EZARIAN. MARRAZOEN BABESA. Harrapariak eta harrapakina

Marrazoaren astea egiten ari dira Donostiako Aquariumean; gehiegizko arrantzak eta, batik bat, 'finning'-ak -marrazoari hegala mozteko jardun debekatua- galtzeko arriskuan jarri ditu marrazo mota ugari. Gure kostaldean bizi dira horietako batzuk.

xabier martin
Donostia
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Literaturak eta zinemakez die mesede handirik egin azken hamarkadetan. Peter Bentchleyren Jaws eleberriak eta Steven Spielbergen izen bereko filmak dute itzal horren ardura, beste edozein obrak baino neurri handiagoan. Marrazoek itsasoko arrain arriskutsu eta oldarkorrenak izateko sona dute aspaldian, baina animalia harrapari gisa eta gizakia harrapakina balitz bezala irudikatzen duen fikzioa ez dator bat errealitatearekin. International Shark Attack Filek, 1907tik mundu zabalean gertatzen diren marrazoen erasoak jasotzen dituen datu baseak, ez du istripurik aipatzen Kantauri itsasoan. Zauriak egon dira inoiz, baina betiere marrazoa arrantzatzen ari zirenen kasuak dira, animalia ontziratzean. Italian, esate baterako, heriotza gutxi batzuk eragin dituzte, eta Australian, berriz, asko; 136ra iritsi zen marrazoen biktimen kopurua urte bakar batean, orain ez asko.

Baina eraso horiek guztiak marrazo jakinek egiten dituzte, batez ere zezen marrazoak (Carcharhinus leucas), tigre marrazoak (Galeocerdo cuvieri) eta marrazo zuriak (Carcharodon carcharias). Euskal kostaldetik urrun bizi dira hirurak. Izan ere, 300 espezie baino gehiago daude munduko itsasoetan, eta soilik %10 jotzen dira arriskutsutzat. Gainera, marrazo batek gizakiari eraso egiteko baldintza ugari bete behar dira. Hots, oso gutxi dira marrazoen erasoak mundu osoan.

Arriskua, beste norabidean

Alderantziz, ordea, ez da batere zaila erasoak gertatzea; izan ere, eguneroko bihurtu da jadanik. Gizakia gogor erasotzen ari zaio marrazoari azken hamarkadetan. Hori dela eta, hainbat elkartek marrazoen aldeko kanpainak abiatu dituzte azken urteetan. Save Our Seas fundazioa eta Shark Alliance, esaterako, horretan dabiltza. Donostiako Aquariumek erebat egin du ekimenarekin, eta urriaren 9tik 17ra Marrazoaren Astea antolatu dute. Tailer batzuk eta bisita gidatuak eskaintzen ditu Aquariumak, baina sinadura bilketa da garrantzitsuena, agian. Bruselara igorriko den eskakizun jakinen aldeko mahaia paratu dute sinadurak biltzeko. Marrazoek babes handiago ukan dezaten nahi dute.

Negozio kontua da, ez alferrik. Marrazo hegalaren zopa Txinako jaki preziatuenetakoa da, eta horrek merkatu beltz handia eragin du marrazoen hegalen inguruan. Finning praktika -marrazoari hegala moztu eta arraina itsasora botatzea- debekaturik dago legez ia mundu osoan, baina arautegiari izkin egitea ez da oso zaila Europako zenbait herrialdetan. Eta emaitza argia da: jatetxe txinatar on guztietan marrazo hegalaren zopa aurkituko du bezeroak menuan. Plater goxoaren ifrentzua hegalik gabe igeri ezin duen marrazo kondenatua da sarritan.

Baina arazo hori larria izanik ere, ez da bakarra marrazoen arrantzaz zerbait esan behar baldin bada. Gure kostaldean ere marrazoak arrantzatzen baitituzte, alegia, ez finning-a egiteko, arrain osoa saltzeko baizik. Urte bakar batean, Kantauri itsasoan, 2.000 tona marrazo, arraia eta familia horretako beste espezie batzuk arrantzatu izan dituzte hamarkada honetan. Presio horrek baditu bere eraginak noski: marrazoen kopurua gutxitzen ari da ozeano guztietan. Bizkaiko Golkoko egoera aztertzeke dago. Ez alferrik, gure kostaldean ere marrazoen arrantza esanguratsua da. Harrapatzen diren marrazo gehien-gehienek gizakia baino neurri txikiagoa dute; batzuk esku bakar batean sartzen dira.

Dinosauroen aurrekoak dira marrazoak, duela 400 milioi urtekoak, baina gaur egungo gehiegizko arrantzak galtzeko arriskuan jarri ditu espezie ugari. Gainaldeko tretzak baliatzen dituzte arrantzontziak dira marrazo gehien harrapatzen dituztenak. Berdela duten mila amu daramatza tretzak, gehienez 20 metroko sakoneran. Marrazo pelagikoak nahasten dira han, esaterako tintoletak edo marrazo urdinak (Prionace glauca) eta hiru motatako jibartak (Isurus oxyrinchus).

Arraste arrantzan ere harrapatzen dituzte euskal kostaldean. Oilar eta legatzekin batera, katuarrainak, momak eta lixak ere (Scyliorhinidae familiakoak) sartzen dira. Osorik saltzen dituzte lonjan, hegalekin noski. Gibelak ere gordetzen dira, farmazia eta kosmetika industrietan erabiltzen baitute gibelaren olioa.



Bizkaiko Golkoko marrazo espezie batzuk

ARRISKUAN DAUDE

Itsas azeria (Alopias vulpinus)

Marrazo grisa (Carcharhinus longimanus)

Marrazo erraldoia (Cetorhinus maximus)

Hortz-txirrikia (Dalatiaslicha)

Tigre marrazoa (Galeocerdo cuvieri)

Aigeru guardakoa (Squatina squatina)

Gelba (Galeorhinus galeus)

Marrazo muturmotza (Lamna nasus)

Garda (Hexanchusgriseus)

Tintoleta (Prionace glauca)

Lixa (Scyliorhinus canicula)

Momarra (Scyliorhinus stellaris)

Mielga (Squalus acanthias)

Katuarraina (Scyliorhinus licha)

Marrazo muturluzea (Isurus oxyrinchus)





Amalia Martinez de Murgia.Aquariumeko biologoa

«Marrazoen portaera ez dafilmek islatu dutena»

X. Martin. Donostia

Euskal kostaldeak babes handiagoa beharko lukeela uste du Amalia Martinez de Murgiak, Donostiako Aquariumeko biologia ataleko zuzendariak. Miarritzetik Donostiara joango litzatekeen itsas korridore babestuaren ekimenarekin bat dator: «Ideia ona da».

Marrazo espezie batzuk badira gure uretan. Akaso jendeak uste duen baino gehiago, ezta?

Musola, alitan eta katuarraia hor dira, adibidez. Hirurak ditugu Aquariumean, eta hiruekin lortu dugu birsortzea. Bizkaiko Golkoan marrazo urdina ere ikus daiteke; izugarri polita da. Pelagikoa da, itsaso zabalean dabil, eta ez da lortu aquariumetan bizirik luze mantentzea. Dezente daude.

Kantauri itsasoan behera egin du marrazoen kopuruak?

Ez daude datu zehatzak, baina munduan oso argia da kopurua gain behera doala.

Marrazo erraldoi bakan batzuk ikusi izan dira azken urteotan. Seinale ona izango ote da?

Oraindik ere ikusten dira batzuk. Guk ikusi ditugu hemen bertan, Donostian. Badian sartzen dira babes bila. Uste dut iaz sartu zela bat, baina ez da ohikoa. Izugarri handiak dira, baina baketsuak. Planktonarekin elikatzen dira.

Jibarta ez da erraldoia bezain handia, baina agian Kantauri itsasoan dabilen arriskutsuena izango da, ezta?

Beharbada bai. Neurri errespetagarriak ditu, eta arriskutsua da. Nik bakarra ikusi dut, eta errespetua ematen du. Dena den, zaila da kostaldean ikustea. Eta, oro har, esango nuke zaila dela ia edozein marrazo ikustea. Gizakia ikustean, zerbait arraroa ikustean, alde egiten baitute normalean. Fama txarra dute, baina marrazoen jarrera ez da filmek islatu dutena, oso bestelakoa baizik. Spielbergen film ezagunak ez zien ezertan lagundu.

Gure kostaldean, gainera, ez dago marrazo zuri izugarririk, ezta?

Ezetz esango nuke. Mediterraneo itsasoan bai, ordea. Han ikusi izan dituzte, eta kostaldetik oso gertu, gainera. Orain gutxi egon zen kasu bat: atun haztegi batean sartu eta triskantza handia egin zuen batek.

Hala atzerrian nola etxean harrapatzen dituzte marrazoak. Zein marrazo ikusten dira hemengo lonjetan?

Nik uste dut katuarrainak direla gehienak. Algarven (Portugal) marrazo urdin bat ere ikusi nuen lonja batean. Espezie horiek harrapatzea ez dago debekatua, hala ere.

Baina bai finning esaten dioten jarduna, marrazoari hegala kentzea, marrazo hegal zopa egiteko osagai gisa saltzeko.

Hori era bat debekaturik dago. Basakeria hutsa da. Hegala kendu eta animalia berriro itsasora botatzea izugarria da, arrain horrek ezin duelako igeri egin. Heriotza segurua da.

Gure kostaldean hori egiten denik ba al dakizue?

Nik ez dut ikusi.

Baina susmorik baduzue?

Nik ez dut susmorik; bakarrik diot astakeria hori tamalez nahiko zabaldua dagoela, eta normalean itsaso zabalean egiten dela, ezkutuan. Badakizu marrazo hegal zopa oso preziatua dela Txinan; ia derrigorrezkoa da plater hori festa handietan.

Hegalaren merkatu beltzak ondo funtzionatzen du, orduan?

Ez dakit beharrezkoa ote den merkatu beltzean aritzea; izan ere, edozein jatetxe txinatarrera joan eta han aurkituko duzu zopa hori. Arautegia zorroztasunez betetzen den jakin beharko genuke aurrena.

Aquariumaren sarreran sinadura mahai bat jarri duzue. Zer eskatzen ari zarete?

Europako Legebiltzarrera igorriko den idatzia da. Arautegi zorrotzagoa eskatzen da, gogorragoa batik bat finning-aren aurka.

Miarritzetik Donostiara joango litzatekeen 27.000 hektareakoitsas eremua babestea proposatu dute. Euskal kostaldea nahikoa babesturik dago?

Babes handiago behar dugu. Zenbat eremu babestu ditugu ba? Uste dut Miarritzetik Donostiara babestuko litzatekeen itsas eremuaren proiektua oso ona dela. Ekimen zoragarria iruditzen zait. Gure itsasoan espezie ugari daude, eremu desberdinetan. Kontua da argi gutxi dugula, eta gure itsasoa iluna dela. Eta horregatik eduki dezake norbaitek gauza handirik ez dagoelako ideia. Baina ez da horrela. Aberastasun handia dugu.

Erakundeek proiektu horren alde gehiago egin beharko lukete?

Baietz esango nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.