Aguraindik gertu, Munain herrixkako eliza atzean utzita, bidezidorrak eramango du bisitaria zuhaitz zaharren ingurura. Oinez, ordu erdi batean helduko da ingurura. Zaldiak bazkan ari diren zelaia, erreka eta hainbat sasi igarota, larre zabala topatuko du, eta haren erdian adarrak zerura luze zabaltzen dituzten zuhaitzak. Pedro Uribe-Etxebarria botaniko arabarrak hala idatzi zuen, Natura Zientzietako aldizkarian, lekua lehendabiziko aldiz ikusi zuelarik: «Zadorraren ubidea jarraitzen genuen 1995eko martxoan. Elorri zuri eta sasi artetik ateratzean, bakarrik zegoen orein antzeko batek eman zigun atentzioa. Gaztetan kimatutako haritz (Quercus robur) erraldoi bat zen hura».
Garai batean Munaingo eta Okarizko familien abereak hango larrera eramaten zituzten, neguan ezkurrak jatera. Animaliei bazka ematearekin batera, etxea berotzeko egurra ematen zieten zuhaitz haiek herritarrei. Arabako Lautadan, baina, patataren laboreak gora egin zuenetik, basoko ustiaketak alde batera utzi zituzten, eta abeltzain gutxi batzuk baino ez ziren geratu.
Egoera «larria»
Gaur egun, Jose Ramon Jauregi da Munaingo abeltzain bakarra. Haren ardi, zaldi eta behiak dabiltza, soilik, zuhaitz zaharren inguruko larreetan. Hainbat urte daramatza, aitarekin batera, herrian lanean, eta gustuko du ingurua. Azken urteetan lekuak izan dituen aldaketak, ordea, kezkatzen du. Zuhaitz zaharrak arriskuan daudela uste du. Arbola gazteak arbola zaharrak «irensten» ari dira, abeltzainek ezer egin ezin dezaketela. «Mendietako planaren arabera ez daiteke ezer uki, eta, normala denez, ateratzen den sasi bakoitzak zaharra jaten du». Laster neurriak hartzen ez badira, «kalte nabarmenak» izango direla aipatu du.
Larre haiek bazkaleku moduan zaintzen zituzten antzina, haritz bakar batzuk zituzten, animaliek ezkurra eta belarra izan zezaten. Jauregiren arabera, zuhaitz zaharrak utzi eta gazte gehienak kendu beharko lirateke ahalik eta arinen. «Haritz zahar horiek mendeetan hor badaude ez da naturalki iraun dutelako, gizakiek behar bezala zaindu dituztelako baizik». Herriko familia bakoitzak animaliak zituen han, eta haiek arduratzen ziren basoa zaintzeaz.
Zuhaitzak babestu eta ingurua biziberritzeko asmoz, hain zuzen, lanean ibili da azken hilabeteotan Arabako Aldundiko Mendi Zerbitzua. Munain eta Okariz eskualderako egitasmoa ia osatua dute, eta, datozen asteetan, herritarrekin partekatu ondoren, abian jarri nahi dute. Malen Vilches zerbitzuburuak azaldu moduan, lehentasuna du zuhaitz zaharrak babesteak eta, Jauregik esandakoarekin ados, zuhaitz gazteak dira arrisku nagusia. «Zaharrak baino gehiago luzatuko dira, horien adaburuen gainetik hedatuko dira, eta zuhaitz zaharrek ez duteizango eguzkiaren argitasuna».
Horregatik, eguzkia datorren lekuetatik, batik bat, garbiketa egin behar dela azaldu du Vilchesek. Herritarrek abereak zituzten garaian hamar urtean behin zuhaitzak muskildu eta egurra eramaten zuten. Ez ziren zuhaitzak orpotik mozten egurretarako, kapetatu egiten ziren, egur txikiagoak ematen zituen, eta garraiatzeko errazagoa zen, eta aldi berean, fruitu gehiago ematen zituzten abereentzat, haritzek ezkur gehiago.
Egitasmoaren lehentasuna zuhaitz zaharrak babestea izanik, suteak ekiditeko lanak edota higadurak ekiditeko lanak egitea ere espero dute, besteak beste. Halaber, ingurua ezagutarazteko hainbat ekimen prestatu dituzte. Herritarren iradokizunak jaso ostean abiaraziko dute, urte amaierarako.
Gaur egun erdi ezkutuan daude zuhaitz zaharrak, eta lekua aurkitzeko zailtasunak izan ditzake bisitariak. «Erabilera publikoak badu bere garrantzia. Alde batetik, jendeari erakusteko, eta ezagutzearekin batera, pentsatzen dugu, gehiago errespetatuko dituztela, gehiago zainduko dituztela». Babes neurriak ere behar direla nabarmendu du Vilchesek, eta zuhaitzetara igota edota enborretako goroldioa kenduta egin dezaketen kalteaz ohartarazi behar zaiela herritarrei.
Zuhaitzetako batzuk egurrezko hesi baten inguruan daude, dagoeneko, babestuta. Han geldiunea egin, eta basoaren ikuspegi orokorra edukitzeko txokoa izan daiteke. Udazkena heldu bada ere, oraindik kolore marroixka eta horixka gutxi ikusten da, berdeak estaltzen du dena oraingoz. Onddo zaleak ere gerturatzen hasi dira, altxor txikien bila.
Kopuru handiena
Garai batean 500 zuhaitz identifikatu zituzten gerri buelta, diametroa, metro batetik gorakoa zutenak. Baina, antza denez, hainbat gehiago daude zenbatu gabe oraindik. Bost mende baino gehiagoko zuhaitzak dira horietako asko, eta oraindik osasuntsu ikus daitezke.
Mendeetan bizirik iraun izanaren arrazoi bat baino gehiago dago, Vilchesen arabera. Abeltzainek zaintzearekin batera,buztinezko zorua izateak babestu ditu hein handi batean, gurdiekinegurra garraiatzea zailagoa baitzen. Eta zuhaitzen tamainak berak oztopatu du makinekin moztu ahal izatea. «Saioa egin dute, zuhaitz bat moztuta baitago, baina orpoa zatitzea lan zaila da, eta han geratu zen».
Urteen poderioz, izaki guztietan gertatu bezala, makaldu egin dira zuhaitzetako batzuk, batik bat zuhaitz berriek indarra hartu duten lekuetan. Egitasmoarekin egingo dituzten lanek ez dakite nolako ondorioak utziko dituen eta zuhaitzak biziberritzea lortuko duten, baina baikorrak dira. Haritzak dira zuhaitz gehienak, iraupen luzeko espeziea. «Haritzak gaitza duenetik hil arte denbora asko pasatzen da, hori gure alde dugu. Zahartzaroak berak ere bioaniztasunerako aukera ematen du, zuloetan hainbat zomorro, koleoptero eta goroldio bizi daitezkeelako», azaldu du Vilchesek.
Eta baita hil ostean ere, luzaroan irauten baitute zutik horietako askok. Europan dauden zuhaitzik zaharrenetakoak babestu nahi ditu, lehen-lehenik, egitasmoak, «gizaldiz gizaldi igaro dadin altxorra».
Azterlan oparoa
Urte gutxi batzuk dira Munain eta Okariz artean dagoen basoa aztertzera hainbat aditu etorrizela. Tartean, baita Erresuma Batuko erreginaren lorategiak zaintzeaz arduratzen zen botanikoa ere. Gurean ezohikoak diren landare eta animaliak identifikatu zituen haien azterlanak. Lehendabiziko aldiz, inguruko bioaniztasuna jasotzea izan zuten helburu, eskualdearen kontserbazio egoera ezagutzeko eta ezagutarazteko asmoz.
Hiru urteko lanaren ostean, besteak beste, goroldio, iratze, onddo eta kakalardo espezie berriak aurkitu zituzten adituek, inguruaren egoera osasuntsuaren adierazle. Hain zuzen, haritz zaharretan bizi ziren 103 kakalardo espezie aurkitu zituzten, 103 liken mota eta 33 onddo likenzale.
Azterlanean, halaber, basurdeak, azeriak, erbi europarrak edota orkatzak aurkitu zituzten. «Ezustekoa zuhaitzen barruan eta inguruan dago, basozainentzat ez dira garrantzitsuak, baina naturarentzat bizitza bera dira», nabarmendu zuen Carlos Hermosillak, basoa aztertu zuen botanikoetako batek.
Zuhaitzen artean, berriz, mota eta itxura askotarikoak daude haritza (Quercus Robur) jaun eta jabe izan arren. Erkametzak (Quercus faginea), pagoak (Fagus sylvatica) eta astigarrak (Acer campestre) ere topatuko ditu bidean bisitariak, ia zazpi metroko gerri buelta duten zuhaitzak horien artean.
Tamainako zuhaitz sortarik ez dago Araban, baina bai ordea zuhaitz zaharrak dauden leku ezkutuak. 1980ko hamarkada arteherrietako kultura zen egur sortak egiteko zuhaitz handi bat banatzea etxe bakoitzari. Debekuaren ondorioz, oso gutxi moztu dira eta Gaubea edota Urkabustaitz inguruan zuhaitz ederrak ikus daitezke.