Besteak beste, kolore, gai, prezio eta tamaina askotako mila istorio gordetzen ditu azokara egokitu duten karpa zuriak. Tartean daude Ondarroako Luterl taldearen postua, Ikastolen Elkarteko Xabiroirena eta El Jueves aldizkariarena. Eremua 82 erakusmahaiek aberasten dute.
Aurten ere, milaka komiki ale bildu dituzte bost kalek banatzen duten karpan. Iñaki Elorriaga Getxoko Komiki eta Manga Azokako arduradunaren hitzetan, komikien bila biltzen da jendea, «azoka ikusi eta erostera». Atzo ireki zuten azoka, eta dagoeneko lagun asko murgildu dira marrazkien gozamenean. «Goizean ilara luzea egon da atean. Argitaletxeen argitalpen berriak ikusteko jende asko egon da irrikaz itxaroten», azaldu du Elorriagak.
Aurten, nazioartean ospe handia duten hamazazpi egile gonbidatu dituzte. Horietako batzuk dira Jabier Isusi eta Angel Unzueta euskal herritarrak. Badira, baina, Amerikatik eta Europatik etorritakoak ere. «Kanadatik bi ordezkari etorri dira, AEBetatik eta Suitzatik bana, eta Espainia, Frantzia zein Belgikatik ere etorri dira». Elorriagaren ustez, komiki merkaturik handiena AEBetan eta Frantzian dago. Haatik, mundu osoari erakusteko mundu osoko lan, animazio zein erakusketak hautatu dituzte.
Iaz, 22.000 bisitari izan ziren, eta aurten egoera ekonomikoak ez ditu antolatzaileak kikildu: «Krisiagatik gutxiago sal daitekeela egia da, baina bisitari kopuru bera izatea espero dugu».
Adin guztietarako eskaintza
72 ordutan eskaintzeko, film laburrak, eztabaidak, sinatze txandak, berrikuntzen aurkezpenak, rol partidak zein komiki tailerrak antolatu dituzte.
Komikietako elementuak orrietan eta postuetan begizta daitezke. Postuetako batean, adibidez, beste gauza askoren artean saltzen dute Espartako ezkutua, 160 eurotan. Komikiekin egindako edalontzi, kamiseta eta txapak ere nonahi ageri dira.
Jon Iñaki Arretxe Luterleko kidea da. 1983an sortu zuten Ondarroan taldea, inguruko komikizaleen topagune izateko helburuarekin. «Txikitatik marraztu egiten genuenez, bildu, taldea sortu eta fanzine bat ateratzea erabaki genuen komiki album ezberdinekin». Desira horren emaitza da Globhoo aldizkaria. Luterleko erakusmahaian dago, besteak beste, Kirmen Uribek gazte garaian egindako Le blist argitalpenarekin. 1990ean kaleratu zuen Uribek, Josu Aranbarrirekin batera.
Manga Egunarekin bukatuko da bihar Getxoko komiki azoka. Etzitik aurrera, beraz, egileek etorkizuna argi ikusi ez arrenlanean jarraitu beharko dute. Argia ikusteko etorkizunean.
Dani Fano. Komikigilea
«Anekdotaren parekoa da iaeuskaraz komiki bat argitaratzea»
I. Mendiguren. GetxoDani Fano (Donostia, 1968) marrazkilari eta komikilaria da. Ardi beltza, Ipurbeltz, Kale gorrian eta Xabiroi aldizkariaren egileetako bat da. Aurten plazaratu du bere lehendabiziko lan luzea: Teleatoi: kalabaza haluzinogenoak. Komikigintzatik bizi ez bada ere, komikigintza bizi du. Horregatik joan da Getxoko Komiki eta Manga Azokara.
Zer da Getxoko komiki azokan erakusgai duzuena?
Urtero kaleratzen ditugun hiru argitalpenak: Irati, Piztia otzanak eta Teleatoi. Ikastolen elkartearen laguntzaz Xabiroin argitaratzen den materiala.
Zenbat ordutako lana dago komiki bakoitzaren atzean?
Ufa, ia urtebetekoa. Lehenbizi, ideia sortzeko; auskalo nondik etortzen zaizkigun ideiak bilatu behar izaten ditugu. Gero, gidoia sortu behar izaten da, eta, horren ondoren, marrazkilarien lana hasten da. Marrazkilariok zirriborroak egiten ditugu, gidoilariarekin planoa adosteko. Eta ondoren hasten da marrazteko prozesua: tintaz pasatzea, arkatzez fintzea... Gaur egun, zuri-beltzean eta arkatzez egiten ditugu irudiak, eta ondoren, kolorea ordenagailuz tratatzen dugu.
Zenbat zirriborro ezkutatzen dira biñeta baten barnean?
Gutxi gorabehera, gidoia, marrazkiak eta koloreak kontuan hartuta, orrialde batek lau eguneko lana du. Horri gure orri bakoitzean batez beste bi eszena sartzen direla gehitu behar diogu. Dimentsioa aintzat hartuta, komiki bakoitzan orri bat egiteko hiru orri erabiltzen ditugu. Album hauek 56 orri dituzte, eta zirriborroetan ehunka orri bota ditugu. Baina lan polita da, gustagarria.
Zein da euskal komikigintzaren egoera?
Ez dago egoerarik. Ez dago euskal komikigintzarik. Oso gutxi gara marrazkigileak. Komikigintzatik ez da inor bizi, tarteka komikiak egiten dituzten komikilariak daude, baina hamar bat gabiltzala esatearekin pasatzen ari naiz.
Euskarak zein presentzia du?
Ikastolen elkartearena bezalako argitalpen jakinetatik aparte, Xabiroi da egonkorki publikatzen den euskal komiki bakarra. Orain, Argia-k Asisko Urmenetarekin eta Mattin Irigoienekin Okatxu lana atera du. Gasteizen ere bada beste euskal argitaletxe bat, baina maiztasun jakin batekin argitaratzen dugun egileak gutxi gara.
Zerk aldatu beharko luke komikigintzaren egoera normalizatzeko?
Jendearen ohiturak. Ipar Euskal Herrian, adibidez, komikiekiko zaletasun handia daukate, Frantziako Estatutik jasoa. Hemen beti egon da kultura friki baten inguruan. Irakurle gehiago sortzeko, gaiak lehen baino askoz pluralagoak dira, baina oraindik bai komiki eta bai marrazki biziduna haur literaturarekin lotzen da. Joera hau Espainiatik jaso dugu. Frantzia edo beste nazio batzuetan marrazki eta komikiekiko beste kultura bat dago. Dena den, literatura serioa ez dago bere garairik onenean.
Zein ezberdintasun dago euskal komikigintza eta atzerrikoaren artean?
Euskaraz egiten den komikitzat ulertuta euskal komikigintza, atzerrikoa txikia bada ere badela esango nuke, eta euskal komikigintza ez. Aurten bi komiki baino ez dira atera euskaraz: Okatxu eta Teleatoi. Gaiei dagokienez, hain txikia izanda ezin dugu ezer esan, egile bakoitzak burutik pasatzen zaiona egiten du. Euskaraz komikiak argitaratzea anekdotaren parekoa da ia. Definitzeko lagin handia beharko genuke, eta ez dago. Espainiako komikia ere oso merkatu txikia da, merkatu handi bakarra frantses hiztuna eta AEBetakoa da. Euskal komikigintzaren geroa jendearen esku dago. Horregatik, komikiak irakurtzera animatzen zaituztet.