EZARIAN. LACORZANAKO ETA BAIAKO AINTZIRAK. Ur geldoetan barrena

Zadorra, Baia, Uda eta Ebro ibaiek bat egiten duten inguruan, Lacorzanako eta Baia ibaiko hezegune naturalak daude. Hegaztientzat uharte dotore bilakatu dira azkenaldian, eta eskualderako garrantzia duten aintzira babestuetan sailkatuta daude.

Josean Gil-Garcia.
2010eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Ura apurka-apurka metatzen joaten deneko leku misteriotsuak dira hezeguneak. Espezie ugariren iraupena, gainera, kolokan jartzen da leku horietako biodibertsitatearen kalitatea jaitsiz gero. Hori dela eta, ezinbesteko pausaleku bilakatu dira azkenaldion, batez ere harat-honat dabilen hegazti saldo migratzailearentzat. Arabako hego-mendebaldeko eremuan daude ibilbide hau dela medio bisitatu nahi ditugunak: Lacorzanako aintzira Arabako lurraldean, eta beste biak -Baia eta Lago- Miranda Ebrotik (Burgos, Espainia) oso gertu.

Industriaren eta giza garapenaren eraginak erabat aldatu du inguruko paisaia, eta, agian horregatik, oharkabean pasatu da zingirok duten garrantzi ekologikoa. Arabakoa babestua dago, eta Baia aintzirako fauna interpretatzeko argibide taulaz eta behatokiz hornitu berri dute.

Lacorzanako aintzira Berantevillatik hurbil dagoenez, hiribildu horretatik abiatzen den abelbidea hobetsi dugu bertaratzeko. Behin aintzira aurrean, Lacorzana herrixkan altxatzen den gaztelua ikusteko aukera izango dugu. Gero, Done Jakue bideari ekingo diogu -oraintsu berrantolatu dute- Mirandaranzko bideari. Berantevillara itzultzean, Mirandako industriaren historian barrena sartu-irtena egingo dugu. Hori guztiori aintzira konplexua osatzen duten azken bi hezeguneak bisitatzear gaudela.

Lacorzana dela eta

Itsas mailatik 467 metrora dago Lacorzana herria (Araba). Armiñon udalerriari dagokio, eta Ibarretako eskualdean dago. Uharte idiliko baten antzera edo, han Arabako herrialdea burutik buru zeharkatzen duten lau ibai nagusi pilatzen direla ikusiko dugu: Zadorra, Baia, Uda eta Ebro. Bidebanatze garrantzitsu batean kokatu zen Lacorzana garai batean, batez ere XVII. eta XVIII. mendeetan historian adituak direnek gogora ekartzen dutenez. Dorretxe bat altxatu zuten Erdi Aroan, bereziki ibiltariak eta inguruko salgaiak kontrolpean izateko xedez. Hurtado de Mendozatarrek altxatu zuten gotorleku hura, talaiatik erraz kontrolatzen baitzituzten Zadorrako ertzak ez ezik, Mirandarako eta Urduñarako bide nagusiak ere. Gaur egunean ikus daitekeen dorretxeak aldaketa ugari izan ditu, baina oraindik ere xarma berezia du.

Berantevillatik Lacorzanara

Berantevilla hiribilduan hasiko dugu ibilbidea. Lacorzanilla herrixkara doan abelbidea baliatuko dugu Arceko zubira iristeko. Abelbidea orain urte batzuk Diputazioko Ingurumen Sailak lehengoratu zuen, eta gaur egun posible da lur zoru oneko basabide batetik hiruzpalau kilometro egitea. Duela berrogei urte eginiko abelbideen inbentarioan agertzen denez, zortzi metroko zabalera izan zuen abelbide hark eta Mirandako azokara joateko erabiltzen zuten. Abelbide bakarra ez zen, ordea, Arceko herri inguruan behiala Santanderrera zihoan beste batekin elkartzen zen eta. Berantevilla hiribilduko irteeran ikusiko dugu ibilbide horretako abiapuntua, Mirandara doan errepidearen ondo-ondoan doan pistan, hain justu. Bidexka nagusitik irten gabe, beraz, benta zaharra, baseliza eta santutxoa gordetzen dituen Lacorzanilla herrixkara iritsiko gara. Errepide nagusira irten gabe, ordea, eskuinera egingo dugu, tenpluaren atzealdetik igarotzeko, eta Uda ibaiaren ondotik jarraituko dugu. Autobidearen zutabeen azpialdera iristerakoan, Zadorra ibai nagusia batuko zaigu eskuinaldetik. Soroen artetik ibili eta metro gutxi batzuetara, Arceko zubiraino eramango gaituen makaldi eder batera iritsiko gara. Burgos eta Araba herrialdeen arteko muga markatzen du zubi horrek. Antzina oso erabilia omen zen goi ordokiaren eta Kantauriko portuen arteko erromes bide modura, baita artile eta burdingintza gaien merkataritzarako ere.

Mirandara doan errepidera atera gabe, porlanezko zubi estu batetik igaroko dugu ibaia. Bestaldean, El Lago urbanizazioan barrena segituko dugu. Arceko desbideratze parean, eskuinera egin eta, A-4157 errepidea ondoan, Arabako muga adierazten duten harrizko bi borneetara iritsiko gara. Muino baten gaineanikusiko ditugun pinu batzuen ondora ere iritsiko gara. Lacorzanako aintziraren ur lamina ikusiko dugu ezkerraldean; aintzirak 50 zentimetroko sakonera izan ohi du batez beste. Aintziraren gaina lezkariek erabat hartzen dutenez, uretara hurbiltzen den faunaren berri edota xehetasun gehiago izateko, Diputazioko Ingurumen Sailak ur bazterrean instalatutako argibide taula lagungarri izango dugu.

Arabako hego-mendebaldeko prezipitazio kopurua handia ez denez, nondik datorkio ura, bada, sakonune konkaboari? Bada, ibilbidean zehar ikusiko ditugun hiru hezegune hauek lur azpiko ekarpenak izaten badituzte ere, euri jatorria dute gehienbat. Lurrazalean diren material iragazgaitzei esker, gainera, bertan mantentzen da ur-lamina, bizitzarako ezinbesteko den hezetasuna gordez.

Fefasa eta hezeguneak

Aintzira ikusi eta gero, errepidera bueltatuko gara, eta aurrera segituko dugu, iparralderantz. Autobidearen azpitik igarota, Lacorzana herrira iritsiko gara. Herrixka pribatu horrek baditu oraindik ere hainbat altxor deskubritzeko: gaztelu eder bat, besteak beste. Bisita egin ondoren, aintzirara bueltatuko gara. Sakonunea eskuinaldetik inguratzen duen Done Jakue bideko pintura arrastoari jarraituko diogu, Mirandarantz. Errepide bat gurutzatuko dugu laster, eta landa bidetik jarraituko dugu, harik eta XVI-XVII mendeko Santa Ana eliza katalogatura iritsi arte. Olivo kalean aurrera egingo dugu pitin batean eta, iturria atzean utzita, ezkerrera joko dugu Arce-Logroño errepide nagusira jaisteko. Han behean, Done Jakue bidea eta GR 99 Ebro Bidea alde batera utzi eta ezkerrera joko dugu, errepidearen paraleloan doan espaloitik segitzeko. Muino baten gainaldean 1951. urte inguruan eraikitako Los Angeles tenplu deigarria ikusiko dugu. Elizaren eta inguruan diren etxebizitzen nondik norakoa ulertzeko, 1940. urtera jo beharra dago, hots, Fefasa fabrika Miranda Ebron ezarri zen garaira. Hasieran, lastoa lehengaitzat hartuta, zuntz artifiziala sortzeko eraiki zen fabrika hura. Hortik dator Mirandaren kokapen estrategikoa. Hastapen gazi-geza izan zuen egitasmo horrek, baina, zulo ekonomikoa pasatu eta gero, inaugurazio ofiziala egiteko tenorea iritsi zen, noiz eta hamabi urte geroago. Garai horretan ia 2.400 langile hartu zituen Fefasak, produkzioari dagokionez etekin handia ematen hasi baitzen. Testuinguru horretan ulertu beharra dago Los Angeles eliza eta langileen auzo bitxi hori.

Biribilgunera iritsi baino ehunen bat metro lehenago, Baia aintzira ikusteko gonbita egingo digun seinalea dago. Lacorzanakoa baino pitin bat zabalagoa da hezegune hori (6,4 hektarea); bertako bazterrak egokitu berri dituzte, bertarazten den faunaren jarraipena soseguz egin ahal izateko. Aintzira eskuinaldetik inguratuz, El Lago urbanizaziora iritsiko gara. Ondo-ondoan, beraz, azken aintzira. Urbanizazioa burutik buru zeharkatuta, Arceko zubira iritsiko gara, hots, Berantevillatik datorren abelbidearekin bat egiten deneko lekura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.