Mailuarekin katedraleko harria apurtuta, fosil eta mineralak ikus daitezke, lumakela, harri zuria esaten diotena. Santa Marian batik bat harlandu eta eskulturetan erabili zuten harri mota hori. Iparraldeko horma eta ataria Axarteko harriarekin egina da, zatirik handienean.
Liburuan azaldutakoaren arabera, lumakela arroka sedimentarioa da. Itsas fosilek sortu zuten arroka hori, duela 60 milioi urte lurraldea estali zuen sakonera txikiko itsasoaren eraginez. Arabako hainbat txokotan aurki daiteke Paleozenoko harria, Entziako mendietako iruinarria edo Arrizalako Sorginetxe trikuharria esaterako. Erromatarren garaian, hilarri moduan zizelkatu zuten, Gasteizko Bibat museoan ikus daitekeenez. Martinezek egindako kalkuluen arabera, 5.000 harri tona inguru atera ziren Axartetik Gasteizera. «Garraiolari bakar batek 41 urte eta 2 hilabete beharko zituen dena eramateko».
Baina nondik eta nola heldu zen hirira? Testu zaharren arabera, Axartetik eraman zuten harria 200 bat urtez, baina egun ez da han arrastorik geratzen. Koldo Martinez geologoaren laguntzaz, harriak egin zuen bidearen misterioak argituz doaz. Garaiko idi eta itzainek egin zuten bideari jarraiki, naturaz eta historiaz betetako ibilbidea aurkeztu du. Hamabost bat kilometroko ibilbidea.
Katedraleko zentimetro bakoitza ondo arakatu ostean, hango harriaren nondik norakoak ezagutu nahi zituen Martinezek, eta hala sortu zuen eskuliburua. Gutxi gorabehera bost orduan egiteko ibilbidea proposatu du, 36 geldialdirekin eta bakoitzean harriaren inguruko kontzeptu bat deskribatuta. Martinezek azaldu moduan, ibilaldia azaltzearekin batera, harria euskarri monumental gisa aldarrikatzen du. «Eraikin baten atzean prozesu luze bat dago. Hargin, karegile eta itzainen lan gogorra. Harririk gabe ez zen katedralik izango». Harrobi zaharrak bisitatu eta Erdi Aroko bideak gurutzatu ostean, monumentua bestela ikusten dela uste du. «Gaur egun ikusten dugun tenplua eraikitzeko, harginek, karegileek eta garraiatzaileek egindako lana aintzat hartuko da bidea egin ondoren». Izan ere, ibilbide historikoa izateaz gainera, tenplua altxatu zutenentzat ere omenaldia izan nahi du liburuak. «Halako lana egiteko izan zen jendetza irudikatzea ia ezinezkoa egiten zaigu. Ikaragarria izan behar zuen».
Tenpluak literaturara
«Elizaren hormaren kontra, Arnauk eta Joanetek euren bizkarraldean sentitu zuten orroa, hainbat orduz sokei tiraka aritu ziren gizonen eztarrietako orroa. Akiturik lurrera erori ziren asko. Beste batzuk, gutxi batzuk, elkar besarkatu eta pozez saltoka hasi ziren. Operazioa ikusten izan ziren ehunka lagunak oihuka eta txaloka hasi ziren. Eztarrian korapiloa zuen Arnauk, eta oilo ipurdia sentitu zuen». Santa Maria katedraleko absideko giltzarria nola altxatu zuten kontatzen du pasarteak. Bartzelonako Santa Maria del Mar katedraleko pasartea da, Ildefonso Falcones idazlearen La catedral del mar eleberri ezagunetik ateratakoa, baina Gasteizko katedrala eraiki zuten garaikoa izan zitekeen. Montjuiceko harrobitik Bartzelonako Santa Mariara garraiatu zuten moduan, Axartetik Gasteizkora.
Historian atzera egitea zaila bada ere, Martinezen ustez, ehunka lagunek parte hartu behar izan zuten katedrala eraikitzen, eta gazteak behar lukete katedralean aritutako langileek. «Pentsatu behar da XIX. mendean Gasteizko herritarren bizi itxaropena 32 urtekoa zela, oso gazterik aritu ziren, beraz». Ken Follet idazleak The Pillars of the Earth eleberrian ehunka lagunen lana aipatzen du fikziozko Kingsbridgeko katedralean: «Begirada jaso zuen eraikinaren beste aldera. Hain handia zen, 80 gizon-emakumeek galduta ematen zuten han».
Martinezen iritziz, goiz batean eramango zuten Axartetik Gasteizera harria, idien laguntzarekin. «Hiru edo lau ordutan egingo zuten, idiak motel doaz baina gelditu gabe». Hala izango ote zen irudikatzeko, ibilbidea ezagutzeko txangoak antolatu ditu Santa Maria Katedrala fundazioak. Martinezek argitaratu berri duen gidan aipatutako txokoak bisitatzen dituzte, katedralaren interes historiko eta artistikoa, paisaiaren elementuekin batera, historian zehar harriak muinora eramateko izan den bide historikoarekin uztartuta. Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanean argitaratutako liburua da, katedraleko dendan eskura daiteke, bost euroan. Tenplua, beste ikuspuntu batetik.
Axarteko harrobitik tenplu gotikora ibilaldia, paisaia eder eta ondare historiko artean
Trebiñuko Axarte herriko sarreran hasten da ibilbidea, Santa Maria katedralerako harria hartzen zuten tokitik. Gasteiztik bertara heltzeko A-2124 errepidea hartu behar da, Urizaharrara doana. 11. kilometroan, Imirurirantza desbideratu eta Agilurantza ondoren. 18,5 kilometro daude Arabako hiriburutik Axartera. Han, eliza bisitatu ostean, harrobirako bidea hartu behar da. Gaur egun ezagutzen diren harrobien aldean, garaiera txikiko harrobia da Axartekoa. Bertatik Agilurako bidean dauden murruek erakutsiko diote bisitariari garai bateko harriaren bidea.Egun argitsuarekin, hegoaldean Kantauri Mendilerroa eta Toloño mendia ikus daitezke bertatik. Laster Trebiñu atzean utzi eta Gasteizko udalerria helduko da. Pagoa dago gehienbat bide horretan. Monasterioguren eta Mendiolan geldialdia egin eta hiribura helduta, Olarizu, Foruen plaza, Andre Mari Zuriaren plaza eta hiriko murrua ezagutuko ditu bisitariak katedralera heldu aurretik.
Koldo Martinez.Geologoa eta EHUko irakaslea
«Ezin dugu ahaztu harrobiak ondare arkeologikoa direla»
A. Amenabar. GasteizKatedraleko elementu guztiak ondo aztertu ostean, tenpluaren jatorrira jo du Martinezek. Santa Maria eraikitzeko erabili zuten harriaren bila, Trebiñuko Axartera heldu da. Handik abiatuta, Erdi Aroko ibilbidea aurkeztu du Harriaren bidea liburuan.
Zer aurkituko du Axartetik katedralera bidea egiten duenak?
Katedrala beste modu batera ikusteko aukera izango du bisitariak. Ibilaldia egin eta gero ez du harrizko horma ikusiko, harri bakoitza baizik. Horretaz gainera paisaia ederra da, Gasteizko mendietan barrena, Monasterioguren arteko bidea, pagadi artean. Motxila eta hamaiketakoa hartuta, historia ikasi eta naturaz gozatzeko aukera ona dela uste dut.
Nola aurkitu zenuen harrobia?
Ezohiko ibilbide bat egin nahi nuen. Banekien harria Axartetik zekartela, baina ez nuen harrobia ezagutzen. Nik harria hartu eta analizatu egiten dut. Fosilak aztertzen ditut, eta, gero, mapa geologiko baten laguntzarekin, espezie horiek zein modutan banatuta dauden ikusten dut. Askotan joan nintzen, baina ez nuen ezer aurkitzen. Nondik aterako zuten harria? Normalean egun ezagutzen ditugun harrobiak handiak eta zabalak dira, ondo ikusten dira. Axarten metro erdikoa zen harrobia, eta ez da bilatzen erraza. Egun estalita dago, baina hainbat aldiz joan eta ezagutu eta gero, topatu nuen.
Zaintzen al ditugu behar beste harrobiak?
Estetikoki eztabaidagarriak dira, eta horregatik askotan estali egiten dira, landare eta parkeekin. Baina ez dugu ahaztu behar gizakiaren jardueraren zati direla. Apurtu ditzakegu, baina ezin dugu ahaztu ondare arkeologikoa direla harrobi zahar horiek. Horien bitartez, katedral baten eraikuntza prozesua ezagut daiteke. Azken batean, eraikinaren soziologia da.
Garaiko harrobiko lanaren informaziorik aurkitu al duzu?
Ustiaketa moduaren inguruan ez dut ezer topatu. Gurdikaden ingurukoak bai, ordea. Katedraleko liburuetan, «fabrika liburuak» deitzen direnetan. Kontabilitatea eta egiten ziren lanak argi jasota izaten zituzten apaizek. Zeinek landu zuen harria, nondik eta nora eraman zuten...
Zer ezaugarri ditu bertako harriak?
Lumakela deitzen diogu, %40 txirla zatiak dituena. Duela 60 milioi urte osatu zen harri mota hori. Poro ugari ditu, eta ondo zizelkatzea posible da, nahiko arina da. Harlandua eta eskulturak egiteko aproposa da.
Katedralean non ikus daiteke?
Iparraldeko horman batik bat, eta gero beste hainbat pieza daude solte. Katedrala liburu baten modukoa da, harri aldaketak ere ikus daitezkeelako. Axarteko harria amaitu zenean, gehiago ustiatzeko modurik ez zutenean, Elgeko mendietara jo zuten.
Harrobitik katedralera egin zituzten bidaiak ere kalkulatu dituzu.
Katedralean pieza bakoitzak erreferentzia batzuk ditu, eta guztiekin datu base bat osatu dute. Nik arroka bolumena kalkulatu nuen, eta 460 kiloko gurdikadetan eramaten zituztenez, itzain batek 41 urte beharko zituen guztia eramateko. Pentsatzen dut ez zela bakarra izango.
Irudikatzen al duzu katedralaren eraikuntza?
Izugarria behar zuen. Bakarrik 500 kilo kare ateratzeko 1.000 kilo kareharri behar zuten, eta 5.000 kilo egur. Pentsa zenbat materiale prestatu, moztu eta eraman behar izan zuten.