EZARIAN. GIZAKIA ILARGIAN. Historiarako urratsa

'Apolo 11' ilargira abiatu zenean, arriskuz betetako bidaia hasi zuen 1969ko uztailean. Misioak arrakasta izateko aukerak %50ekoak soilik ziren, eta arrakasta izan zuten.

Irune Lasa.
Donostia
2009ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Gaurko egunetik begiratuta, beharbada ez zaigu horren deigarria egiten 1969ko uztailaren 20an (21eko ordu txikiak Euskal Herrian) gertatu zena. Marteko azaleko argazkiak, galaxia urrunetako irudiak edo gau jakinetan ISSa zerua zeharkatzen ikustera ohitu gara. Inguruan biraka dugun ilargi liluragarrian oina jarri izanak ez dirudi hainbesterako.

Edo bai. Historiarako gelditu dira egun haiek eta lorpen haren protagonistak. Sobiet Batasunarekin Gerra Hotzean eta espaziorako lehian zebiltzan AEBen eskutik etorri zen balentria, eta telebistaz momentuan hedatu zen mundu osoan. Gizateriaren abentura handienetako bat izan zen. Urratsa historian.

Neil Armstrongek eta Michael Collinsek 38 urte zituzten 1969ko uztailean. Edwin Buzz Aldrinek 39. Gerora aitortu zuten Apolo 11ren misioaren arrakastarako aukerak %50ekoak soilik zirela. Izan ere, zalantzarik gabe, arrisku handiak gainditu zituzten: 400.000 kilometrora joan, ilargiraino, toki egokian lurreratu, atzera aireratu, modulu nagusiarekin bat egin, 400.000 kilometroko itzulera egin, Lurreko atmosfera onik iragan, eta itsasoan onik erori. Hori guztia duela 40 urteko teknologiarekin...

Inoiz egin duen suziri espazial handiena eraiki zuen NASAk okasiorako. Saturn Vak 110 metro zen luzean, eta gailurrean zuen Apolo 11 ontzia, bere hiru moduluekin. Eta suziriaren zati handiena, ia dena, erregai tankeek hartzen zuten. 2.910 tona erregai behar zituzten ilargirako joan-etorrirako. Bidaiaren fase desberdinetan, erregai tankeak askatuz joan ziren, gehienak ilargiaren orbitara iristerako. Apolo 11ren hiru moduluak bakarrik geldituziren gero. Jaurtiketan eztanda egin izan balu, erregai kopuru harekin suziriaren zatiak bost kilometrora hedatuko ziratekeen. Eta beharbada, horrexegatik, Kennedy Lurmuturrean jaurtiketa ikustera bildutako goi mailako gonbidatuak suziritik 5,6 kilometrora kokatu zituzten.

Bi ordenagailu bakarrik zeramatzan Apolo 11k, nabigaziorako. Eta 40 urte igarota, harrigarria egiten zaigu haien ahalmena, 72 Kbyte-ko ROM memoria zeukaten bakarrik! Haien txipak eskuz eginak ziren. Disko gogorrik gabe, kalkulagailuen pantailen modukoak zituzten ordenagailu haiek.

Zortzi egun inguruko joan-etorrian sekulako abiadurak iritsi zituzten, ezinbestekoak luzera horretako bidaia egiteko. Esaterako, ontziak 39.500 kilometro orduko abiadura hartu zuen Lurraren orbita atzean uzteko. Itzuleran, 11.000 metro segundoko abiadura zuen Lurraren atmosferan sartzerakoan. Hain zuzen, lurreratzeko une hartan, 2.700 gradu zentigradutara iritsi zen moduluaren azaleko tenperatura.

Gauza da une kritikoz josita zegoela hegaldiaren plana. Baina agian, Eagle ilargiratze kapsulan bizitakoa da gogoratzeko moduko bat. Aldrin eta Armstrong zeramatzan moduluko ordenagailuak gainkarga bat izan zuen, eta alarma bat piztu zen, noiz eta unerik erabakigarrienetako batean, ilargira jaisten ari zirela. Houstoni galdetu zioten ea misioa bertan behera utzi behar zuten. Eta minutu luuuze bat igaro zen Houstondik misioarekin jarraitzeko agindua jaso arte.

Bitartean, Armstrong konturatu zen ontzia ez zihoala ilargiratzeko aukeratutako tokira. Aldiz, harriz jositako krater batera zihoazen. Piloto automatikoaren antzeko programa hartu eta Armstrongek berak gidatu zuen modulua, leun-leun ilargian lurreratu arte, 30 segundorako erregaia gelditzen zitzaiola. Armstrongen bihotza minutuko 156 taupadaka zebilen une hartantxe.

«Houston, hemen Tranquility Basea. Eaglea lurreratu da», jakinarazi zion Armstrongek Houstoni. Eta arnasa lasai hartu zuten bihotzekoaren mugan ziren kontrol zentroko lagun gehienek.

Harria poltsikora

Hain leuna izan zen lurreratzea, Eaglearen hankak ez baitzituen tolestu inpaktu xurgatzaileak. Horregatik, hiru ordura moduluko atea zabaldu eta eskaileratik jaisten hasi zenean, urrats txiki bat ez, metro bateko jauzia egin zuen Armstrongek ilargia zapaltzeko.

«Urrats txiki bat gizon batentzat, urrats handia gizateriarentzat» esan, eta tokiaren edertasuna deskribatzen hasi zen, Houstondik zerbait gogoratu baitzioten. Armstrongek harri batzuk eta lur pixka bat sartu zituen poltsikoan. Zerbaitengatik modulura presaz itzuli behar bazen, ilargiko azalaren laginak nahi zituzten. Euren ibilian 21, 7 kilo harri bildu zituzten Armstrongek eta Aldrinek. Beste lanik ere izan zuten bi ordu eta erdiko ibilian. Eguzki haize-biltzaile bat, sismometro bat eta laser ispilu bat ezarri zituzten. Baita AEBetako bandera ere. Nixon presidentearen dei bati erantzun zioten, eta 166argazki ere atera zituzten.

Eagleera itzulita, afaldu eta lotara. Ez zuten lorik egin, ordea; besteak beste, hurrengo goizean, beste une kritiko bat zutelako, atzera aireratzea Columbia aginte moduluarekin bat egiteko. Arazorik gabe lortu zuten.

Atzean, Lasaitasunaren Itsasoan gelditu ziren urrez egindako olibondo hostoa, bakearen seinale, eta ingelesez idatzitako plaka bat, egun haren oroigarri: «Lur planetatik etorritako gizonek lehen aldiz zapaldu zuten ilargia2009ko uztailean. Bake asmoz etorri ginen, gizateria guztiaren izenean». NASAk ahalegin berezia egin zuen, gizateriaren protagonismoa nabarmentzeko; AEBen lorpenari garrantziarik kendu gabe, hori bai. Dena den, banderez gaindi, gizateriaren balentria izan zen urrats hura.



Besteak beste, geltoki moduan erabili nahi dute ilargia, Martera gizakiabidali ahal izateko.

Berriz ere ilargia helburu

I. Lasa. Donostia

Esploratzeko, ezagutzeko eta ulertzeko desira gure izaeraren parte dira», esan zuen George W. Bushek 2004ko urtarrilean. «Ez dakigu non amaituko den abentura hau. Baina badakigu gizakia kosmosera bidean dela». NASAk atzera begiak ilargian jarri zituela iragarri zuen orduko AEBetako presidenteak.

Apolo 17ko Eugene Cernan izeneko gizon batek zapaldu zuen azkenekoz ilargia, 1972ko abenduaren 15an ilargia zapaldu zuen azken gizakia. Ordutik,krisi ekonomikoak, Gerra Hotzaren eta espaziorako lehiaren amaierak eta beste misio batzuek ilargia alde batera uztea ekarri zuten, baina azken urteetan atzera piztu egin da gizakia satelitera bidaltzeko interesa. Helburua da han gelditzea, nolabait geltoki izan dadin, beste tokietarako, eta batez ere Marterako bidean. Ilargia orbitatzen ari da jada NASAk aurten bidalitako LCROSS ontzia, ilargiratzeko toki egokien eta uraren bila. Harekin batera dagoen LRO zunda urria helaraziko dute ilargiaren azalera.

Beste herrialde batzuk ere ez dira atzera gelditu. Japonia, India eta Txina ere ilargira begira daude.





Estatubatuarren %6k ez dute sinesten gizakia ilargira iritsi denik; uste dute guztia AEBetako gobernuaren jukutria bat izan zela, espaziorako lehian aurrea hartua zieten sobietarren lorpenei gogor egiteko.

Iruzur susmoak ezabatu ezinik

I. Lasa. Donostia

Zergatik ez da ikusten izarrik Apolo 11k ilargian hartutako telebista irudi eta argazkietan? Zergatik hegaldatzen da AEBetako bandera, ilargian ez badago haizerik? Argi foku bat baino gehiago dagoela iradokitzen al dute itzalek? Zergatik ez da ilargiratutako ontzien arrastorik ikusi orain arte satelitearen azalean?

Estatubatuarren %6k uste dute gizakia ez zela iritsi ilargira,ez 1969an ez eta geroago ere. Eta, ustezko iruzurraren salaketak zabaldu eta zabaldu ari dira oraindik ere. Iruzurraren teoriaren aitzindaria Bill Kaysingi idazlea izan zen, 1974an We never went to the moon (Ez ginen inoiz ilargira joan) liburua argitaratuta. Eztabaida egiaz piztu zuena, dena den, Fox telebista kateak emandako dokumental bat izan zen. Haren arabera, AEBek film bat egin zuten gizakia ilargira bidali zutelako itxura egiteko. Hori zen sobietarrek ordura arte espazioan erakutsi zuten nagusitasunari aurre egiteko modua. Ildo horretatik jo zuen 2002an fikzioko dokumental frantses batek, zeinean zuzendaria Stanley Kubrick bera izan zela kontatu baitzuten. Kubricken alargunak ere parte hartu zuen. Nahiz eta dokumentalaren amaieran agerian gelditu istorioaren fikziotasuna, ugari izan ziren hura sinetsi zutenak. Urte hartan, iruzurraren teoriaren aldeko Bart Sibreli ukabildaka bat eman zion Aldrinek, hark koldar, gezurti eta lapur deitu ziolako. Behin eta berriz gezurtatu dute iruzurraren teoria, baina ezabaezina dirudi.

Izarrik ez da ageri, kameren bereizmena ilargiko egunerako egokituta zegoelako; banderaren hegaldatzea astronautek eragindakoa da, eta grabitate eskasak luzatutakoa; itzalek argi foku bakarra ageri dute, eguzkia. Eta Selene japoniar zundak antzeman ditu Apolo 15ak utzitako aztarnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.