Lurramak ostiralean ireki zituen ateak. Aurten 70 etxalde dira mozkinak salgai ezarri dituztenak, kontatu gabe kabalen erakusketan parte hartzen dutenak. Jendearen partetik, erantzuna ez da apalagoa izan. Ostiralean berean, sei mila lagunek baino gehiagok bisitatu zuten Lurrama, abantzu erdia haurrak zirelarik. Aisialdi egiturek beso zabalik hartu dute ekimena, eta talde bisita ugari egin zituzten. «Lurramak tokia hartu du hiritarren egutegian, urteroko bilgune bihurtu dute», dio Maryse Cachenaut Lurramako presidenteak.
Larunbatak bisita lasaitasun osoz egiteko parada eskaintzenzien familiei, eta eguerdirako mundu bat zebilen ikuskizun batetik bertzera. Zirkuko balentriek haurren harridura eragiten badute, etxaldeko animaliek ez dute gutxiago lortzen. Haiek izan ziren haurren interesa bereganatu zutenak, ez modako ibiltokietako izarrak. Hesi batetik bertzera pasatzen zituzten animaliak, eta jabeak, azalpen xumeak ematen zituen.
Panpi Sainte-Marie Landibarreko laborariak euskal arrazakoa deritzon txerria aurkeztu zuen. Txerrama, eta zortzi kume. «Hamar sortu ziren, baina bi hil ziren, amak nahi gabe zapalduta». Hiru asteko txerritxoak ikusirik, etengabeak ziren haurren galderak. «Lau urte ditu txerriak, zahartzen hasia dago». Sainte Marieren azalpenek etxaldeko zikloen bertze errealitate bat erakutsi zien hiriko haurrei. Jakin zuten hiru hilabetez egonen zirela etxeko kortan, eta ondoren urte osoa kanpoan.
Mugerreko Oltzomendi familia kabalen erakusketatik, asto eta zaldi txikien gunera zihoan. Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganbera sostengatzera zetorrela adierazi zuen Pierre Michel aitak. Haurrek, aldiz, bertan ikusitako animaliak zituzten gogoan. «Ardi bilo kizkur bitxi bat ikusi dugu». Eta amari galdetu zioten astoaren uhalak atxikitzen utziko ote zien.
Laborantza iraunkorraren eredua sustatzen du Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganberak, eta ardura hori nabarmen ikus daiteke Lurraman. Eguzki indarra baliatzeko aholku eta teknikak, plastikoaren birziklatzea egoki egiteko aholkuak, hazien hautaketa edo uraren zikloa ziren, bertzeak bertze, eskura zeuden informazioak. Familiak gogotsu zihoazen informazio gune batetik bertzera.
Sabelaren agindua
Etxaldeko mozkinak osagai nagusi bihurtzen dira, bereziki otorduen legeak gosearen ziztada sentitzen duelarik. Atzo eguerdian pintxo lehiaketa izan zen. Epaimahaiak seriotasun aurpegiz ekin zion lanari. Anitzez askatasun handiagoz eta oniritziak ozen adieraziz jan zituzten ostatuetan bildutakoek.
Etxaldearen eginkizuna da tokiko mozkinak etxeetako mahaietara helaraztea. Eta Lurramak kalitateko mozkinez egindako otordu oparoak apailatu ditu. Gaur Ipar Euskal Herriko sukaldari ospetsuenek egindako janaria dastatzeko parada egonen da. «700 lagunentzat bertzerik ez. Ez dira gehiago sartzen gela honetan», zehaztu dute antolatzaileek. Atzoko bazkariak 500 pertsona bildu zituen.
«Jarduerari gazte batek eutsiko ziola jakinez erretiratu nintzen. Beldurtuko nintzatekeen ene artaldea saldu behar izan banu». Artzain baten hitzok, erakusketan irakur zitezkeen; Lurramari esker, hirira hedatu diren arrangurak.
Egitarua
GAUR10:00. Ateen irekitzea.
10:30. Ekoizpenak aurkeztuko dituzte laborariek, kanpoko merkatuan.
11:00. Kabalak aurkeztuko dituztez abeltzainek, Kabalen karpan.
11:00. Mutxiko erraldoia, Trikili Trakala taldeak animaturik, kanpoan.
11:00. Sukaldari handien bazkariaren menuen hautua, Darizcuren gelan.
13:00. Sukaldari handien bazkaria, 30 eurotan, Begiz Begi eta Euski taldeek alaiturik, Saez gelan.
14:00. Haurren animazioak: euskal jokoak Xiba elkartearekin, Zirkoa Oreka elkartearekin, kanpoan.
15:00. Gasna lehiaketaren sari banatzea, Saez gelan.
15:00. Sagar zukua egiteko tailerra, eta dastatzea, Sagartzea elkarteak animaturik.
16:00. Artile-mozte erakustaldia, eskuz eta tresnen bidez, Kabalen karpan.
16:00. Otsagabiako dantzen ikuskizuna.
17:00. Fandango txapelketa.
17:00. Gasna-egite erakustaldia.
18:00. Behi-jeizte erakustaldia, eta esne dastatzea.
18:30. Lurrama 2009 zozketaren emaitzak.
19:00. Ateen ixtea.
Errobi ibaian egin zuten txanpa traineruek Lurramaren deiadarra hirira hedatuz
Estropadaren itolarririk ez zen egon atzo Errobi ibaiko uretan. Ura izan da Lurramaren laugarren edizioko mintzagai nagusia etabertzeak bertze Getxo, Angelu edo Donibane Lohizuneko traineruek, arrangura hori Elkarteen Etxeko gunetik Baionako karriketara hedatu zuten. Merkatu ondoko zubietan trumilka metatu zen jendea. Txalo beroak eskaini zizkieten guztiei, eta bereziki duela bi hilabete osatu zen Ipar Haize traineruari. Neskek berdintasunaren haize freskoa ekarri zioten ikuskizunari.Baserria eta hiria uztartzen dituen elementua da ura eta kirolarien kasuan, uraren kalitatea hurbileko errealitatea da. Horren garrantziaz jabetzeko parada eskaini nahi izan zieten Baionarrei, Lurramarekin bat eginez.
Marc Dufumier.Paris-Grignon laborantza eskolako irakaslea
«Eromenean murgildu gaituzte, baina oraindik zuzentzeko aukera daukagu»
A.R. BaionaIaz laborantzari buruzko mintzaldia ematera jin zen Dufumier. Laborantza Ganberaren eredua txalogarria iruditu zitzaion, eta aurten urrats bat gehiago egin du, Aurtengo Lurramaren aitabitxia izan da. Uraren kalitatea eta laborantzaren eragina aztertu zituen atzo arratsaldean egin zuen mintzaldian.
Ur baliabideen arta eta laborantza ereduen osagarritasuna aipatu dituzu mintzaldian. Bateragarriak dira gaurko laborantza ereduan?
Naturan atzematen den baliabidea da ura, eta, horregatik, guztien ondarea da, bizi iturria izateaz gain. Alta, mundu osoan ur baliabideen %70 laborantzarako erabiltzen dira. Ura berez guztiena bada, uraren eskuragarritasuna aipatzen badugu, eztabaida sortzen da. Ur hori hartu behar da, garbitu behar da, saneamendua osatu behar da, eta horrek dirua balio du. Batzuek, kasu honetan laborariek, ondasun hori kutsatzen dute eta, nire iritziz bederen, ordaindu behar dute kutsatu dutena.
Laborantza industrialak ordaindu behar duela uste duzu?
Bai. Industriak eta, zoritxarrez, laborantzak ere bai, kutsatzen dute ura. Toki batzuetan sobera abere metatzen dituzte. Hor dago Bretainiako adibidea. Gehiegizko txerri hazkuntzaren ondorioz, erauntsia geruza freatikoetara heltzen da. Itsasoan ikusten diren belar horiek dira larritasunaren erakusgarri. Ez dute lastorik baliatzen ongarria egiteko. Aldi berean, Paris inguruan nagusi da laborea. Lasto gehiegi ekoizten dute eta dakite nola kudeatu. Baten falta dutena, bertzean sobera. Pentzeetan nabari da arazoa. Ongarri kimikoak baliatzen dituzte. Lurrak ezin du jasan hori eta errekara doa. Eromenean murgildu gaituzte, baina oraindik hori zuzentzeko aukera daukagu.
Legeen ardura gobernuena da. Eredu aldaketa bultzatu behar dutela uste duzu?
Gobernuek egiten dituzte legeak eta ororen buru, Europak finkatzen ditu irizpideak. Uraren kalitatea eta ustiapena bermatu nahi bada, laborantza ereduak jasangarria izan beharko du. Mendiguneetan gehiago atxiki da eredu hori. Ongarria egiten da gorotza eta lastoa nahastuz. Lurra iraultzen da. Klima aldaketa aipatzen den honetan, laborantza eredua funtsezko eztabaida da. CO2 isuriak apaldu behar dira eta, horretarako, landareen eginkizuna garrantzitsua da. Bioaniztasuna atxiki beharra dago hondamendira ez joateko. Eredu hori sustatzeko nago Lurraman.