Bizkaiko udalerririk handiena da Karrantza; Enkarterriko mendebaldeko muturrean dago. Baliabide naturalak direla, paisaia dela, turismoa modu bikainean bereganatzen du zorioneko udalerri horrek. Paisaia ederragoa izaten laguntzeko, akaso, iparraldean goititzen diren kareharrizko mendi apartak, batzu-batzuek lur-azpiko paradisu magikoak handiroki gordetzen dituztela. , Besteak beste, Pozalaguako haitzuloa eta Karlistaren zuloa.
Askoren artean, ibar berdera turismoa erakartzeko amuak izan ohi dira ibarreko zaindaria den Sucesoko Ama Birjinaren santutegia, Sopeñako mediterranear artadia, Biañez herriko San Andres elizaren arte errenazentista eta Karpin Bizkaiko parke ekologikoa. Aski ezaguna ez den paraje bat ere bada, ordea: Ordunte mendilerrotik amiltzen diren errekasto jauzkariek sortutako ur-salto xumeak -7-8 metro- ikusteko parada dago Turtzioz udalerritik hurbil-hurbil. Bazter ezkutuak deskubritzea maite duen orok ezagutu beharreko altxorrak, beraz.
Pando auzoan emango diogu hasiera ibilbideari. Bertaratzeko, Concha herrigunean (Karrantza) Lanzas Agudas auzorantz abiarazten den errepideari jarraituko diogu. Gero, ezkerretik segituko dugu erreka ondoan, eta, igoera xumea egin ostean, Pandora iritsiko gara. Bi etxe multzo ikusiko baititugu auzo horretan, ibili-ibilian hasiko gara; hain zuzen ere, bien artean irteten den porlanezko pistatik. Lehen metroak behera egingo ditugu, Montañan auzorantz. Las Escaleras errekara iritsi bezain agudo, eskuinera egin eta hartxintxarrezko pista jarraituko dugu, errekan gora beti. Eukaliptoak eta erreka bazterreko belardiak gogaide, basabidea ixten duen alanbre batera helduko gara. Hura zeharkatu bezain pronto, paisaia erabat aldaraziko da: haritz sendoak eta hezeguneei lotutako landaretza jaun eta jabe dira orain. Pistan barrena metro ugari egin gabe, eskuinaldetik irteten den xenda bat ikusiko dugu. Jaitsiera xumea egin ostean, erreka bazterrean izango gara, eta hor lehen ur-jauzia. Ur-emaria harrian landutako ubide moduko batetik amildutakoan, zazpi metroko ur-jauzi polita sorrarazten da bertan. Putzura bildutakoak, ordea, ez du ikuskizuna bertan amaituko. Korronteak lagunduta, bigarren jauzi bat eskainiko dio bisitariari urek Concha aldera jo aurretik. Ur-jauzi biak, gainera, hurritzen, gaztainondoen eta elorri zurien babesean ikusiko ditugu.
Turrusta horiei bisita egiteko unerik aproposena aukeratu behar da beti, ikuskizun aparta izaten baita Ordunte mendilerroko Burgueno eta Maza de Pando mendiek jasotzen duten emaria kopurutsua izaten denean. Uda garaian eginez gero, ekaitzen osteko egunak tentagarriak izaten dira oso Karrantza ibarra hegoaldetik ixten duten parajeok bisitatzeko. Lerrootan deskribatzen hasia dugun ibilbidea, esaterako.
Llarauko lepotik San Isidrora
Pista nagusira berriz bueltatuta, ibarrean gora segitu eta Linares eta Escaleras errekek bat egiten duten lekura iritsiko gara. Erreferentzia gisa, bide bazterreko borda. Ezkerraldetik batzen zaigun erreka gurutzatu eta segituan, goratasuna hartzeko xedez eskuinera egingo dugu. Behin pinudian sartuta, paseo lasaia egingo dugu Escaleras errekaren arroa tentagarria begi bistan dugula. Errekara jaisten lagunduko digun pista bat ikusiko dugu basabidearen ondoan. Joan-etorria proposatzen dugu orain guztiz harrituta utziko gaituen ur-jauzi bat ikusteko. Pistak errekarekin bat egin baino ehunen bat metro lehenago ikusiko dugu ur-jauzi hura. Paraje liluragarria da, basoa lizarrek, hurritzek eta pinuek hartuta dute eta.
Goiko pistara itzulita, bide nagusitik jarraituko dugu. Errekaren harrabotsa gero eta ahulagoa egingo zaigu; goratasuna hartzen jarraitzen ari garen seinale. Bide sardan, ezkerrera ekingo dugu eta, bihurgunea egin ondoren, pista nagusiari men egingo diogu bazterreko bideei muzin eginez. Sigi-sagaka pinudian ibilita, Llarauko lepora iritsiko gara. Belardi baten erdian altxatzen den harrizko txabola bera erreferentzia izango dugu. Cinieblo mendiaren oinaldean bagaude ere, ikuspegi ederrak bereganatuko ditugu talaia horretatik: El Mazo, Peña del Moro eta Ramales (Kantabria) herri gainean goititzen diren harrizko piramideak, besteak beste.
Urki ederrak, gorostiak, haritz amerikarrak eta pago sendoak ikusteko aukera ezin hobea eskainiko digu Linares errekaraino lagunduko digun porlanez jantziriko bideak. Erreka zeharkatu eta berehala, gora egiten duen bidea bazter egin eta Linares erreka paraleloan segituko dugu, suabe-suabe. Altitudea hartzeko parada izango dugu aurrerago. Borda baten ertzetik igaro eta segituan, San Isidro baselizara iritsiko gara. Ermita ondoan jada, ezkerreko bidea hobetsiko dugu Montañan auzora jaisteko. Maldan behera amilduko gara, beraz, porlan bideari men eginez. Hamar minuturen buruan, ezkerrera egin eta hartxintxarrezko pistari jarraituko diogu. Bidebanatzean, ezkerrera berriz eginez, Montañanera iritsiko gara. Conchara doan errepideari segika, atzean utziko dugu Montañan auzoa. Bost minutu nahikoak dira Escaleras errekaraino lagunduko digun porlanezko pistarekin bat egiteko. Erreka gurutzatu eta, igoera xumeari aurre egin ostean, Pandora iritsiko gara.
EZARIAN. Hiru turrusten paradisu berdea
Ordunte mendilerrora jo behar da, ezinbestean, Karrantza ibarrak gordetzen dituen ur-jauziei onura ateratzeko. Mira-mira eginda geratuko gara Escaleras errekak sorrarazitakoa ikusita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu