Orotara 130 parte-hartzaile baino gehiagok eman zuten izena. Proiektuak banan-banan aztertu ondoren, epaimahaiak 27 lehiakide aukeratu zituen. Hauek izan dira, bada, atzo goizean garaikurra jasotzeko aukera izan zuten lorategiak.
Lehen saria Herbehereetara joan da. Arte Eder museoaren ondoan dago Anouk Vogelek sortutako kaktusen hiria, edo Cacticity izeneko lana. Bigarren saria euskal lorategi batek eskuratu du: Basoinsa-k sortutako Mikelen baratza. Azkenik, hirugarren saria Herrialde Katalanetako Anna Santacreu eta Sergio Garcia-Gascok jaso dute, Bosque de alisendas urbanas lanagatik. Irabazleak hirian lorategi berri bat sortzeko edo dagoeneko eginda dagoenetako bat berritzeko -aurtengo sari berria izan da azken hori- aukera izango du.
Dena den, sariketakoak ez dira Bilbon dauden lorategi bakarrak. Epaia ematera aparteko lau gonbidatu ere ekarri dituzte: Antonio Gala, Frederic Amat, Diana Balmori eta Jose Ibarrola bilbotarra. Horietako bakoitzak bere lorategia sortu du. Hala, guztira, 31 daude hiri osoan barreiatuta.
Diana Balmoriren curriculuma oparoa da oso. Epaia erabakitzerakoan bere iritzia eman, eta, bidenabar, bere esperientzia ezagutzera agertzeko Bilbora gonbidatu zutenean, Zabalgunea eta itsasadarraren arteko ate lanak egiten dituen eskailera eskaini zioten: Isozakik eraikitako bi dorreen artekoa. Ikusi orduko aspaldiko burutazio bat etorri zitzaion gogora: «Orain urte batzuk, Erromako Piazza di Spagnan nengoela, hango eskaileretan lorontziak zeudela ohartu nintzen, han-hemen jarrita, ugari. Dena apaintzen zuten. Eta herritarrak haien artean esertzen ziren. Ohartu nintzen eskailerak ez ditugula behar beste aprobetxatzen. Ez dugu jakin egonerako eremu bihurtzen. Izugarri gustatu zitzaidan, eta nik ere hortik abiatuta zerbait egin behar nuela pentsatu nuen».
Ur emari bat irudikatu du Eskailera igotzen duen lorategia izeneko sormen lan honetan. «Ura eskaileretan behera olgetan doala erakusten digu», dio Balmorik. Landare artetik ezin daiteke ibili, ez dago tarterik. Horrela, bada, sortu duen honek eta herritarrek zelako harremana izango duten galdetuta, honakoa erantzuten du: «Jendea gora eta behera ibiliko da, presaz, astia urri duelako, baina tartetxo bat atera, eseri eta loreez gozatzeko aukera emango zaio. Bakarrik edo lagunartean. Hitz egiteko parada izango dute. Hori guztia oharkabean aurkitutako lorategi batekin».
Ikusteko eta erabiltzeko
Balmorik funtzionalitate bat eskatzen dio lorategi orori. Irizpide hori gogoan hartuta bisitatu ditu epaimahaiko kideekin batera. «Espazio publikoa izatea nahitaezkoa iruditzen zait. Herritarra gerturatu eta bertan egotera gonbidatu behar du. Funtzionala eta erakargarria izan behar da. Horretaz gain, artistikotasuna ere kontuan hartzen dut. Baina oso ederra eta ikusgarria izan arren, herritarrentzako sortutako eremu atsegina ez bada, ez dit balio».
Ohiko lorategi eta parkeekin alderatuz desberdinak dira lehiaketa horretan parte hartu dutenak. Txikiagoak eta artistikoagoak dira. Gainera, inguru artifizialean daude. Balmorik hirigintzan kontuan hartu beharrekoak direla uste du: «Demagun oinezkoentzat sortutako kale zabal bat dugula. Lorategi txiki bat jar diezaiokezu gainean. Ehun metro koadrokoa, adibidez. Gizatasuna ematen diozu inguru horri, oso elementu gutxirekin. Herritarrentzako toki zoriontsua bilakatu da».
Bilboko 31 lorategi hauetan badira lorerik ez dutenak ere. Euskarazko izena loreei lotuta dagoen arren, Balmorik ez du uste derrigorrean hala izan behar duenik. Berak hainbat sortu ditu lorerik gabe. Asko gustatzen zaio belar luzeak dituzten lorategiak egitea. «Haizeak mugitu egiten ditu, eta badirudi bizirik daudela. Itsasoa dirudite, haizeak olatuak sortzen dituenean. Lorategi honek ere horrelako bizitasuna izango du, asko mugituko da haizearekin». Eguzkiak lagunduz gero, lorategiok ikusgarri egongo dira aste gutxiren buruan.
Arbela, lizarra, Mikel Laboa eta, oro har, apaltasuna omentzeko lorategia
Mikelen basoa izeneko lorategiak lortu du bigarren saria. Urtzi Arteagoitiak eta Mikel Sarriegik eginiko lorategiak. Lizarra aukeratu zuten abiapuntu modura. «Garrantzi handia izan du Euskal Herrian. Sakratua izan da. Erabilera asko eman zaizkio. Baina, era berean, haritza bihurtu dugu euskaldunok gure zuhaitz enblematikoa, eta lizarra haren itzalpean geratu da. Horregatik, kultura hori berreskuratu nahi izan dugu», dio Sarriegik. Geologian arbela iruditzen zaie bazterketa eta apaltasun hori ordezkatzen duen harria. Hala, bi elementu horiekin osatu dute lorategiaren gehiengoa. Ideia garatzen ari zirela hil zen Mikel Laboa. «Euskal musikan bera izan da apaltasun horren isla». Hori horrela, oharkabean, Laboari eskainitako omenaldi bihurtu dute. Halaber, hil berri den Karlos adiskide eta taldekideari ere eskaini diote.Anouk Vogel.Cacticity lorategiaren sortzailea
«Ikusteko objektu bat egin nahi izan dut: sinplea»
I. Maruri. BilboGaraiera desberdina duten kaktusak elkarren ondoan kokatu ditu. Espezie berekoak dira guztiak. Orotara, 828. Epaimahaiak lehen saria merezi duela ebatzi du, baina ez aho batez. Antonio Gala epaimahaikide eta idazle espainiarrak, adibidez, erabakiarekin ez duela bat egiten adierazi du. Anouk Vogel, baina, oso gustura dago uhinez betetako alfonbra dirudien lorategiarekin.
Zertan oinarritu zara lorategia sortzerakoan?
Ez nekien zehazki lorategia non jarri behar nuen, ezta inguruan zer zegoen ere. Eta beste baldintza bat ere baneukan. Nik aukeratutako landareak bi hilabete irauteko gai izan behar dira, denbora horretan egongo baitira leku horretan. Horregatik egin dut kaktusen aldeko hautua. Bururatu zitzaizkidan aukeren artean kaktus hau aproposena dela pentsatu nuen.
Sortu duzun egitura nahiko sinplea da. Kolore bakarreko lorategia da, gainera. Zer dela eta?
Gehienek kolore askotako lorategiak sortzearen aldeko apustua egin dute. Nik nahiago izan dut zerbait sinpleagoa egin. Ikusteko objektu bat sortu dut. Zerbait uniformea, batua, osatua bilatzen nuen. Horretarako, landare bakarra erabiltzea ezinbestekoa iruditu zait.
Irabazle zaren heinean Bilborako lorategi bat sortzeko aukera emango dizute. Pentsatu al duzu zer egingo duzun?
Lorategia sortu behar nuen ingurua ezagutzen ez nuen modura, hiriko gainontzeko txokoak ere ez ditut ezagutzen. Aurrenekoz nago Bilbon, eta ez dut askorik ezagutzen. Egunotan ez dugu askotarako astirik izan. Ikusi egin beharko nuke zer dagoen, eta behin gutxieneko ezagutza hori izanda zer egin daitekeen aztertu.
Zer iritzi duzu Bilboko Lorategia lehiaketaren inguruan?
Oso pozik nago parte hartzeko aukera izan dugulako. Proiektua aurkeztu genuenotatik sariketan parte hartzeko aukeratuetako bat izan ginela jakin nuenean izugarri poztu nintzen. Maila handiko lehiaketa da, eta irabazi izanak asko esan nahi du guretzat.
Honen pareko beste lehiaketaren batean parte hartu al duzu?
Suitzan, Frantzian, Lituanian... Orotara zortzi lehiaketatan parte hartu dut, eta guztietan lehenengo saria eskuratu dut.