EZARIAN. IRRIEN LAGUNAK. Euskal irrien kluba jaio da

Haurrentzako multimedia proiektu bat jarri dute martxan Katxiporreta pailazo taldeak, Elkarrek eta Berria taldeak

Mikel Carramiñana.
Bilbo / Irune Lasa. Andoain
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Itxaronaldi luzea izan da Pirritx eta Porrotxen berrien zain urtebete luzea igaro duten euskal haurrena. Katxiporreta taldeko pailazoak, alabaina, oholtzara bueltatzeko eta Euskal Herrikoumeei askoz gehiago eskaintzeko prest daudela esatera datoz. Familia handituta eta proiektu berriak besapean dituztela itzuliko dira lanera, gaur bertan; Irrien Lagunak klubaren bitartez, hain zuzen ere.

Haurdunaldi luze baten ostean, Pupu eta Lore izeneko bikiak izan ditu Pirritxek, baina jaioberrien zaintza eta hezkuntza Euskal Herriko haur, hezitzaile eta irrien zale guztiekin partekatu nahi dituzte. Hasieran, behintzat, Elkarren eta Berria taldearen laguntza izango dute Katxiporretako pailazoek. Izan ere, hiru taldeen elkarlanaren ondorioz jaio da kluba. Irria aldizkaria eta irrienlagunak.com webgunea izango dira gaurtik aurrera eskuragarri dauden klubeko adar nagusiak.

Proiektuaren aurkezpena Bilboko Kafe Antzokian egin zuten, atzo, eta han izan ziren sustatzaileak, Jose Mari Sors Elkarreko zuzendari nagusia eta Joanmari Larrarte EKTko kontseilari ordezkariak, Irrien Lagunak klubeko arduradunekin batera: Gari Berasaluze, Iñigo Arandia eta Joxi Oiarbide.

Noski, egitasmoko protagonista guztiak bildu ziren aurkezpenera. Baina, Pirritx, Porrotx etaMarimotots ezagunak ez ezik, taldeko pertsonaia berriak ere aurkeztu zituzten: Pupu eta Lore bikiak, Martinber gaztea, Marikalanbre zientzialaria, Amona Txinparta, Largabista jakintsua, Tiritatxo erizaina eta Lagun txakurra, besteak beste.

Elkarlanaren indarra

Irrien Lagunak kluba euskararen «merkatua zabaltzeko abiapuntu sendoa» dela uste du Joanmari Larrartek. Euskaldunon Egunkaria-k bere garaian Xingola umeentzako gehigarria eta BERRIAk, gaur egun astero Mantangorri argitaratzen duela gogorarazi du, baina «ezinbesteko» deritzo produktu eta ekimen gehiago sortzeari. Martxan jarri berri duten kluba, berriz, enpresa desberdinen arteko «elkarlanaren indarraren» emaitza dela nabarmendu du.

Elkarlanaren garrantziarekin bat dator Jose Maria Sors, eta Irrien Lagunak kluba euskarazko hedabideetan zegoen «hutsunea betetzera» datorrela gaineratu du. Egitasmo berriaren alderdi ekonomikoa ere jorratu nahi izan du Elkar taldekoak, «halakoetan kosta egiten delako». Proiektuak dirua eman behar duela dio Sorsek, bideragarria izateko eta sustatzen duten hiru enpresek «irabazitakoaren ehuneko ehuna euskaran eta kulturan berriro inbertituko» dutelako.

Porrotxek, bestalde, klubeko ateak Euskal Herri osoari ireki nahi dizkio. Horregatik, 14 urtetik gorako irri zaleak ere bildu nahi ditu proiektuan, «zero eta 100 urte bitartekoak ere bai». Alaitasunaren bitartez, «haurrak etorkizunean euskaraz bizi daitezen» lan egiteko prest azaldu da. Munduan zehar Disney konpainiaren pertsonaiak edota Spidermanen modukoak nonahi ikusi dituela ere azaldu zuen, eta «herri bakoitzak bere hizkuntza, bere kultura eta bere pertsonaiak» behar dituela sinetsita dago Porrotx.

Irrienlagunak.com webguneak ikus-entzunezko edukiak eskainiko ditu, Irria TBren bidez, baita kideen arteko harremana, Katxiporretakoen ikuskizunen agenda, denda eta askotariko edukiak ere. Irria aldizkariak, berriz, Ipurbeltz «ahaztezina» izan zuen lekua beteko duen itxaropena azaldu zuen Gari Berasaluzek. 2 eta 8 urte bitarteko haurrentzako istorioak, denbora-pasak eta marrazkiak eskainiko ditu «puntako kolaboretzaileei» esker. Julen Tokero, Jose Angel Lopategi eta Uxue Alberdi, besteak beste.

Klubeko lehenengo bazkideak ere izan ziren atzoko aurkezpenean. Bilboko Konpartsek, Donostiako Piratek, Seaskak, Gasteizko Txosnek eta Gora Iruñeak eskuratu dute dagoeneko bazkide txartela.

Jakingarriak

IRRIEN LAGUN IZATEKO

Webgunea. Izena emateko, irrienlagunak.com webgunera jo behar dute 14 urte bitarteko gaztetxoek. Doakoa da, baina gurasoen laguntza beharko dute.

Aldizkaria. Irria aldizkariaren harpidedun eginda ere bazkide egiteko aukera dago. Umeek ez ezik, gurasoek, ikastetxeek eta elkarteek ere egin dezakete harpidetza.

Harpidetza. Hamar aldizkari jasoko dituzte etxean, urtean 45 euro ordainduta, kioskoan baino %22 merkeago. Datozen hiru hilabeteetan, gainera, harpidetza 40 euro ordainduta egin ahal izango da.

Koloreetako Euskal Herria, koloreetako mundu batean; euskara eta irria batuz Pupu eta Lore jaioberrien inguruan sortu den proiektu zabalaren aurkezpenak abegi beroa jaso zuen atzo.

Pupu eta Lore, lehen kideak

Irune Lasa. Andoain

Gutxitan izan da horrelako ikusmina Martin Ugalde kultur parkean egindako aurkezpen batean (eta batzuen batzuk egin dira). Porrotx izan zen taula gainean agertzen lehena eta abegi beroa egin zioten haurrek, gazteek eta ez hain gazte ez direnek. Lehendabizi, bibotedunak irrienlagunak.com webgunea aurkeztu zuen, hainbat lagunekin batera: telebista, pertsonaiak, parte hartzeko moduak, webguneko atalak di-da batean azaldu zituen. «Esan gurasoei ordenagailuan sartzeko eta honi begiratzeko... Baina bihar, e! Gaur beranduegi izango da!». Esker oneko hasperenik baldin bada, gurasoen lerroetan entzun zena horixe izan zen.

Irria aldizkaria ere aurkeztu zuen ileurdinak, bere koordinatzaile Gari Berasaluzerekin batera. Baina, gaitz erdi, Porrotx ez zen askorik luzatu bere patatatortilla eta abarrekin: «Ikusi duzue Pirritx?», galdetu zuen, eta lehen lerroetan ikusmina eta ezinegona areagotu zuen. Erantzunak aretoa bete zuen: «Eeez!!!».

«Medikuarekin da», gaineratu zuen haurretako batek. Pailazoen haurdunaldiak nola 16 hilabetekoak izaten diren azaltzen hasi zen orduan Porrotx. Argigarriena, dena den, Pirritxen erditzea -hots, Pupu eta Loreren jaiotza- erakusten zuen bideoa izan zen. Eta, bat-batean, oholtzara Pupu, Lore eta... «ooo!», Pirritx agertu ziren!!! «Zuek ikusteko irrikan nengoen... geunden!».

Ikuspegi hezitzailea

Marimotots ere, nola ez, hantxe zen. Eta bere kezka agertu zuen: «Nola heziko ditugu Pupu eta Lore?». Hainbat adiskide berriizango dituzte horretarako lagun: Martinber, Marikalanbre, Tiritatxo, Largabista, Ane pirata eta Patakon, Lagun txakurra... Pupu eta Lore jaioberrien hezkuntzaz arduratuko dira, eta haiekin batera, Irrien Lagunak klubean bildu nahi dituzte haur, gurasoak eta hezitzaileak, euskara eta irria oinarri hartuta, guztien artean koloreetako mundua eraikitzeko.

Nola ez, garaiotan, krisia hitza ere agertu zen atzo; Porrotxen ezpainetan, hain zuzen. Klubeko eta aldizkariko harpidetza egiteko deialdia egin zuen. Eta horrekin batera klubaren merchandising-a ere egongo dela iragarri zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.