Bidartetik (Lapurdi) Hondarribiko kai zaharrerainoko (Gipuzkoa) ibilbide ederra ekarri dugu lerrootara kostaldeari darion edertasunean erabat murgil gaitezen.
1. Donibane Lohizunerantz
Bidarte herrian bertan hartuko dugu Erretegiko hondartzara bidea. Bertoko aparkaleku zabalean behera egin ondoren, ezkerretik jo eta ereinotzez jantzitako baso xumea zeharkatuko dugu. Bidean ipinitako egurrezko mailei jarraiki, goratasuna hartu, eta, errepidean eskuinera egin ondoren, Magdalena baselizara iritsiko gara. Orientazio mahai bat ikusiko dugu aurrerago. Besteak beste gailur hauek izango ditugu begi bistan: Aralar mendigunea, Aiako Harria, Jaizkibel, Andatza, Xoldokogaiña, Larrun, Saioa, Atxuria, Gorramendi, Iparla, Iratiko gainak eta Baigura. Erdiko hondartzara doan errepidera irtetearekin batera, asfaltoa utzi, eta eskuinetik joko dugu itsas ondora heldu arte. Segituan, porlan bideari men eginez, Tantina jatetxera iritsiko gara. Ezkerraldetik doazen eskailera mailei esker, aparkaleku batera igo, eskuinera egin eta oinezkoentzako esparru egokitu batera irtengo gara; urrats batzuk besterik ez ditugu handik egingo, halere. Villa l'Arche hotelera joko dugu segidan; eta, Embruns kalera, ondoren. Hala, Uhabiako hondartzara iritsiko gara berehalakoan. Erreka zeharkatzeko xedez, aparkalekuaren ezkerraldetik egingo dugu lehenik eta behin; Berla Gorri jatetxe paretik, ondoren. Erreka gaineko zubirantz zuzenduko gara jarraian, eta, hondartzan egokitutako komunen parean igarota, goratasuna hartuko dugu eskailera batzuk lagun.
Kosta Aldea etxe ederrean, eskuinera jo, eta, EADS Socata enpresako txaletera iritsita, kalean aurrera egingo dugu San Jose ermitara doan bidea hartzeko. Aterpe handia du eraikuntza xume horrek, leprak jota zeuden erromesentzat egokitua, nonbait. Parlementiako hondartzan izango gara laster. Itsasoan izeneko hotelera iristean, arku azpitik igaro, eta kostalde paretik darraion errepidetik segituko dugu harik eta asfaltoa amaitu arte. Ezkerrera joko dugu, orduan, eta, erramu ilunak gogaide, burdinbidearekin bat egin arte jarraituko dugu. Errailen ondoan metro batzuk egin ostean, Zenitz hondartzarantz zuzendu, eta, aparkalekua zeharkatu ondoren, eskaileretatik igoko gara xendari eusten jarraitzeko. Zenitz muinoa igoko dugu eginahalik gabe, eta, Baldareta erreka gaineko zubia gurutzatuta, Zenitz hondartzako mendebaldeko muturreraino segituko dugu. Errepidetik aldendu gabe, Lakarra kanpinaren atzealdetik igaroko gara Maiarko hondartzara jaitsi gabe. Acotz kanpina parez pare, eskuinetik doan asfaltozko bide estuari jarraituko diogu Lafiteniako hondartzara hurbiltzeko asmoarekin. Hondarra zapaldu gabe, ordea, xendari men eginez, aparkaleku batera helduko gara. Haren eskuinaldetik igaro ondoren, ezkerrera hartuko dugu bidebanatzean, eta, asfaltoari eutsita, Erromardiako hondartzara iritsiko gara.
Bord de Mer kanpinaren ondotik igarota, kostaldetik urrundu gabe jarraituko dugu. Eta, bidexka amaitzean, lorategi botanikoraino. Bertan, eskuinera joz, Artxiloako gurutze ondotik pasatuko gara. Kostaldearen gaineko panorama itzela izango dugu berriz ere: itsasoaren higidurak sorraraziko itsaslabar ederraz gozatzeko parada ezin hobea izango dugu orain. Balearen Bizkarra izena hartu duen kalara iristean, ezkerrera egin, eta aparkalekua zeharkatuko dugu errepidera irteteko. Eskuinera eginda han, Santa Barbarako lurmuturrera iritsiko gara. Kostaldea korritzen duen bidegorriari eutsita, Donibane Lohizuneko kasinoan jarriko diogu amaiera lehen etapari.
2. Ondarraizko hondartzarantz
Donibane Lohizuneko hondartzako paseoari lotuta, itsasargira iritsiko gara. Portua inguratu, eta, plaza ondotik igaro ondoren, Urdazuri ibaiaren gaineko zubira joko dugu. Hura gurutzatu ondoren, eskuinera jo, eta Ziburuko kaleetatik barrena segituko dugu, itsasargiraino, hain justu ere. Dorrea eskuinetik inguratu ondoren, kostaldea korritzen duen xendari lotuko gatzaizkio. Untxin erreka gainetik igaro, eta eskuinera joko dugu Zokoan sartzeko. Passicot kalean aurrera egingo dugu, gotorlekurantz. Lavoir kalea hartuko dugu gero, eta, itsasargiaren atzealdetik segituta, Joantxo kanpinaren ondotik igaroko gara. Euskal kostaldearen zatirik ederrenetako bat ikusiko dugu han: flysch fenomenoaren adibide ederra begi bistan. Errepidearen ondoko xenda gogaide, mendebaldera egingo dugu suabe-suabe. Itsas belarrak jasotzeko tresnara iristean, kala txiki batera jaitsiko gara. Han, 1960tik 1989ra, ostrak eta krustazeoak saldu ohi ziren. Errepidera berriz igota, Mentaberri erreka ondoko Haizabiako egoitzaren aurrean izango gara. Behiala errota bat ezagutu omen zuen paraje horrek; gero, igerilekuei, arrain haztegiari eta terraza ederrari esker, turisten gosea baretzeko begiko lekua bilakatu zen 30eko hamarkadan. Gerra ostean, berriz, SNCF enpresak erosi, eta gaur egungo egoitza aparta eraiki zen langileen sosegu eta gozamenerako.
Erreka gurutzatu eta maldan gora segituko dugu; Abadiako natur eremura laster batean sartuko gara. Itsas belarrak eskuratzeko tresnaren aurretik igaro eta metro gutxira, eskuinera egingo dugu, Loiako badiara eta Larretxeko harrera etxera ekiteko. Abadiako gaztelutik hurbil, ordea, kostaldea inguratzeko gonbita egingo digu bidexkak. Itsasoaren higaduraren ondorioz sorturiko Dunbarriak haitz bereziei erreparatzeko parada izango dugu orduan. Hendaiako Ondarraitz hondartzarantz bideratuko ditugu gero pausoak, betiere Abadiako gazteluari bisita egin ostean. Bigarren etapari amaiera emango diogu Hendaiako kasinora iritsitakoan.
3. Hendaiatik Hondarribira
Berriki atondutako Badiako Bidea baliatuko dugu Hendaia eta Hondarribia lotzeko. Kasino ondoan hasita, mendebaldera egingo dugu Itsas etorbideari jarraituz. Zokoburuko portu berria inguratuz, eskuinera egingo dugu La Cabanne du Pecheur jatetxera heldu gabe. Itsasontziak konpontzeko eremuaren aurretik igaroko gara jarraian; gero, astiro-astiro, pasealekutik segituko dugu. Hendaiako lehen portua izandako Beltzeniara iritsiko gara berehalako batean. Zubitik igaro gabe, ordea, kostaldea inguratzen jarraituko dugu. Hala, Pierre Loti idazle euskalduna hil zeneko etxe paretik igaro, eskaileretatik igo, eta, kalea amaitzean, behera hartuko dugu kostaldearekin bat egiteko xedez. Bidegorriari eutsita trenbide gainetik igaro, eta ezkerrera egingo dugu. Ondoko bidebanatzean eskuinera hartuko dugu gero, eta A-63 errepiderantz abiatu. Sokoa etxetzarra atzean utzi, eta, berehala, eskuinera egin, eta Erotacillo kaletik jarraituko dugu. Erreka ondora iritsita, bidegorriari ekingo diogu berriz ere. Hala, suabe-suabe, Bidasoa ibaiaren alboan segituko dugu muga-mugan den zubiraino. Bidasoa igaro eta Gipuzkoako aduana zaharraren ondotik igarota, bidegorriari helduko diogu tinko-tinko. Bidea amaitzean, espaloiaren paraleloan segituko dugu errekara heldu arte. Eskuinera eginda han, errekaren ondotik segituko dugu. Zubi baten azpitik pasatzen lagunduko digu bideak. Ertzaz aldatzeko profitatuko dugu hor. Eskuinera egin, eta Santiagoko Osasun Bideari ekingo diogu. Fikoba erakustazokaren aurretik igaro ondoren, Irungo hiri barnera joko dugu. Kale nagusian eskuinera egin, trenbide gainetik igaro, eta errotondan eskuinera hartuko dugu Hondarribiraino zuzenduko gaituen bideari ekiteko. Kai zaharretik Higer itsasargira bidea jarraitu liteke indarra izanez gero.
EZARIAN. IBILBIDEA. Itsas bazterreko xendra
Itsasertza jarraituz, Bidartetik Hondarribiraino irits daiteke. Paisaia, historia eta itsaslabar erakargarriak deskubritzen lagunduko digu xendra liluragarri horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu