EZARIAN. KONTSUMOA. Itsulapikoak astintzeko garaia

Kontsumo handieneko garaia hastear da, eta dendariek baikor ikusten dute salmenta; familia bakoitzak batez beste 902 euro gastatuko ditu Eguberrietan, EKAren azterlanaren arabera.

Anakoz Amenabar.
Gasteiz
2009ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Hilabete eskas baino ez da geratzen Eguberrietarako, eta poliki-poliki hasi dira dendariak kutxei hautsa kendu eta bolatxo, zuhaixka eta gainontzeko apaingarriak ateratzen. Dendetako erakusleihoak prestatu eta kaleetako argiak pizten hasi dira txoko batean baino gehiagotan. Opariak eta otorduak erabaki eta erosteko tartea helduko da laster. Urteroko buruhaustea, ordea, burukomin bilaka daiteke aurten patrika askorentzat.

EKA Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketak egindako kalkuluen arabera, aurtengo Gabonetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, familia bakoitzak batez beste iaz baino %18 gutxiago gastatuko du. Iaz, 1.100 euro gastatu zituen, eta aurten 902. 2008ko uztailean hasi zen sumatzen krisia, eta joan den urteko Gabonetan izan zuen eragina lehendabizi. «Aurten krisia larriagotu egin da, kontsumitzaileen konfiantzak jaisten jarraitu du eta aurrezteko nahiak gora egin du», adierazi du EKAko komunikazio arduradun Jose Luis Segurak.

Aurtengo Eguberrietarako EKAk aurreikusi duen gastua, 902 euro, hainbat ataletan banatu dute. Oro har, oparietan gastatuko da gehien, 450 euro, elikaduran ondoren, 310 euro, eta etxetik kanpoko gastuetan, azkenik, 142 euro. «Inork ez daki noiz hasiko den baretzen krisialdia. Gure kalkuluen arabera, hortaz, %18ko jaitsiera hori aurreikusten dugu Gabonetarako».

EKAk egindako ikerlanaren arabera, janaria batez ere supermerkatu eta hipermerkatuetan erosiko dute herritarrek. Opariak, berriz, biltoki handietan eta hipermerkatuetan gehienak. Marka zurien salmentak ere gora egingo du nabarmen, urte osoko bideari jarraituta. Interneten kontsulta ugari egiten den arren, gutxik egingo dituzte erosketak sarean. «Aurten familia gehiagok izango dute aurrekontu bat, eta horren arabera egingo dute erosketa zerrenda, %55ek». Era berean, hamar kontsumitzaileetatik seik Eguberrietako egunetatik kanpo egingo dituzte erosketak, lehenago batez ere.

Merkatariak baikor

Krisiak bete-betean jo dituen arren, Eguberrietan salmentak ondo joango direla uste dute dendari gehienek. Kontsumismoaren zurrunbiloan bete-betean sartu aurretik, baikor daude dendariak. Kontxi Agirrek, Gasteiz On merkatarien elkarteko presidenteak, egoerak laster hobera egingo duela uste du. «Ekonomia zerbait pizten ari dela entzuten ari gara, eta horrek psikologikoki, nahi eta nahi ez, eragiten du».

Agirrek lan egiten duen arropa dendan ez zuten iazko Gabonetan krisia gehiegi nabaritu, «alderantziz oso emaitza onak izan ziren», eta elkarteko gainontzeko dendariekin hitz egin eta gero ondorioa bera da, «denak nahiko pozik gaude iazko emaitzarekin». Aurten beldur handiagoa dagoen arren, baikorrak direla nabarmendu du.

Erosketak sustatzeko asmoz, hainbat kanpaina jarri dituzte abian, gozotegien ibilbidea edo zinema txokoak tartean. Aurten ez dute kalea argiztatuko, baina haren ordez erakusleihoen lehiaketa antolatu dute. «Egia da Gabonetako argiek girotzen dutela, baina garestiegiak dira. Kaleak beharrean dendak apaintzen saiatuko gara».

Dendariek Agirreri jakinarazi diotenaren arabera, azken asteak motelak izan dira salmentari dagokionez. «Orain berpiztuko den itxaropena daukagu. Dirua egon badago. Araba, esaterako, gehien aurreztu duen lurraldea da, beraz egon badago. Badakit, halere, beste askorentzat zaila izango dela».

Gasteizko Goya gozotegiko erakusleihoan Gabonak aurreratu dituzte, txokolate eta turroi otzara ederrekin. Urteko sasoirik neketsuena izaten da Maite Ibarrola saltzaileak adierazi moduan. Azken orduko enkarguei aurre egiteko langile gehiago izango dira egun horietan. «Krisiak denak harrapatu gaitu, baina Gabonak bereziak izaten dira, eta aparteko gastua egiteko izaten dugu aurreztuta». Abenduko lehendabiziko egunetan hasiko da joan-etorria, eta ordurako prest izango dira hemezortzi turroiak.

Opari bat edo beste erosteko garaia ere izaten da abendua, eta horren zain dago Ynox opari dendako Mila Ortiz de Zarate. Erosleak erakartzeko eskaintza bereziak jarri ditu, eta laster apainduko du denda. «Egia esan, baikorrak gara dendariak, baina ez dakit errealitatea halakoa izango den, ikusiko dugu».

Oparien artean liburuak ere izaten du lekurik. Jakintza liburu denda txikiko dendariak azaldu moduan, krisiak ez du eragin berezirik izan aurreko hilabeteetan, eta Gabonetarako ere baikor daude. Erosleak han ez ditu, beharbada, gehien saldutako liburuak aurkituko, baina dendariaren gomendioak jarraituz gero aurkituko du altxorrik. «Une honetan, adibidez, Rafik Schamiren The Dark Side of Love gomendatuko nuke». Aurten, gainera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak banatutako 25 euroko bono txartelarekin erosleek merkeago eskuratu ahal izango dituzte.

Badira Gabonetan oporralditxoa egitea erabakitzen dutenak ere. «Eguberrietan beti izaten da familia topaketetatik alde egin nahi duena eta osteratxo bat egin nahi duena», azaldu du Eroski Bidaiak dendako Carmen Salasek. Kanariar uharteak eta eski estazioak dira jendetsuenak, «oraindik elurraren zain gaude, halere».



Gomendioak

Gabonetan ere kontsumo arduratsu baten aldeko gomendioak eman ditu EKA Kontsumitzaileen Elkargoak:

Gure gaitasunaren araberako aurrekontua eta benetan behar eta probetxatuko ditugun produktuen zerrenda egin; eta horietatik ez atera.

Erosketak planifikatu eta ahal den neurrian aurreratu, garestiagoak diren eta normalean gozamen gutxiago ematen diguten azken orduko erosketak ekidin.

Eskaintza edo promozio bereziak bilatu eta saltoki ezberdinetan salneurriak aldendu. Jostailuen salneurrietan, adibidez, %50eko aldeak aurki ditzakegu.

Tiketa edo faktura eskatu eta gorde, erreklamazioa egin behar izatekotan funtsezkoa baita.

Jostailu, gailu elektroniko edota etxetresnen erosketan Laguntza Teknikoko Zerbitzuak dauden ala ez eta non aurkitzen diren galdetu, beti ere honelako produktuek 2 urteko bermea dutela gogoratuz.

Menuak aurretiaz prestatuz, elikagaiak aste batzuk lehenago erosiz eta etxean behar bezala izoztuz, aurrezki polita loru dezakegu. Izozketa ondo eginez gero, elikagaiek ez dute kalitaterik galtzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.