre (Baxenabarre). Biziko Eihera, San Martin bidean. Ehotze erakustaldia. Lekuan eho irinarekin egin ogi eta bixkotxak salgai. Kontaktua, Philippe Irazoki:0 (0 33) 683-43 41 44.
Donazaharre (Baxenabarre). Peko Eihera, Magdalena auzoan, XII. mendekoa. Eihera eta inguruen bisita herriko kontalariak eginik. Ehotze erakustaldia, talo jate eta ogi biologikoak salgai. Kontaktua Nicolas Lacroix:0 (0 33) 559-37 06 72.
Ligi-Atherei (Zuberoa). Züzelgue ibarreko Goihena Eihera. Bisita, Ehotze erakustaldia. Berritzearen esplikazioa. Kontaktua Kala Kala elkartea, Ligi-Athereiko Herriko Etxea:0 (0 33) 559-28 60 52.