EZARIAN. KOLERA GAITZA. Sukar beltzaren hatzaparretan

Kolera agerraldi larria pairatzen ari da Zimbabwe, oinarri-oinarrizko azpiegiturak huts egiten ari direlako herrialdean dagoen gatazka politikoaren eta egoera ekonomiko negargarriaren ondorioz.

IRUNE LASA DONOSTIA
2008ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Kongoko gatazka amaigabean egin berri du agerraldia kolerak, sukar beltzak, milaka errefuxiatu baldintza lazgarrietan biltzen dituzten eremuetan. Baina egunotan kolerak beste egoera negargarri bat ekarri du albistegietara. Zimbabwen gobernuari gogor eusten dio 84 urteko Robert Mugabek eta ez du ageri oposizioko Aldaketa Demokratikorako Alderdiarekin boterea banatzeko borondaterik. Eta gatazka amaigabeak eragin zuzena du zimbabwetarren eguneroko bizitzan.

Inflazioa egunero bikoiztu egiten da herrialdean, eta, gobernuak emandako azken datuaren arabera, %241.000.000 tasaraino iritsi da. Gosea hedatzen ari da. Jendeak egunak eta gauak igarotzen ditu bankuen atarietan, asko jota ogi bat erosteko adina diru lortzeko.

Azpiegituren gainbehera nabaria da. Hararen eta beste hiri nagusietan argindarra etetea ohikoa da. Lehen haurren %90 joaten ziren eskolara, eta orain %20ra ere ez dira iristen. Eta kopuru hori murriztuz doa, eskolak ordaina elikagaietan egiteko eskatzen hasiak baitira. Gainera, irakasle askok ez du lantokirako garraioa ordaintzeko adina diru irabazten.

Berdin gertatzen ari da ur hornikuntzarako azpiegiturekin eta ur zikinen sareekin ere. Horrek guztiak bidea erraztu dio kolerari. Gaitza endemikoa da gaur egun Zimbabwen, eta urtero izaten dira sukar beltzaren agerraldiak. Baina herrialdeak nozitzen duen krisiak epidemia larria ahalbidetu du. Gobernuaren arabera, abuztutik 11.000 kolera kasu izan dira herrialdean, eta orain arte 425 lagun hil dira gaitzak jota. Baina, Zimbabwen lanean dabiltzan gobernuz kanpoko erakundeen arabera, askoz ere gehiago dira gaixotutakoak eta milatik gora kolerarekin hildakoak. Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, herrialdeko eskualde gehienetara zabaldu da sukar beltza.

Normalean koleraren presentzia arruntagoa izaten da ur hornikuntza eta ur zikinen sistema eskasa duten hiriz kanpoko inguruetan. Baina oraingo epidemiaren erdigunean Zimbabweko hiriburua bera da: Harare.

Astelehenetik hona, gainera, egoera are larriagoa da Hararen, agintariek ur horniketa erabat eten baitute, ura tratatzeko beharrezkoak diren gai kimikorik ez dutela esanez. Ziurrenez, agintarien asmoa koleraren hedapena nolabait oztopatzea izango da. Baina etxean ur putzu propiorik ez duen jendetza hirian barreiatu da edateko ur bila. Albiste agentzien arabera, 25 litro ureko ontzia 25 dolarrean (19 euro inguru) saltzen da Harareko merkatu beltzean.

Ura kentzeak areagotu egin du azpiegituren egoera tamalgarria.Osasun sistema bera ia geldituta dago. Ospitale askok gelak itxita dauzkate, medikurik eta langilerik ez dutelako. Hori gertatu da Harareko ospitale nagusian, eta baita Bulawayo eta Mutare hirietan ere. Zimbabweko Osasun ministroak bostekorik ez emateko aholkatu zuen astelehenean, eta kezkatuta agertu da euritea iritsi berri delako eta horrekin ur zikinak barreiatuko dituelako ur putzuetara. Robert Mugabek, berriz, nazioarteko zigorrei bota die herrialdean dagoen krisiaren errua.

Zimbabwerekin muga duten herrialdeetara ere ari da kolera hedatzen, eta kasuak agertu dira Hegoafrikan, Botswana eta Mozambiken.

Beste gaitz bat ere agertu da Zimbabwen, herrialdeak bizi duen amesgaiztoaren beste adierazle. Binga distrituan 32 antrax kasu agertu dira gizakietan. Espora bidez zabaltzen da antraxa, baina egoera txarrean dagoen haragia janda ere harrapatu daiteke.



Iaz 4.000 lagun hil ziren munduan kolerarekin, eta 178.000 gaixotu, baina zifra ofizialak horiek izanda ere gaitza askoz ere hedatuago dagoela aitortu du OMEk.

Garapenaren neurgailua

I.L. Donostia

Herrialde baten garapen sozialaren neurgailu garrantzitsua da oraindik kolera gaitza. Ez du beldurrik eragiten gutxieneko higiene estandarrak betetzen dituzten herrialdeetan, baina beste herrialde askotan, gaitza endemiko bihurtu da, eta aldian behin agerraldiak jasaten dituzte.

2007. urtean Osasunerako Mundu Erakundeak 177.963 kolera kasu eta 4.031 heriotza jaso zituen. Horietatik 166.583 kasu eta 3.994 heriotza Afrikan jazo ziren. Baina, OMEren ustez, kopurua askoz ere handiagoa da, besteak beste, herrialdeek ez dituztelako egiazko datuak ematen edo soilik laborategietan baieztatutako kasuak jakinarazten dituztelako. Gaitzaren definizioaren inguruko desadostasunak ere baliatzen dituzte herrialdeek, kolera kasuak ukatu eta gaixoek beherakoa besterik ez dutela esateko. Horrela, kolera kasuak lirateke Afrikako eta hego zein ekialdeko Asiako hainbat beherako kasu, baina OMEk ezin ditu ofizialki kolera kasutzat jo.

Horiek horrela, 2006. urtearekin alderatuta, kolera kasuak laurden batean murriztu ziren iaz. Baina, hain zuzen, 2006. urtean kolera kasuek hazkunde lazgarria izan zuten 1999. urteko mailara hurbiltzeraino. OME kezkatuta dago, osasungarritasun ezean eta ondorioz kolera nozitzeko arriskuan dagoen biztanleria handituz baitoa. Gainera, gaitzaren andui berri larriagoak agertu dira eta erresistentzia handiagoa erakusten dutenak. OMEren ustez, gerta daiteke kolera datozen urteetan mundu mailako osasungintza publikoaren agendako lehen postuetara itzultzea.





Merkataritza bideak erabili ditu kolera gaitzak XIX. mendean pandemia gisa munduan zehar hedatzeko. Euskal Herrira ere iritsi zen sukar beltza.

Ganges ibaitik mundura

I.L. Donostia

Indian du jatorria gero mundu zabalera barreiatuko zen gaitzak. Kolerak Ganges ibaiaren deltako ur kutsatuetan zuen egoitza nagusia, XIX. mendean, merkataritzaren bideak erabiliz, Asia hegoaldera eta gero Europa, Afrika eta Ameriketara hedatu zen arte.

Milioika lagun hil zituzten sei pandemia izan ziren, 1816. urtetik 1923. urtera. Eta sei horietatik bigarrenak, hirugarrenak, laugarrenak eta bosgarrenak eragina izan zuten Euskal Herrian. Halaxe aipatu du Antton Erkorekak. (Epidemiak Euskal Herrian. Erkoreka, A. 18. Osasun Jardunaldiak. Bilbo, 2008). Bigarren pandemia Mendebaldetik iritsi zen, Lehen karlistadaren garaian, 1833an. Araban 1834an hilkortasun-tasa 5.2/100.000 biztanlekoa zen, eta, hurrengo pandemietan, 1855ean 25.5ekoa eta 1885ean 3.2koa.

Begoña Amaren mirakulua

1855ean sukar beltzak Bilbo bisitatu zuenaren aztarna oraindik ikus daiteke Begoñako basilikan: Ramon Elorriagaren margo batek kontatzen du nola, koleraren izurritea eten zezan eskatzeko Begoñako Amaren irudia prozesioan atera zuten Bilboko kaleetatik eta ordutik aurrera hildakoen kopurua murriztuz joan zen. 1885. urtean, kolera izurriteak Arantzazuko Ama Birjinaren koroazioa atzeratu zuen. Urte hartako irailaren 13rako aurreikusia zegoen koroazioa, baina 1886ko ekainera atzeratu zen ospakizuna.

OMEren arabera, koleraren zazpigarren pandemia oraindik indarrean dago. 1961. urtean hasi zen Asia Hegoaldean, Afrikara iritsi zen 1971ean eta Ameriketara 1991ean. Hainbat tokietan, gaitza endemikotzat jotzen da orain.





Oinarrizko higiene eta osasun neurriekin erraz egiten zaio aurre gaitzari, eta askotan errehidratazio soilarekin sendatzen da, abagune normaletan.

Sendabide errazeko hiltzaile bizkorra

I.Lasa Donostia

Pertsona heldu osasuntsu bat ordu gutxitan hil dezakeen infekzio diarreiko larria da kolera. Vibrio cholerae bakterioak eragiten du, hura gorotzetatik ahorako transmisio zuzenean edo ur eta janari kutsatuaren bitartez hartzen denean. Koleraren bakterioak toxina batzuk askatzen ditu eta hesteak gorputzeko ur guztia xurgatzera bultzatu. Hesteek ur horri guztiari eutsi ezin eta beherako urtsua agertzen da. Kasu okerrenetan beherako larriak gaixoa heriotzaraino eraman dezake deshidratazio zorrotzarekin eta giltzurrunen hutsegitearekin.

Inkubazio aldi oso laburrak, bi ordutik bost egunera bitartekoa, gaitzak brote gisa eztanda egiteko arriskua areagotu egiten du, gaixo kopurua bizkor zabaltzen baita. Infektatutakoen %75ek ez dute garatzen sintomarik. Hala ere, patogenoek 7tik 14 egunera bitartean irauten dute gorotzetan eta handik zabal daiteke gaitza ingurura.

Sintomak izaten dituzten gaixoen artean, episodioen %80 larritasun arinekoak edo neurritsukoak izaten dira. %10-%20k beherako larria eta deshidratazioa nozitzen du eta tratamendurik ezean, bitik bat hil egin daiteke. Aldiz, artapen egokiarekin, hilkortasun tasa %1etik beherakoa da. Eta koleraren tratamendua erraza, merkea da eta eraginkorra da garaiz hartzen bada, ur garbia eta errehidratazio gatzak hartzea nahikoa baita, bost egunetan bakterioa hiltzen den arte. Deshidratazioa oso larria bada, ia ezinbestekoa da errehidratazioa intrabenosoa izatea.

Antibiotiko egokiak erabil daitezke kasu larrietan, beherakoaren iraupena murrizteko, errehidratazio fluidoen beharra gutxitu egiten duelako. Hori bai, Osasunerako Mundu Erakundearen (OME) arabera, komunitate bati antibiotikoak emateak ez du koleraren zabalkuntza eragozten eta kontrako efektua izan dezake antibiotikoenganako gaitzaren erresistentzia areagotuz.

Txerto parenteralaren erabilera ere ez du gomendatzen OMEk, eraginkortasun gutxikoa delako eta nahi gabeko ondorioak izan ditzakeelako. Bada ahotik hartzen den txerto bat, batez ere bidaiariek eta turistek hartzen dutena. Txerto horrekin egindako bakunazio kanpainak nahiko berriak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.